Gerrako gogoetak bizi eta gorde

36ko gerran euskal frontearen defentsarako gune garrantzitsua izan zen Intxorta. Inguru hori ezagutzera emateko ibilbidea egin dute; orduko lubakiak berreskuratu dituzte.

Askoren memorian gordeak izan dira gerrako kontuak, batzuek eurek bizitakoak eta besteek arbasoei jasotakoak. Isiltasunak gorde ditu gertakari asko, baina gordelekutik atera, jakitera eman eta gudariak gorde ziren tokia bertatik bertara ezagutzeko garaia heldu da. Elgeta (Gipuzkoa) matxinoen esku gelditu zen 1937ko apirilaren 24an. Intxortan erresistentzian zeuden gudariek sekulakoak jasan behar izan zituzten; hegazkinen eta artilleriaren bonbardaketak, kasurako. Baina frankistek ezin izan zituzten hango lubakiak gainditu. Ondorioak, ordea, elgetarrek ere pairatu zituzten; besteak beste, bortxaketak eta erailketak.

Horren guztiaren berri emateko, ibilbide historikoa egin dute Intxortaren magalean eta errepublikanoek eta nazionalistek defendatu zituzten lubakiak berreskuratu dituzte Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak elkarlanean. «Espainiako gerran Intxortako fronteari izan zuen garrantzia aitortzeko hasi da proiektu hau. Nolabait, nahi dugu ezkutatuta egon den historia berreskuratzea eta hainbeste sufritu zutenak gogora ekartzea; espero dugu egunen batean erakundeen aldetik iritsiko dela egindako kaltearen ordaina», dio Oxel Erostarbek, Elgetako alkateak.

Izen guztiak, aurpegi guztiak

Bost kilometro inguruko ibilbidea da, gorabehera handirik gabea eta erraz ibiltzeko modukoa, informazio panelekin jantzia.

Elgetako Espaloia kafe antzokian hasten da ibilbidea, han baitago harrera gunea. Erakusketa bat jarri dute, eta han ikus daitezke frontea egon zen tokiko maketa bat, lubakien ingurua garbitzean aurkitu den materiala edo haien antzerakoak (armak, lehergailuak, metraila zatiak, kaskoak, plater, koilara eta zartagin herdoilduak…), orduko egunkariak, banderak… 36ko gerra oroitzeko eta oroitarazteko. Irudiek eta hitzek ere badute beren tokia. Izan ere, hogei minutuko bideo bat prestatu dute historia kontatzeko, eta, horretarako, gerra bizi izan zuten hainbat lagunen lekukotasunak baliatu dituzte. Bestalde, Izen guztiak, aurpegi guztiak ekimena jarri dute abian gerran hil zirenei, eta erail eta fusilatu zituztenei aurpegia jartzeko. «Irudi muntaketa batean jaso nahi dugu izen bakoitzari dagokion argazkia. Guztira 13.000 dira izenak eta 800dik gora argazki jaso ditugu. Orain, jendeak gure eskuetan jarri ahala gehituz joango gara. Argazkiak ez ezik, norbaitek material interesgarria ekarriko balu, erakusketa osatuko genuke», azaldu du alkateak.

Harrera gunean hasi eta ibilbidean barrena hainbat informazio panel jarri dituzte; bakoitzean, gune horretan gertatuak azaltzen dira, Intxorta 1937 kultur elkarteak egindako informazio eta material bilketaren ondorioz jasotako irudiz lagunduta.

Zalbide/Atxiluan dago lehen panela Azkonabitzako eta Elgetako frontearen kokagunean. Elgetako sektorea fronte zabala zen oso : Bergarako (Gipuzkoa) Basalgo auzo gainean hasi eta Asentzioraino, lehenengo lubaki hesia egin zen lekuraino, eta hortik, mendi artetik, Añabarretaraino.

Asentzioko gainean dago bigarren panela, faxisten lubakien azalpenak emateko.

