Lehen Mundu Gerraren amaieran, olatu iraultzaile bat zabaldu zen Europa osoan zehar. Herrialde askotan, gerraren zentzurik gabeko sarraskiaren aurka matxinatu zen jendea. Austrian (1917) eta Italian (1918-1920) matxinoek ezarritako ordenaren erronkari emandako erantzuna ez zen behar bezain indartsua izan eta, ondorioz, ezin izan zuten faxismoaren kontrarreakzioa gainditu. Alemaniako iraultza (1918-1919) gobernu sozialdemokrata batek erreprimitu zuen, desmobilizatutako armada alemaniarretik kanpo milizia profaxistak erabiltzera jo zuena. Alemaniako armadako unitateek ere parte hartu zuten Finlandian 1918an, gerra zibilean botere oreka eskuinmuturrerantz makurtzeko. Ez zuten arrakastarik izan Baltikoko herrialdeetan, non milizia nazionalistek eta sozialistek, britainiar, frantziar eta finlandiar laguntzarekin, hiru estatu independente ezarri baitzituzten, 1939an Stalin-Hitler ituna sinatu zen arte iraun zuena. Hungariako iraultza (1918-1920) errumaniar armadak garaitu zuen, kapitalismo osoaren bizkartzain bezala jardunez. Errusian 1917ko otsaileko Iraultza Errusiako tsarrak egindako politikaren aurkako erreakzio gisa jaio zen. Honek, Lehen Mundu Gerran parte hartzeko zuen obsesio belizistak, herritarrei sekulako galerak eragin zizkiena, eta erreforma politiko liberalak emateari uko egin izanak, azken hondamendira eraman zuen. 1917ko otsaileko Iraultzak 1917ko Errusiar Iraultzaren lehen etapa markatu zuen, Nikolas II.a tsarraren abdikazioa eragin zuen, errusiar monarkiari amaiera eman zion eta behin-behineko Gobernu bat eratu zuen.
Georgian iraultza oso bestelakoa izan zen beste edozeinen aldean. Alderdi sozialdemokrata sendo batek zuzendu zuen, georgiar mentxebikeek, herritarren babes izugarriarekin. Nortzuk ziren mentxebikeak? Mentxebikeen eta boltxebikeen arteko banaketa, biak Errusiako Alderdi Sozialdemokratako kideak zirenak, 1903an hasi zen. Mentxebikeek alderdiaren lerroak zabaltzearen aldeko apostua egin zuten, estratu zabalagoak erakarriz, baita burgesia liberalarekin elkarlanean egindako erreforma politiko mailakatuak ere. Vladimir Lenin buruzagi boltxebikearen iritziaren aurrean ere ezkor agertu ziren, alderdiak erakunde txiki aurreratua izan beharko lukeela eta indarkeria politikoaren defentsan zituen argudioak. Georgiako sozialdemokraziaren sustraiak Europan zeuden. Georgiako mugimendu sozialdemokratako buruek Errusian eta Europan hezitako intelektual georgiar europartuaren berdintasun, autodeterminazio, demokrazia eta eskubide zibilen ideiak xurgatu zituzten. 1890eko hamarkadan, Georgiako marxista gazteak Europara joaten ziren Alemaniako eta Austriako alderdi sozialdemokraten bilera eta hitzaldietara, Frantziako sozialisten eztabaidetara. Bestalde, II Internazionalaren kongresuetan parte hartu zuten eta Europako sozialismoaren pertsonaia nagusiekin korrespondentzia izan zuten, Jean Jaures, Eduard Bernstein eta Karl Kautsky kasu.
