«Frantziako Sohüta»

Irakasleak albiste bat idazteko eskatu die ikasleei. Sohütan, behi bat ukuilutik irten eta aldameneko baserrian sartu da. Kalte handiak eragin ditu bertan. Ikasleek berria idatzi dute. Ezustekoa Frantzian gertatu dela idatzi dute gazte askok. Edo «Frantziako Sohütan». Zuberoan izan dela zehaztu dute beste askok. Maule ondoan dugu Sohüta. Bertakoa zen Marie Aipasorho, Jon Miranderen ama.

Egiari zor, irakasleak ariketa egiteko eman dituen datuetan ez da Zuberoa hitza agertzen. Maule, bai. Horrek ikasleak jokoz kanpo utzi dituela esan liteke. Aitzakia. Donostia, Gasteiz edo Iruñea ipinita, arazorik izango ote zuten behiaren albistea Gipuzkoan, Araban edo Nafarroan kokatzeko? Ez dut uste. Sohüta eta Maule zergatik jarri dituzten Frantzian galdetu du irakasleak. «Orduan, halako kontu bat Bilbon gertatuz gero, Espainia jarriko genuke», bota du. «Ni pa´ Dios!», erantzun du ikasle batek, zorrotz.

Gelan eskola publikoko D ereduan eta ikastoletan ibilitako ikasleak daude. Sohüta Frantzia aldean jarri duten ikasleak berdin antzean daude banatuta bi multzoetan. Apur bat gehiago izango dira eskola publikokoak, baina ez dago alde handiegirik. Unionistak ustezko dotrinamenduaz kexu dira. Eskerrak! Halako dotrinamendu eskasa nahi nuke nik Espainiako eskola sisteman. Unionistek ez dute kexatzeko motiborik. Bidea ondo jorratzen ari dira, haiek bai. Euskal ikasleei, euskarazko adarrekoei, Sohütan izandako gertakari xelebre bat idazteko esatea dotrinamendua da. Behiak Andujar edo Talavera de la Reina aldean alde egin balu, orduan ez zen dotrinamendurik izango. Itxura denez, euskal ikasle batek Toro edo Alcazar de San Juan non dauden jakin behar du. Sohüta, ez. Gazteak ez du zertan jakin Sohüta non dagoen, Frantzian ez bada.

Halaxe dabil gure hezkuntza sistema. EAEtis-ak jota dago, oinarrizko zein goi hezkuntzan. Ikasturtearen hasieran irakasle jatorrek gelan sartu eta nondarrak diren galdetzen diete ikasleei, jendea identifikatze aldera edo. Zenbat zarete Bizkaikoak? Zenbat zatozte Gipuzkoatik? Arabarrik bada? Zenbat zarete? Nafarrik ba ote den galdetu ez. Nafarroa? Zer da hori? A, Foru Erkidegoa! Nafarrak, bai, hor dabiltzan arrano arraro horiek. Nafarroarik ez bada, zer dela-eta Ipar Euskal Herriaz galdetu hango ikaslerik baden jakiteko? —are gutxiago Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoa aipatu—. Mugaz bestaldeko ikasleak gero eta ale bakanagoak dira. Irakasleak gogoratzen duenez, bertako azken ikaslea duela zazpi urte inguru izan zuen. Urruñakoa zen hura. Urruñakotzat zuen bere burua, baina urrunekotzat zuten gehienek. Pentsa Sohütakoa izan balitz! Estralurtarra mutila.

Eta horrela segitzen dugu. Herria, nazioa egiten. Sortuz ta sortuz gure aukera. Izarren hautsetik, bai. Frantsesak eta espainiarrak, haiek bai sortu. Sortu eta birsortu. Asteon Hispanitatea ospatu dute gure nagusiek, harro eta pozik ospatu ere. Haien balentriak, haien iraganaren eta etorkizunaren horizonte zabalak goraipatu dituzte. Gu, bitartean, uzkur, Euskal Herria aipatu eta inor minduko ote dugun beldur. Eta haiek gero eta puztuago. Ez da harritzekoa gero edozein astakeria esatea. Orain egun batzuk El Español hedabidean —non, bestela?— euskara Nafarroako hizkuntza ez dela irakurri dugu. Duela hiru urte antzera hitz egin zuen Casado izeneko morroi batek, Altsasun. Haren iritziz, Nafarroak ez du kanpoko sinbologiarik behar. Ikurrina ez da Nafarroako bandera; euskara ez da Nafarroako hizkuntza. Lasai ederrean etorri, hori bota eta lasai ederrean joan zen Mr Master. Duela 3.000 urte Palentzian, haren jaioterrian, artean ez espainiera, ez latinera hitz egiten ez zen garaietan mintzatzen zen euskaraz Nafarroan, baina horrek berdin dio. Casadok sortu egiten du Espainia. Asmatu. Espainia eraikitzen ari da.

Subiranotasunaren zain egon behar ez dugula gogorarazi digu Currinek. Euskal nazioa eraikitzen hasteko esan digu. Bilbo, Donostia edo Iruñetik. Eta ez ahaztu: Zuberoatik. Sohütatik.

Berria