Lehen lubaki lerroa

Hirugarren panela Asentzioko ermitan dago. Gipuzkoan garaituak izan ziren miliziano eta gudariak lubaki hesian presaka berrantolatu ziren, eta beraien guneei gogor eutsi zieten. Asentzioko bidegurutzean dago lehenengo lubaki lerroa, 1937ko udaberrian eraikia. Iparraldera, Elgeta herrira begira dago, eta lubaki hesiaren atzeko aldea 15 metrora zeuden lubakien jarraipena da; gaur egun, desagertuta daude, ordutik hona mendian egin diren lanengatik. Lubakiak 80 metroko luzera du, zuzena da, eta erdian metro erdiko zabalerako korridore estu bat du. Tiratzaileentzako habiak ditu, horietako bakoitzean bi tiratzailerentzako lekuarekin. «Lubakietan ikus daiteke nola dauden markatuta tiroko guneak, zuloak, alegia, eta jendeak barrura sartzeko aukera ere badu. Zaila da irudikatzea eta soldaduen lekuan jartzea, baina pentsatu behar da neguan egon zirela han, oso haizetsua den tokian», dio Oxel Erostarbek.

Partaittirako bideko lubaki hesian jarri dituzte hurrengo bi panelak. Hor egon zen lehenengo babesleku pasiboa. Aurrera jo eta zazpigarren gunera iritsiko dira ibiltariak. Aurrealdean alanbrea zuen bigarren lerro gotortu horrek belgikarren kokaguneko metrailadore-habia babesten zuen. Lubakiak 160 bat metro ditu eta arku ireki itxurakoa da, metro inguruko zabalerakoa tiratzaile banarentzako lekuekin. Belgikarren kokagunea gain batean ikus daiteke. Izen hori dagokio, faxisten aurka borrokatzera etorri ziren lehenengo atzerritarrak belgikarrak izan zirelako; metrailadore astuna ere eraman zuten Elgetara. Metrailadorearen guneaz gain, haren ondoan, belgikarren kokaguneko babesleku pasiboaren hondakinak daude. Lautadatxo horretan, 1937ko udaberrian, hegazkinen bonbardaketaren aurkako babeslekua eraiki zen soldaduentzat.

Asentzio inguruak utzi eta herrirako bidea hartuta, Antsuategi Baztarrekora iristen da ibilbidea, hirugarren babesleku pasibora. Han berreskuratu zituen Aranzadi Zientzi Elkarteak, 2004an, erail eta lurperatu zituzten sei milizianoren gorpuak, Biktor Garai Aranzeta elgetarrak emandako azalpenetan oinarrituta. Ibilbidea, Salbador ermitan, eraildako zibilen omenezko monolitoa dagoen tokian amaituko da.

Historia gogoratu eta ibilaldia eginez Intxorta magaleko parajeez goza daiteke; esaterako, La Belga gunetik inguruko mendien ikuspegi zabala dago. Orduko lubakiak berreginda edonork bisitatzeko gertu badago ere, oraindik lanak ez dituzte guztiz amaitu. «Sasiak hartutako gune batean babesleku bat zegoen, eta hori garbitzeko asmoa dago, mahairen batzuk ere ipini nahi ditugu… Baina udarako, jendea gerturatzeko sasoi egokia izanik, prest egongo da». Baliteke gerturatzen direnek oraindik han dauden metraila zatiak aurkitzea; joan zen astean hamar kiloko bonba bat aurkitu zuten. Gerrako sufrimendutik gozamenera; arbasoek bizi izan zituzten une gogorrak modu arinean jasotzera eta guda garaiak gogoratzera joateko leku aproposa da Intxortaren magala.

 

Felix Aranzeta.

Elgetarra

«Ez naiz inoiz izan erreboltaria; asko sufritutakoa, bai»

I. Agirreazaldegi.

Irun

Gerrak Elgetatik Elorriora (Bizkaia) eraman zuen Felix Aranzeta (Elgeta, Gipuzkoa, 1922) umetan, baina jaioterrira itzultzeko aukera ere izan zuen. Ondoren, lanak Irunera (Gipuzkoa) bideratu zuen, eta han bizi da, Julia Gaztelu emaztearekin. Orain dela gutxi arte atera ez dituen idatzietan jasotako gerrako kontuak izan ditu ahotan, pausoak denboran atzera emanda. Bizipen gogorrak, baina gogoratu beharrekoak.

Gaztea zinen frontea Elgetan sartu zenean. Nola gogoratzen duzu?

Frontea sartu zenean hondamena zen Elgeta. Dena puskatuta zegoen; ikusten zituzten gizon guztiak, alondegian sartu zituzten preso, kartzelarik ez baitzegoen herrian; emakumeak, berriz, mendira edo basora joan ziren ihesi… Elgetan mairuak sartu ziren carta blanca-rekin, nahi zuten guztia egiteko baimenarekin, eta hala egin zuten nahi zutena.