Beraz, Georgiako mentxebikeek lehen estatu sozialdemokrata ezarri zuten Europan. Ez zen gerra zibilik izan, Georgiako mentxebikeek errepublika demokratiko bat ezarri zuten, prentsa askea, sindikatu askeak eta parlamentuan ordezkatutako hainbat alderdi zituena, eta neurri politiko eta sozialak aldarrikatzearen bidez benetako gizarte sozialista bat sortu zuten. Gobernuak konstituzio aurrerakoienetako bat sortu zuen, jabetza pribatua eta zuzenbide estatua bermatzen zituena, lan babesekin eta eskubide sozialekin batera. Askatasun zibil eta politiko zabalak sartu zituen herritar guztientzat, erakunde autonomoen sare berritzaile batekin batera. Hiru urte iraun zuen (1918-1921). Zapaldu zuen kontrairaultza Errusiaren inbasio militar bat izan zen. Ikus dezagun garai horretan izandako gertaeren garapen historikoa.
I-OZAKOM-Osobyi Zakavkazskii Komitet-Transkaukasiako Batzorde Berezia (1917ko martxoaren 22tik urte bereko azaroaren 15ra)
Errusiaren otsaileko iraultzak berehalako ondorioak izan zituen Georgian; Nikolay Nikolaievich erregeorde inperialak Tiflis utzi zuen, eta 1917ko martxoaren 22an Transkaukasiako Batzorde berezi bat ezarri zen (Osobyi Zakavkazskii Komitet, OZAKOM). Batzorde honek Hego Kaukasoko administrazio zibileko organorik altuena zen eta haren osaketa Dumako diputatuen ordezkaritza etnikoaren isla zen. Bere eginkizunak betetzean, OZAKOM-ek ez zuen kontuan hartzen eskualdeko sozialdemokrataren nagusitasuna, ez eta Georgiako herritarren iritzia ere. Honen ondorioz, georgiar biztanleriaren gehiengoak haren abolizio-eskaera eragin zuen. Bestalde OZAKOM, Errusiako beste gobernu erakundeak bezala, oposizio erradikalenaren presio izugarriaren mende zegoen. Georgiako alderdien eskaera nazional bakar bat ere bete ez zuenez, OZAKOM deslegitimatuta geratu zen jendearen aurrean. Denbora tarte horretan, Georgiako eliza ortodoxoak bere autozefalia aldarrikatu zuen, eta intelektual georgiarrak beren exilio europarretatik itzuli ziren herrialdearen berpizkunde kulturala hasteko.
II-Transkaukasiako Komisariotza (1917ko azaroaren 15etik 1918ko apirilaren 22ra)
1917ko urrian, Errusian, boltxebikeek, Lenin buru zutela, kolpe bat eman zuten eta behin-behineko Gobernu legitimoa eraitsi zuten. Iraultzak kaosa eta gogorik eza eragin zituen Kaukasoko gerra-fronteko tropetan. 1917an, errusiar armada lardaskatu zen, soldaduak desertatu eta etxera joan ziren, Kaukasoko gerra-frontea erabat suntsitua geratu zelarik. Gauzak horrela, Kaukason alderdi politiko eraginkorrenek (sozialdemokratak, sozialfederalistak eta demokrata nazionalak) ez zuten sobietar gobernua onartu, eta OZAKOMek, behin-behineko gobernu zentralak izendatuta, agintea galdu eta bere jarduerari utzi zion, hitz batez, desagertu zen. Argi zegoen gobernu sobietarra saiatuko zela Transkaukasian zuen boterea zabaltzen, eta eskualdeko agintari berri bat izendatzen. Egoera horretan, georgiar sozialdemokraten ekimenez, Transkaukasiako indar politikoek gobernu zentralaren gidalerroei aurrea hartu zieten eta 1917ko azaroaren 15ean, eskualdeko botere-organo berri bat, Transkaukasiako Komisariotza, Tbilisin lanean hasi zen. Komisariotza honek georgiar mentxebikeak, sozialiraultzaileak, armeniar dashnakak eta azerbaijandar musulmanak biltzen zituen. Biltzar legegilea Transkaukasiako Sejm-a zen. Transkaukasiako Komisariotzak Sobietar Errusiarekiko eta Boltxebike Alderdiarekiko hartu zuen jarrera, erabat kontrakoa izan zen.
