Foruen amaiera Hego Euskal Herrian Lehen Karlistalditik (1833-1840) Bigarren Karlistaldi osteko aldira (1876-1878) luzatu zen. Hartara, bukaera eman zitzaion Gaztelako Koroarekiko atxikimendua eta autogobernua uztartu zituen euskal lurralde horien estatusari. Ipar Euskal Herrian, foruak Frantziako Iraultzan kendu zituzten (1789-1790ean). Konbentzioaren Gerrak hondamendi ziklo bati eman zion hasiera, Julio Caro Barojak 1876 arte luzatu duena. Aldi horretan, Euskal Herriko gizarte egiturak gogor kolpatuak eta eraldatuak izan ziren, gerra giro ia etengabean. Espainiarako ezarritako konstituzioek, bestalde, berdindu egiten zituzten monarkia horretako jurisdikzio desberdinak, bereziki Euskal Herriko lege, gizarte eta ekonomia errealitate desberdinaren kaltetan, 1808 eta, bereziki, 1812tik aurrera.
1778ko Liberalizazio Erregelamendutik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeen ekonomiaren egoera oso zaila zen. Monarkiako gobernuak ezarritako Ebroko aduana larriek eragotzi egiten zuten Euskal Herriko produktuak monarkiako lurralde komunera ateratzea. Aldi berean, itsas trafikoa ataka batean zen. Hego Euskal Herriko goi-burgesia, Bilbo eta Donostiakoa bereziki, Ebroko aduanak kentzearen alde agertu zen. Horrekin batera, 1812ko Espainiako Konstituzioa babestu zuten. Gobernuak, bestetik, begiz jota zituen Hego Euskal Herriko lurraldeen ogasuna eta ahalmen militarra. Manuel Godoy ministro ahalguztidunak protagonismo berezia hartu zuen foruak desegiteko monarkiaren politiketan XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasieran.[1]
Gerra testuinguru orokorrean, baina, herri erreakzio bat izan zen elite liberalen kontra.[2] Fernando VII.a absolutistak Espainietako Erresumako tronua eskuratu zuen 1814an, liberalen asmoaren kontra, baina berak ere Euskal Herriko lege eta erakundeak ahuldu zituen, zentralismoaren alde. Frantses estatu eredua bultzatzeko deliberoaz, elite liberalek uniformizazio programa bat aplikatu zuten 1833tik aurrera.[3] Batetik, estatu egiturari atxikitako eliteen eta, bestetik, herri zein elizjende eta nobleziako talde foruzale baten arteko tentsioak bi gerra latz eta erabakigarri piztu zituen Hego Euskal Herrian, I. eta II. Karlistaldia, Espainiako gobernuaren alde bukatu zirenak.[2] Bi gerren okupazio militarreko aldietan, bertako lege eta erakundeak indargabetuak izan ziren, Espainiako konstituzioen epelean (1837, 1876).
Aldi horretan, Hego Euskal Herriko aldundiek beren interes komunak defendatzeko Konferentzia Politikoak direlako topaketak antolatu zituzten arren, ez zuten elkarrekin jokatu, eta Nafarroa Garaiak, bereziki, dinamika politiko aparte bat eraman zuen.[4] Foruen galerari Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Itunak (1878), herri protesta eta altxamenduz zipriztindutako aldiak (bereziki, Gamazada Nafarroan), eta industrializazio masiboak jarraitu zioten. Giro horretan, euskal nazionalismo politikoa sortu zen, formalki Euzko Alderdi Jeltzalea eratu zenean, Bizkaian indartsuen.
https://eu.wikipedia.org/wiki/Foruen_amaiera_Hego_Euskal_Herrian