Asisko Urmeneta Otsoa Erranteko | Zer ezkutatzen zaigu jende-ehizaren gibelean? Erantzuna, laster
Aspalditik dakizue zuek Wikipedia Askean Asiskoz esaten dena. Hona hemen entziklopedia digitalaren hitzak «nafar irudigilea eta komikilaria. Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak, prentsako karikatura eta abarretatik ateratzen du bizimodua. Umorea izan ohi dute ardatz bere lanek». Alta, ez da aipatzen bertan zinemarako eginiko lan majo baino majoagoa, Juanjo Elordirekin batera eginiko ‘Gartxot’ film animatua. Ezta bere kastakoak diren bertze ba-tzuekin sartu den azken endredoa ere. Hain zuzen ere, sorginen ehizaren inguruko dokumental du ametsetan. Hastear den urtean nahi dute bukatu eta zinemaldiak korritu. Sostengua behar dute.
– Nork erran zuen hor goian agertzen den esaldia? Eta noiz?
– Joanes Uitzik Azpirotzen. 1576 urtean. Bere epaileen aurrean. Artxiboetan agertzen den aipu osoa honako hau duzue: «Joanes Uitzik, zapela eskuan et belauniko dagoela, malko handitako negarrez erantzun zuen euskaraz: ‘Ez Jaungoicorik, ez Andre Dona Mariaric, ez Paradisu Santuric eta ez santaric ezta, ni sorguina banayz’». Euskara eta eratu dugun iruditeriaren aldetik esaldi horrek adierazten duenaz ohartzen al zara?
«Bost mendeko gezur latza deseraikitzen ari gara gu guztion artean. Zuk ere parte har dezakezu diruztatze kanpainean: https://eu.goteo.org/project/ni-ez-naiz-sorgina»
– Agian ez. Nahiago zuk esatea.
– Alde batetik, akelarreak eta an-tzeko istorioak eraikitzean. Gure begitazio eta imajinazioan emakumeak baino beste inor (Akerraz gain) ez daude. Erraturik gaude. Bestalde, denbora franko eman dugu ahalmen bereziak zituzten gizonezkoak euskaraz izendatzen asmatu nahian. Alferrik ‘aztia’ ez baita ‘brujo’ edo ‘hechicero’. Derrepentean, artxiboetako peskizetan zabiltzala, salatuak ziren gizonezkoek beren burua azaltzeko edo defendatzeko ‘sorgina’ erabiltzen zutela ikusten duzu. Beraz, arazorik ez. Joanesek bera sorgina ez zela zio, garai berdintsuan Grazia Berroetaranek erabili zuen hitz berberaz: ‘Ni ez naiz sorgina eta ez naiz izan baina su ematen zidaten parteetan(…) oinaze haiez libratzearren deklaratu nuen (…)’.
– Zer gehiago nahi duzue azaldu ‘Ni ez naiz sorgina’ dokumental honetan edo honekin?
– Ideia nagusia, hauxe: duela 500 urte gertatu zen Auritzen lehen exekuzio kolektiboa sorginkeriagatik: Nafarroan aurkitu berria zen sekta satanikoa, eta kondenatuei zigor eredugarria ezarri zitzaien: urkamendian akabatu ondoren gorpua erretzea.
– Ara! Normalean ez da gurean sekta satanikoez mintzaten. Eta denon iruditerian, jendea ez zuten urkatzen erretzen baizik…
– Gure webunean sartuz irakurriko duzun gure lan-hipotesia honako hau da, sekta satanikoa europar elite intelektualaren eraikuntza artifizial bat izan zen, auzitegi laiko zein erlijiosoetatik ateratako ingeniaritza juridiko hutsa: sorginkeria demoniakoa ez zen ‘herria izutzeko koartada’ baino izan. Horixe nahi dugu garatu Aitor Karasatorrek, Eneko Gallar-tzagoitiak eta hirurok.
– Beldurraren pedagogia inposatu zutela esaten duzue.
– Oso zabaldua den hipotesi baten arabera, sorgin hitza ‘sortu’ tik dator. Ideia horri jarraituz, sorginak emaginak izango ziren (eta baziren). Beste hipotesi askok diotena, zera da, ‘sorgina’ hitzak badu zerikusi franko ‘soin’-arekin, (gorputzarekin). Beraz, baziren ‘proto medikuak’, ‘petrikiloak’ esango genuke gaur egun. Ez ziren ezkutatzen, ez ziren gau ilunetan akerraren larreetan elkar-tzen. Ez zuten lapiko magikorik izaten. Herriak perfektamente ezagutzen zituen.
– Eta ez zuen gurutzarena egiten berenondotik pasatzerakoan.
– Inolaz ere ez. Bazekiten non bizi ziren, bazekiten jendea zein orduetan hartzen zuten bisitan. Bazekiten zeintzuk ziren beren zerbitzu-sariak. Komunitatearen parte garrantzitsua ziren. Hain zuzen ere eta finean, Europako elite intelektual haiek nahi zutena zera zen, makineria eraginkor horren bitartez, komunitate-espiritua birrindu eta herri-lidergorako aukera guztiak eragotzi.
– Hamaika mito suntsituko duzue zuen dokumentalarekin. Azaltzen dira bertan mundu guztiko adituak. Bai irudi kontuetan (Joxepe Irigarai) bai ikerketa sakonetan ibiliak direnak (Diarmaid McCulloch, Roldán Jimeno) Anariren ‘Minaren funtsa’ kantak ekiten dio narrazioari…
– Harrigarria da, kasurako, sorgina hain lurreko (g)izaki izanik, nola bihurtu den gure iruditerian lurpeko, gaueko kreatura. Kuriosoa ere hegan egitearena. Gurean iltzatu den imajinean, erratzaren gainean egiten zuten. Europako beste herrien irudiko, animalien gainean edo beren kabuz. Akelarrerik (‘Junta de mujeres’ deitzen zaie askotan epaiketako izkribuetan) ez zela inoiz izan esaten dute hainbat ikasiek baina ez ahaztu, inoiz ez, sorginek beti izan dituztela ahalmenak, Lurra eta bere misterioak ezagutzen zituztelako.
– Nolakoa nahi duzue dokumentala? Itxuraz, irudiz, gidoiz.
– Aurrekontuaren arabera, jakina. Diruztatze kanpainaren emaitzen arabera. Ez da gutxi ez orain artio jasotakoa, 12.209 euro, baina lasai, airos, arazorik gabe ibili ahal izateko doblea beharko genuke. Nahi ditugu elkarrizketak zein dokumentazioa, zein marrazkiak, zein animazioa lotu pantailan. Nahi dugu komikietako bineten lengoaia zinemara pasa. Nahi dugu erritmoa izan… Zuek lagunduko?
Diario Vasco