Georgiar askok, Iliá Chavchavadzeren ideien eraginpean, herrialdearen independentziaren alde egiten zuten. Georgiako Eliza Ortodoxaren zaharberritzearekin eta Tifliseko Unibertsitatearen sorrerarekin, iratzartze kultural nazionala indartu zen. Aldiz, georgiar mentxebikeek Errusiatik bereiztea defendatzen zuten iraultza boltxebikearen aurkako aldi baterako urrats bezala, eta Georgiaren independentziarako deiak txaubinismotzat hartu zituzten. Argi zegoen irizpide-ezberdintasunak handiak zirela georgiarren beraien artean, baita hauen eta beren armeniar eta azerbaijandar auzo-gobernukideen artean ere.
1918ko otsailaren 12an, Transkaukasiako Sejm deitu baino bi aste lehenago, Turkiako tropek, Kaukasoko Frontearen kolapsoa aprobetxatuz, eskala handiko erasoaldia egin zuten Erzurum, Van eta Primorskyren inguruetan. Transkaukasiako Sejm-en lehen bileran (otsailak 23), eztabaida sutsu bat izan zen Kaukasoko independentziaren eta Turkiarekiko harremanen inguruan, eta honako ondorio hauek atera ziren: Sejm-a baimendutzat jotzen zen (Moskuren oniritziaren zain egon gabe) Turkiarekin akordio bat lortzeko, eta, beraz, azken su-eten bat amaitzeko negoziazioak hasi ziren. Bake itunak gerra hasi aurretik zeuden Errusiaren eta Turkiaren muga berrezartzean oinarritu beharko zuen.
Baina Errusiak Alemaniarekin, eta honen aliatu Turkiarekin, izandako negoziazioak tartekatu ziren (Brest-Litovsk ituna) martxoaren 3an. Hitzarmenaren baldintzen arabera, Turkiak, Batumi, Kars eta Ardagan eskualdeak jaso zituen Errusiatik, baina lurralde horiek Turkiaren esku uzteko kontua ez zuten adostu Transkaukasiako Komisariotzarekin. Bestalde, Turkiari transferitutako eskualde horietan georgiar eta armeniar populazioaren gehiengoa bizi zen. Ondorioz, Transkaukasiako Sejm-ek Turkiaren eskaerak arbuiatu zituen, eta Errusiako boltxebikeek sinatutako Brest-Litovsk Ituna atzera bota zuten, Turkiarekin gerran zirela adieraziz. Jarraian Turkiako tropak oldarraldira abiatu ziren. Martxoaren 11n erori zen Erzurum, eta apirilaren 13an Batumi. Porrot militarrek bake negoziazioei berrekiteko eskatzera behartu zuten Transkaukasiako gobernua, baina Turkiak Kaukasoko independentzia adierazpen ofiziala egitea eta Errusiatik erretiratzea exijitu zuen.
III-Transkaukasiako Errepublika Demokratiko Federala (1918ko apirilaren 22tik urte bereko maiatzaren 25era)
1918ko apirilaren 22an, Transkaukasiako Sejm-a bildu zen estatu transkaukasiko independente berri baten sorrera aldarrikatzeko, ondoren Turkiaren erasoa gaindi zitekeela pentsatuz, eta Transkaukasiako Errepublika Federal Demokratikoaren sorrera iragarri zen. Otomandar Inperioak berehala estatu berria onartu zuen eta negoziazioak berriz ireki zituen. Konferentziako lehen bileran, turkiar ordezkariek adierazi zuten Otomandar Inperioa jada ez zegoela ados Brest-Litovsk Itunaren bidez lortutako emaitzekin, eta lurralde gehiago bereganatzea exijitzen zutela.
