Gasteizko (des)memoriak

Zerk egiten du enblematiko eraikin bat? Bere erabilerak? Bere historiak? Hilaren 1ean Espainiako eta EAEko agintari gorenek, arrandia handiz, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren Museoa inauguratu zuten Gasteizen, non eta azken ehun urteetan Banco de España egon den eraikinean. Ekitaldian hitz egin zutenek garbi utzi zuten eraikin horri nazioarteko proiekzioa eman nahi diotela, benetan zerbait enblematikoa egin nahi dutela, alegia. Geroak esango du.

Gasteiztarrok ongi dakigu, ordea, eraikin hori, hiriaren bihotzean egon arren, traba egiten zuen ezleku bat baino ez dela izan azken hamarkadetan. Erabilera ezak ostrazismora kondenatu zuen. Banku bezala funtzionatzen zuenean ere, oso bazterreko erabilera zuen. Inor gutxi sartzen zen bertara. Bere azken momenturik gorenetakoa izan zen pezetak euroetara aldatzeko erabaki zen unea. Ordutik aurrera ezer gutxi. Azken sei urteetan, gainera, guztiz itxita egon da, obretan; hilaren 1ean inauguratu duten Memorial hori prestatzeko. Kanpoko itxura mantendu dute. Beste guztia hustu egin da.

Hustuketa horrekin batera, eraikinaren historia ere lurrundu egin dela dirudi, inor gutxik esan baitu eraikin horrek 100 urte ez, 200 urte ere badituela; izan ere, 1822ko urriaren 24an hasierako Principal antzokia bertan inauguratu baitzen. Hura bai enblematikoa! Hiritarrek gogo onez hartu zuten. Haientzat Principal antzokia baino (ez nahastu egun San Prudentzio kalean dagoen izen bereko antzokiarekin) «El gran coliseo» izan zen. Gasteizko Udalaren aspaldiko ametsa bete zen orduan, 1617ko udal aktetan agertzen baitzen bertan antzoki bat egiteko asmoa. Kostu handiko obra bat izan zen: 499.215 erreal eta 22 marabedi.

Gasteiz ezagututa, erabaki hark ere —noski— harrabots dezente piztu zuen, lursail horretan antzinako Santiago ospitalea baitzegoen eta hori ez zuten batere gogoko izan hiriko santujale dohatsuek. Pentsa, toki hura gaixoak artatzetik parrandarako leku pagano eta fribolo izatera igaro baitzen, bertan antzokiaz gain, ostatu eta taberna egon baitziren; eta geroago baita zinemaren lehen proiekzioak ere. Heresia bat! Bankuarena geroago etorri zen, 1915. urtean, hain zuen; orduan Espainiako Bankuak eraikina erosi baitzion Gasteizko Udalari. Eta orduz geroztik estatuaren jabegoa izan da. Estatuak eman dio erabilera eta nortasuna. Izena eta izana. Garbi geratu zen hori duela hamar bat urte hiriko sektore euskaltzaleek eraikin hura Gasteiz antzokia bihurtzeko saiakera egin zutenean. Ez da posible, ezin liteke xuxurlatu zieten estatuaren hormaren bestaldetik. Izena eta izana ere nabarmen geratu dira oraingo erabilerarekin.

Ehun botilen gaua

Antzinako Principal antzoki hartan makina bat pasadizo eta egoera barregarri izan ziren. Horietako bat ederki ilustratzen du bere blogean (Microhistoriaalavesa.com) Ander Gondra historiagileak. Combatiendo la ociosidad (Alferkeriari aurre eginez) sarreran kontatzen du. 1835eko Gabonak ziren, lehen karlistaldian. Gasteizko hiria Zumalakarregiren kontra borrokatzera etorri ziren soldadu atzerritarrez okupatua zegoen. Gau horietako batean, antzokia ingelesez beteta zegoen, haien artean hamarnaka jeneral eta azpi-ofizial zeuden, beren uniforme gorrixka dotoreez apaindurik ikuskizunaz gozatzeko asmoz. Xanpaina eskutik eskura zebilen, alai, neurririk gabe. Ostatuko jabeak gau hartarako 60 botilaren kontsumoa espero zuen. Baina ehunera ere iritsi zen. Horregatik gau hura ehun botilen gaua bezala ezagutzen da.

Kontua da, bolero baten ondoren, ikusleak erabat entregatuta eta edanda zeudela (batzuk lurrean etzanda, beste batzuk mahai gainean lo), ingelesak estimatzen ez zituen ofizial espainiar bat agertu zela agertokiko atzealdetik. Adarra jo nahi zien ingelesei, jakinik ikusleek gaztelaniaz ez zutela tutik ere ulertzen. Honakoa bota zien: «Mozkorti jaun agurgarriok (txaloak eta bibak). Bistan da hobeto defenditzen duzuela ohore britaniarra mahai gainean gerra-lekuetan baino (txalo gehiago)». Eta honela amaitu zuen: «Kontu ederra pagatuko diozue gaur ostatuko nagusiari (esku-zartako ozenagoak)». Eta zenbat horrelako gertatuko ziren antzoki horretan harik eta 1914ko abuztuaren 12an antzokiko barrualdea sute batek suntsitu zuen arte.

Antzinako Principal antzoki mitiko eta magiko hura, Gasteizko historiaren eta oroitzapenen gordeleku hura Memoriala bihurtu dute orain, gerra irabazi dutela aldarrikatu behar dutenen oroigarri enblematikoa. Memorial partziala. Zatikatua. Baztertzailea. Memoriak baino gehiago ni desmemoriak kezkatzen nau, batik bat desmemoria hori memoria inklusiboaren apologia egunero egiten dutenen aldetik datorrenean. Hilaren 1ean, museoaren inaugurazioan, Iñigo Urkullu egon zen. Mutu. Francok izendatutako erregearen semeak egindako kontakizuna irentsi zuen, ezer esan gabe, zirkinik egin gabe. Otzan. Kontakizunaren bataila da. Eta bataila horretan monopolioa ezarri nahi dute, bai Felipe VI.ak, baita Iñigo Urkullu lehendakariak ere.

Jaurlaritzak berak egindako txostenaren arabera, EAEn gutxienez 4.113 pertsona torturatuak izan ziren (soilik 1960-2014 urtealdian). Memorial horretan ez da aipamen bat bera ere egiten; ez horren inguruan, ezta martxoaren 3an San Frantzisko elizan Polizia armatuak eraildako bost langileren memoriaz ere. Urkulluk bazekien nora zihoan. Urtaranek ere bai. Eta, hala ere, joan egin ziren.

Jaurlaritzaren erregistro horretan detektatzen diren tortura horietako dezente Memorial horretatik oso gertu —50 metro eskasera— egin ziren, Arabako Gobernu Zibilaren alboan zegoen polizia-etxean, alegia. Hainbat gasteiztarron tortura-leku erreala izan zena (ez erreplika) agintari guztien muturren aurrean zegoen. Ez zuten bisitatu. Kamerak ere ez ziren hurbildu.

Ortega Lararen zulo nazkagarri horretan arnasten den sufrikarioa munduko telebista guztietan azaldu da. Memorial ondoko polizia-etxean herritar dezentek pairatu genituen umiliazioek eta torturek ez dute segundo bat bera ere merezi izan. Ez zuten ez errege, ez presidente, ez ministro, ez lehendakari, ez ahaldun nagusi, ezta alkatearen hitz erdirik ere jaso.

Memoria, justizia, aitortza eta erreparazioa denok behar ditugu.

Berria