“Oztopoen gainetik…Euskaraz biziko gara”
Ba nik nahita ere, saiatuta ere, ez dut lortzen euskaraz bizitzea. Adibideak mila, eta euskaldun guztiok ezagutzen ditugunak.
Ez dira oztopoak, erasoak baizik. Estrategia bat da. Dei diezaiogun gauzei bere izenez. Ez dezagula geure burua engaina.
Urkijok hau Urkijok hura…Urkijok obsesioa du…. Barkatu baina Urkijo asko pasa dira hemendik mendeetan zehar. Ez da Urkijo…. España da!! Baionako suprefetak hau, suprefetak hura…. ez da suprefeta… Frantzia da!
Españan derrigorrez jakin beharreko hizkuntza da española. Frantzian hizkuntza ofizial bakarra da frantsesa.
Bortxazko konkista odoltsuaren ondoren kolonizazioa hasi zen… 8 mende luze igaro ondoren konkistak eta kolonizazioak jarraitzen du. Berriki irakurri dudan eta euskaldun guztiei gomendatzen dizuedan “ Euskararen isobarak. Hamasei gezur handi eta koda bat” liburuaren aipu honetan argi dio zein den bi estatu hoien helburua: “Gizarte okupatua kontrolatzea, bertako populazioa, hizkuntza eta kultura ordezkatzea, amnesia kolektiboa eragitea eta bortxazko gertakarien bertsio berri bat eraikitzea.”
Horretan ari dira bi estatuak beraien botere guztia erabiliz. Ez da Urkijo, ez da Suprefeta.
Guk aldiz ez dugu estatuaren botererik. Izan genuen estatuaren boterearen zatitxo apur bat dugu Nafarroako foru erkidegoa eta E.A.E. izendatu dituzten hauetan, baina beti ere menpeko boterea; eta pribilegioa izango balitz bezala saltzen digutena gainera! Frantziaren menpeko gure lurraldeak oraindik ere botere kuota txikiagoa du…
Eta guk, euskaldunok, botere apur hori erabili eta adibidez E.A.E.-ko euskararen legea aplikatuz, legea betetzen ez duten saltoki handiei etab. isunak jarri ordez, euskara erakargarri egin behar dugula esaten gabiltza; edo dabiltza batzuk. Euskara modernoa dela eta bizitzaren arlo guztietarako balio duela konbentzitu behar ditugula eskaldunak ez direnak.
Konbentzitzea, gustagarri egitea, ez dakienak ikas dezan baliabideak jartzea, etab. egin beharrekoa da zalantzarik gabe, baina guk ere geure estatuaren boterearen beharra dugu euskera defendatzeko, hezkuntza defendatzeko, etab.
Bi estatu erasotzaileen aurrean jartzeko. Aurre egiteko. Aurrera egiteko.
* Haritz Harreguy, Aithor Atseginolatza, Oxkar Santamaria, Onintza García, Jesús Agirresarobe, Aitziber Elortza, Aihert Goia