Negoziazioetan agerian geratu zen alferrikakoa zela estatu transkaukasikoaren existentzia. Nazioarteko aliantzak bilatzeko orduan georgiarrak, azerbaijandarrak eta armeniarrak aukera politiko ezberdinei atxiki zitzaizkien. Georgiarrek Alemania aukeratu zuten, armeniarrek Ingalaterra eta azerbaijandarrek Turkia. Alemaniak babesa eskaini zion Georgiari, baldin eta Transkaukasiako Errepublika Federala desagerrarazi eta Georgiak independentzia aldarrikatu bazuen. Kasu honetan bakarrik, Alemaniak bere gain hartuko luke Georgiaren defentsa. Alemaniak ere Georgia babesteko konpromisoa hartu zuen, independentzia aldarrikatuz gero. Beraz, testuinguru honetan federazio transkaukasiar honek bizitza laburra izan zuen, hiru komunitate konfederatuen proiektu mankomunatu bat aurrera eraman ezinaren ondorioz. Maiatzaren 26an, Sejm-ek bere desegitea iragarri zuen. Egun berean, Georgiak independentzia aldarrikatu zuen, Armeniak eta Azerbaijanek maiatzaren 28an.
IV-Georgiako Errepublika Demokratikoa (1918ko maiatzaren 26tik 1921eko martxoaren 18ra)
1918ko maiatzaren 26an Noe Jordania Georgiako Errepublika Demokratikoaren independentzia aldarrikatu zuen parlamentuaren bilkuraren buru izan zen. Jordaniak “Georgiaren Independentzia Akta” irakurri zuen. Legearen lehen artikuluak honela zioen: “Hemendik aurrera, Georgiako herria eskubide subiranoen eramailea da, eta Georgia estatu osoa eta independentea da”…..Azkenean, Georgiako Kontseilu Nazionalak aho batez “Georgiaren Independentzia Legea” onartu eta gero, Kontseilu Nazionalak Georgiako Errepublika Demokratikoko lehen koalizio gobernua aurkeztu zuen. Nabarmentzekoa izan zen 5 emakume zeudela Georgiako lehen Batzar Konstituziogilearen (egungo Legebiltzarra) 130 kideen artean. Emakume aitzindari hauek, oso gogotsu borrokatu zuten georgiarren askatasun nazional eta sozialen defentsan, argi eta garbi kritikatu zuten Errusiaren nagusitasuna eta Georgiaren sobietar okupazioa, eta inbasioari eutsi zioten 1921 ondorengo aroan.
Kontseilu Nazionalaren bilera, 1918ko maiatzaren 26an
1919ko otsailean, hauteskunde orokorrak egin ziren Georgian, eta Alderdi Sozialdemokratak erraz irabazi zituen hauteskundeak, haren buruzagi Noe Zhordania lehen ministro bihurtu zelarik. Sozialdemokraten alderdi politikoa, jendetsuena eta antolatuena, izan zen Georgia independentearen lehen gobernua antolatu zuena. Alderdi anitzeko sistema batean oinarrituta, berriki ezarritako gobernuak Alderdi Nazional-Demokrata, Sozial-Federalista, Sozial-Iraultzailea eta beste erakunde politiko batzuk ere sartu zituen. Ideologia internazionalistaren alde zeuden arren, sozialdemokratak laster banandu ziren euren kide iraultzaile (bai menchevike, bai boltxebike) errusiarrengandik. Beraz, Georgiako Errepublika Demokratikoaren benetako oinarri ideologikoa europar estiloko sozialismo demokratikoa bihurtu zen, errusiar sozialismo ereduarekin kontrastean, eta georgiar gizartearen klase ertainetara bideratua.
1918ko maiatzaren 26an, Noe Jordania Kontseilu Nazionaleko presidenteak Georgiako lehen Errepublika Demokratikoaren jaiotza iragarri zien herritarrei.