Zuek ere ihes egin zenuten, ezta?

Gure baserria, Urrejalegi Zaharra, fronte bien erdian egonda, ez zegoen han gelditzerik. Baserria oraindik zutik dago, baina ikus daiteke nola zulatu zituzten ateak eta. Elorrioko Berrio auzora ihes egin behar izan genuen. Zorte handia izan genuen, emakume batek bere etxea utzi baitzigun belar eta egurrarekin; ganaduentzat tokia zegoen, baita baratza ere. Bigarren egunerako, andreak berak egindako ogia ekarri zigun.

Denok egin genuen ihes. Aranburu baserrian bazen familia bat, eta etxekoandreak Albistegi baserri aldera egin zuen ihes, alabak hartuta; auzo errota zegoen han, eta hara joan zen mairuak agertuz gero uretara salto egingo zuelakoan, baina ez ziren hara iritsi.

Gero, Elgetako plazan agertzeko abisua jaso zenuten. Zertara, ordea?

Han esan zioten aitari egunero Elgetara lanera joan beharra zegoela, baina etxean bazen nahikoa lan, eta aitak ni bidali ninduen. Ukuiluetan ganadua usteltzen ari zen, eta herritar batzuekin batera haiek garbitzen aritu nintzen. Lanean nenbilela, Uberako aitona batek txapel gorria jantzi zidan, eta emakume batek kargu hartu zidan, ea ni ere beste aldera pasatu ote nintzen galdetuz. Orduan ere ezin ezer erantzun, eta isilik egon behar. Erreboltaria ez naiz sekula izan, baina asko sufritutakoa, bai. Gogoan daukat nola lepoan erlakiztenak izaten nituen, eta ukendu bat emanda zapi bat jartzen nuen; egun batean Elgetako errekete bat etorri eta ezan zidan: ‘Hotzak bazaude, nik berotuko zaitut’.

Herriko lanak amaituta, dena ez zen bukatu ordea.

Teilatua konpontzen ari ginela, egun batean hiru gizon etorri ziren, erreketeak, bat Uberakoa eta beste bat Elgetakoa, korta erakutsi behar geniela esanez. Han behia eta txahala geneuzkan. Errepublika garaian euskal gobernuak agindu zuen ganadu guztia Bizkaira pasatzeko, baina Elgetako baserritar batzuek lortu zuten esnetarako behi bat gutxienez uztea baserri bakoitzean. Txahala markatu zuten, eta handik hamar egunera Elgetan entregatu genuen. Hori, gurean; baina Uberan, gau batean, apaiza eta beste bi dirudun bahitu zituzten falangistek, eta Intxorta aldera eraman. Han hil behar zituztela eta, apaizak oliadura eman zien, baina gero beste leku batera eraman eta azkenean ez zituzten hil.

Gaur egun garai haiek gogoratuta zer sentitzen duzu?

Amorrua. Lagunak hilda, familiak deseginda, etxe denak puskatuta, etxean ikusitako guztia… Gure etxea fronte bien erdian zegoen, eta gu etxean ez ginela miatu zuten.

Tiro hotsak barru-barruan sartuta gelditu zaizkigu. Bergaratik Elorriora kanoikadak bota zituzten, eta gure etxe gainetik pasatzen ziren. Aurretik hegazkin bat pasatzen zen eta badirudi haiek esaten zietela nora bideratu. Aita eta lagun bat buelta bat egitera atera ziren behin Berrion, eta Bergaratik botatako kanoikada bat erori zen euren ingurura, eta aita zauritu zuen eta laguna hil. Orduan, hala ere, badirudi ez ginela jabetzen zer gertatzen ari zen, gaztetxoak ginen eta. Egun batean, Elgetatik Bizkai aldera gindoazela, hegazkin batetik bonba bat bota zuten, eta guk hartu eta arrastaka eraman genuen, ia ohartu gabe nolako kaltea egin ziezagukeen, anaiak kargu hartu zigun arte.

Ikusi dituzu Intxortaren magalean lehengoratutako lubakiak?

Bai, joan zen igandean izan nintzen han, Asentzio inguruan, eta dena txukun jarri dute, orduan dena zen basoa. Berandu bada ere, egin beharrekoa da memoria historikoa gogoratzeko lana. Lehenago ezinezkoa zen. Isilean gorde izan da dena, horretaz berbarik ere ezin zen egin eta.

 

Berria-k argitaratua