Berehala, gobernuak barne eta kanpo arazo larriei aurre egin behar izan zien. Agerikoa zen lurralde historikoari egindako erasoak estatuaren independentzia berrezarri aurretik ere hasi zirela. Eta Georgiaren independentzia lortzearekin batera eraso hauek areagotu egin ziren. Errusiak eta Turkiak irmo babestu zuten mugimendu independentista Abkhazian. Errusia ere osetiar independentisten atzetik ibili zen Hego Osetian. Turkiak Samtskhe-Saatabagon eta Adjaran, independentismoa bultzatu zuen. Turkiak eta Iranek Saingilon (Hereti historikoan). Bide guztietatik Errusia sobietarra eta Turkia saiatu ziren aldez edo moldez mugimendu independentistei izaera etniko edo erlijiosoa ematen. Berez, haien helburua bereiztea zen, Georgiako lurralde historikoa zatitzea, Georgiako herriaren independentzia nahia itotzeko asmoz. Bestalde, Georgiak bizilagunekin zituen harremanak deserosoak ziren. Armeniarekin, Denikinen gobernuarekin eta Azerbaijanekin izandako lurralde lehiek gatazka armatuak ekarri zituzten lehen bi kasuetan. Ikus daitekeenez, Errepublika aldarrikatu berriaren egoera oso delikatua zen baina gobernua airos atera zen kinka larri horietatik eta bere nazio eraikuntzarako programarekin aurrera jarraitu ahal izan zuen. Aipatzekoa da gerra zibilean Georgiaren eta oposizioaren arteko liskarrak lehertu zirela Abkhazian eta Hego Osetian, estatu berrian eman zitzaien autonomia falta gaitzetsi zutelako. Errusiako boltxebikeekin georgiar mentxebikeekin baino afiliazio sendoagoa sentitzean, abkhaziarrek eta osetiarrek ez zuten Georgiako proiektu nazionalean parte hartu nahi izan.
Estatu gaztearen etorkizuneko patua gobernuak aplikatu behar zuten politika sozial eta ekonomikoen emaitzen esku zegoen alderdi askotan. Gobernuaren politika sozio-ekonomikoaren helburua herritar gehienen interesak babestea zen, hau da, inongo klase edo ondaretan ez zentratzea. Politika sozial eta ekonomikoek sektore publiko eta pribatuen garapen ekitatibo eta proportzionala ziurtatu zuten. Lehen Mundu Gerraren osteko egoera sozial tirabiratsuak, egoera ekonomiko zailak, kanpo eta barne politikaren zailtasunek eragozpen handiak sortu zituzten herrialdearen garapen sozial eta ekonomikorako programa gauzatzeko. Krisi ekonomikoaren testuinguruan, enpresa asko itxi egin ziren, langileek beren enpleguak galdu zituzten, eta hori mehatxu larria zen herrialdeko bake sozialerako eta egonkortasun politikorako. Egoera ekonomikoa ere larriagotu egin zen, herrialdeko egoera ezegonkorraren ondorioz, atzerriko kapitalistak georgiar industrian inbertitzera ausartu ez zirelako, bertako burgesiak ez baitzuen arriskatu nahi izan. Beraz, herrialdeko egoera ekonomiko zailak jendearen ongizatea okertu zuen. Gobernuak, egoera honen aurrean, jarrera irmoa hartu zuen, eta nekazaritza erreforma sakon bati aurre egin zion, nekazari pobreei 340.000 akre lur transferitzea ahalbidetu zuena. Gobernuaren politika sozioekonomikoak aurreikusitako neurri asko, denbora eskasia larria zela eta, ezin izan ziren gauzatu.
Karl Kautsky Georgiako sozialdemokratekin, Tbilisi, 1920. Lehen lerroan: S. Devdariani, Noe Ramishvili, Noe Zhordania, Karl Kautsky eta haren emazte Luise Kautsky, S. Jibladze eta R. Arsenidze. Bigarren lerroan: Kautskyren idazkaria, Paul Olberg, V. Tevzaia, K. Gvarjaladze, K. Sabakhtarashvili, S. Tevzadze, Urushadze eta R. Tsintsabadze
Georgiaren nazioarteko errekonozimenduari dagokionez, 1920an mendebaldeko Europako sozialisten ordezkaritza baten etorrera garrantzi handiko eta esanguratsua izan zen Georgiako bizitza politikoan, batez ere georgiar mentxebikeentzat babes politiko handia suposatzen zuelako. Ordezkaritza horretan sozialista ezagunak zeuden: Karl Kautsky, Ramsey MacDonald eta beste batzuk. Ordurako, 1918an, Alemaniak eta Turkiak Georgiaren independentzia aitortua zuten, baina oraindik ez zuten Europako gainerako herrialdeen onarpena lortu, nahiz eta georgiar mentxebikeen orientazio pro-europarra argi eta garbi izan. Ingalaterrak esplizituki adierazi zuen Georgia Errusiarekiko harreman etsai batean balego, ez lukeela Georgia aitortuko. Errusia sobietarrak Georgiaren independentzia onartu zuen 1920ko maiatzaren 7an, eta Tbilisi eta Moskuren arteko itun berezi bat sinatu zen Vladimir Lenin buruzagi boltxebikearen baimenarekin. Akordioak adierazi zuenez, Errusiak Georgiaren independentzia eta nazioarteko zuzenbideko subjektu gisa ere aitortu zuen. Bestalde, Errusiak uko egin zien Georgiaren gaineko bere eskubide guztiei, Georgiako Errepublikaren atzerri eta barne politiketan ez sartzeko konpromiso irmoa hartuz. Horren ondorioz, Ingalaterrak berehala onartu zuen Georgia, eta jarraian gainerako herrialdeek (Frantzia, Italia, Polonia, Txekoslobakia, Japonia….) bat egin zuten.
Halarik ere, Georgiako Errepublikak hasieran arrakasta izan bazuen ere, oso ibilbide malkartsua izan zuen, eragozpenez betea, eta amaiera zorigaiztokoa. Izan ere, 1919an Gobernu boltxebikea Gerra Zibiletik garaile atera zenean, Errusia sobietarra Transkaukasiako estatu independenteak konkistatzeko prestatzen hasi zen. 1920ko azaroan Azerbaijan konkistatu ondoren, Armada Gorriak Armenia erantsi zuen. Georgia larriki mehatxatuta zegoen. Errusiako diplomazia abiadan jarri zen Georgia ito eta azken ezpatakada emateko, ez bakarrik ikuspuntu militarretik. Horretarako errusiarrek senperrenak egin zituzten Georgia nazioartean bakartzeko. Georgia isolatuta geratu zen politikoki eta militarki, inork ez zuen babestu. Georgia isolaturik geratu zenean, errisiarrek erraz inbaditu zuten. Ez Alemaniak ez Britainia Handiak, zenbait etapatan petrolioan aberatsa zen Kaukasoan interesa zutenak, jada ez zuten Georgiagatik arriskatu nahi izan. 1921eko otsailaren 12an, armada gorriak Georgia inbaditu zuen, eta, georgiarrak aurka zeuden arren, errusiar tropak otsailaren 25ean sartu ziren Tbilisin. Georgiako gobernua Batumira aldatu zen. Georgiako Errepublika Demokratikoko Gobernuak eta Asanblea Konstituziogileak erabat bete zuten beren eginbeharra, eta, egoera politiko-militarra zaila izan arren, ez zituzten beren buruak Errusia sobietarraren aurrean makurtu, ezta amore ematea onartu ere. 1921eko martxoaren 17an, Batzar Konstituziogilearen erabakiz, Georgiako Errepublika Demokratikoaren gobernu-kideek Batumi utzi eta erbesteratu egin ziren.
V-Ahaztutako Errepublika baten ondarea
Georgiako errepublikaren independentziaren hiru urteak garrantzi politiko eta kultural handikoak izan ziren. Erreforma ekonomiko eta hezitzaile garrantzitsuak ezarri ziren, mila eskola baino gehiago eraiki ziren, antzoki nazionala berpiztu, Tbilisiko Estatu Unibertsitatea, Opera eta Kontserbatorioa ezarri, Shota Rustaveli Antzokia sortu. Estatu-nazioaren eraikuntzaren arazo korapilatsuenak konpontzeko, Georgiako Errepublikaren gobernuak oso denbora gutxi izan zuen egoera politiko-militar zailean. Hala eta guztiz ere, arrakasta handiak lortu ziren, Georgiako Errepublika Demokratikoaren konstituzioa sortuz. Bestalde, 1921eko Konstituzioa lorpen handia izan zen Georgiako pentsamendu politikoarentzat, garaiko demokrazia aurreratuen esperientzia kontuan hartuta garatu baitzuten. 1921eko Konstituzioak hiru lurralde barrutiak bereizi zituen, barne-arazoetarako autonomia eskubidea eman ziena: Abkhazia (Sukhumi barrutia), Adjara (Batumi eskualdea) eta Saingilo (Zakatala barrutia). 1918ko maiatzaren 26an onartutako “Georgiako Independentzia Legea” eta 1921eko Konstituzioa Georgiako estatuaren independentziaren aldeko borrokarako lege oinarri bihurtu ziren. Gaur egungo konstituzio georgiarrak 1921eko Georgiako Konstituzioaren legatu historiko-legala aitortzen du eta berarekin alderatzeak erakusten du biek azpimarratzen dituztela konstituzionalismo liberalaren printzipioak. Halaz guztiz, Georgia ez zen mentxebike domeinuaren peko paradisu bat izan, baina mentxebikeek ez zuten inoiz baieztatu bat sortuko zutenik. Georgiak herrialde oso pobrea eta azpigaratua izaten jarraitu zuen, eta banaketa etnikoek okerrera egin zuten, bereziki georgiar gehiengoaren eta abkhaziar eta osetiar gutxiengoen artean.
Georgiako Errepublika Demokratikoa desagertu zenetik mende bat igaro da, eta iragandako denbora honek nahikoa perspektiba ematen du errepublika sortu eta aurrera eraman zutenen lana aztertu ahal izateko. Georgiako historiografia garaikidean sozialdemokratek izan zuten papera oso eztabaidagarria da, Georgiaren independentziarekiko zuten jarrera anbibalentea zela eta. Batzuek antipatriotikoak izatea leporatzen diete, beren nortasun nazionala kosmopolitismoaren eta nazioarteko sozialismoaren idealengatik sakrifikatzeko prest. Beste batzuek, aldiz, XX. mende hasierako nazionalismo georgiarraren parte ziren buruzagi marxista gisa ikusten dituzte. Georgiako sozialdemokratek, Marxen jarraitzaileek, ikuspegi bera zuten independentzia nazionalaren aldeko mugimenduei buruz. Uste zuten atzerriko domeinuaren independentzia ez zela berez balio bat, haren balioa, batez ere, zerbitzatzen zituen helburu funtsezkoenetatik zetorrela, eta barne hartzen zutela gizartearen antolaketa zuzena, klase-harremanen aldaketa eta erakunde politikoen demokratizazioa.
Sozialdemokratek saihestu egin zuten nazionalistek independentziarekiko zuten kezka estua, eta giza emantzipazioaren kausa zabalago baten parte izateko nahia adierazi zuten, ez bakarrik georgiarra. Errusiako homologoekin auzi komun bat partekatu zutela uste zutenez, iraultza boltxebikea tragedia bat izan zen haientzat, eta Georgiaren independentzia adierazpena urrats saihestezina baina nahi gabekoa izan zen. Iraupen laburreko saiakera bat egon zen Hego Kaukasoaren barruan batasuna mantentzeko eta Transkaukasiako Errepublika Federal independente bat sortzeko, nazionalisten oposizioaren aurka defendatuz. Baina nazio eta nazioarteko presio gero eta handiagoari amore eman zioten eta sozialdemokratek Georgiaren independentzia aldarrikatu eta nazio demokratiko baten eraikuntza beren lehentasun nagusietako bat zela iragarri zuten. Horrek Georgiako sozialdemokrazia ikuspegi internazionalista batetik nazionalista gehiagora birbideratzea ekarri zuen.
Mentxebikeek, aurreko belaunaldietako “tergdaleulni”-ekin, borroka politikoaren ikuspegi moderatu eta erreformista bat partekatu zuten, Georgiaren atzerapen eta batasun nazionalari buruzko ikuspegi kritiko bat, Errusiarekiko anbibalentzia eskertze, mirespen eta erresuminaren nahasketa batean adierazia, eta, azkenik, Europaren aldeko bultzada. Aldi berean, elementu berriak sartu zituzten nazionalista tradizionalengandik bereizten zituen Georgiako mugimendu nazionalean. Sozialdemokratek autodeterminazioaren ulermen zabalagoa zuten, osagai bereziki nazional batetik haratago zihoana, erreforma soziala, garapen ekonomikoa eta demokrazia politikoa barne. Haren ustez, erreforma soziala eta nazionala banaezinak ziren, eta elkarrekin bakarrik lagun zezaketen gizabanako bakoitzaren emantzipazioan. Nazionalismorik gabeko mugimendu nazional herrikoi eta arrakastatsua zuzentzea Georgiako sozialdemokraziaren ezaugarri paregabeko eta berezia izan zen.
Denborarekin, sobietar agintari berriek Georgiako errepublika independente eta demokratikoaren benetako oroitzapenak ezabatzea lortu zuten. 1991rako, Georgiak bere independentzia berreskuratua zuen, eta bere lehen ekintzetan, 1921eko Konstituzioa aldarrikatu zuen, mentxebikeek onartua, errepublika berriaren oinarri legal bezala. Maiatzaren 26an jai nazional izendatu zuten. Eta lehen errepublikaren bandera gorria Tbilisi gainean altxatu zen beste behin. Baina hau edukia baino forma gehiago zen, ez baitzen ezer geratzen Georgiako Alderdi Sozialdemokratatik, eta orain 1918-21ean hasitako esperimentu sozialista demokratikoarekin jarraitu beharrean, bere liderrek lotsagabeki agenda neoliberala zuzentzen dute Georgia kaosaera eramanez.
Redjeb Jordania, Noe Jordaniaren semea
Georgiarrek gaur egun oso gutxi gogoratzen dute 1918-1921 urteetan gertatu zenaz. Badira kale eta parkeak mentxebikeen izenak daramatzatenak, baita buru izan zuten errepublikarena ere, baina hauek gutxi eta urrun daude. Hiriburu nazionala, Tbilisi, aireportuarekin lotzen duen errepide nagusiak George W. Bushen izena darama, ez Noe Jordaniarena. Azken honen semea Redjeb Jordaniak honela idatzi zuen 2012an: “Georgiar gehienentzat, sozialismoa izugarrikeria hitza bihurtu da, nahiz eta sozialdemokraziaren Europako eredu arrakastatsuak denen begi bistan egon… Gaurko Georgiak merkatu librearen eredua jarraitzen du, “Washingtonen adostasunaren” politika ekonomikoei jarraituz. Sozialdemokrazia eredu ekonomiko eta sozial alternatibo gisa deskalifikatua izan da georgiarren buruan, eta, harekin batera, Georgiako Errepublika Demokratikoa”.
Baina hori aldatzen egon litekeela pentsatzeko zantzuak daude. Georgiak orain mugimendu sindikal sutsua du, lantokian duintasunaren alde egindako borrokek jendearen irudimena piztu dute, baita unibertsitateetako ikasle erradikalen artean ere. Ausaz, Georgiako Alderdi Sozialdemokrataren lehen egunak gogoratzea saihestu ezin duten langileekiko elkartasun ekintzen adibide batzuk izan dira (?). Georgian sozialdemokratek Errusian beste iraultza bat posible izan zitekeela frogatu zuten. Eta sozialdemokratak sozialistak izan daitezkeela ere erakutsi zuten. Ez zuten proiektuaren jatorrizko asmoa ahaztu, eta serio hartu zuten askatasunean eta justizian oinarritutako gizartea ezartzea.
https://busturianaiak.home.blog/2020/04/13/georgia-2-georgiako-errepublika-demokratikoa-1918-1921/