Nafarroako Erresumak Errioxa, Kantabria eta Burgosko Riojilla eta Burebako lurretan zituen gotorlekuak aztertu ditu Iñaki Sagredok, eta laugarren liburukiarekin bukatu du Nafarroako gazteluei eskainitako saila.
Nafarrak izan ziren garai batean Errioxa, Kantabria eta Burgosko Riojilla eta Burebako lurrak (Espainia). Nafarroako Erresumarenak. Egun, oraindik zutik daude erresumako orduko lurraldeen defentsarako erabilitako gotorlekuetako batzuk, eta hondakinak baino ez dira beste batzuk. Bistara direnak eta ez direnak, guztiak biltzen saiatu da Iñaki Sagredo historialaria El Reino de Pamplona (810-1173),
Ideia bera landu du Eduardo Aznar toponimia adituak liburuko hitzaurrean: Nafarroako Erresumarena zen lurralde horretan guztian aritzen zen jendea euskaraz. Toponimia da horren froga, haren ustez. Hizkuntzak, gainera, lotura berezi bat sortzen zuen euskaldun haien artean, Aznaren hitzetan. «Hizkuntza baten existentziak berez dakar beren artean komunikazio sekularrean den jende talde baten existentzia». Hartu-eman gehienak bere jatorrizko taldearekin egiten dituen gizarte berezi bat osatzen zuen horrek, haren ustez. «Beste giza taldeen aldean, eta haiekin kontrastean, hizkuntza hori dela eta, berezi gisa ezaugarritzeko adina kohesionatutako giza talde bat».
Oraindik ere badira Nafarroako gaztelu izandakoen arrastoak, eta baita garai batean euskaldunek lekuak izendatzeko jarritako izenen aztarnak ere. Denbora da, ordea, Nafarroako Erresumak lur haiek galdu zituela. «1054. urtetik aurrera konkistak dira guztiak eta txikituz joan zen erresumaren lurraldea», dio Sagredok. Nafarroak lurraldeak galduta ere, denbora behar izan zuen bertako jendeak euskara galtzeko. «Gaztelarrek Bureba menpean hartu eta mende batzuk geroago ere, azoketan euskaraz hitz egiten jarraitzeko baimena eskatu zioten Gaztelako erregeari bertako biztanleek. Burgostik gertu gertatu zen hori, eta errealitate baten erakusgarri da. Konkistak konkista, hor egon zen denbora luzez pertsona bakoitzak eta kultura bakoitzak bere baitan izandako aztarna».
Sagredok dioenez, Iruñeko Erresuma ez zen sekula hedatu zalea izan. «Ez zuen konkistarik egin, beti izan zen kultura bat zeukan herri baten onarpena. Garrantzitsua da hori nabarmentzea, Nafarroako gudarosteak ez baitziren handiak, eta ez baitzuten hedatzeko asmorik ere. Gudarik izan bazen, aliantza kontuengatik izan zen. Ez da hori beste erresuma batzuen kasua».
Bi frontetan aritu zen Iruñeko Erresuma borrokan, halere. Arabiarrak zituen hegoaldean, eta gaztelarrak mendebaldean. «Gaztelako gudarosteen aurkako gatazkak izan ziren gogorrenak», dio Sagredok; «haiek izan ziren Iruñeko Erresumari lurraldeak kendu zizkiotenak». Hegoaldean, lagunkoiagoak izan ziren harremanak Banu Qasi sendiarekin. «Familiakoak ziren, kasik. Baskoiak zirela diote zenbait historialarik, eta Eneko Aritza eta Banu Qasiak oso lotuta egon ziren beti, baita odolez ere».
Beste errege batzuekin aldatu egin zen egoera, fedeak eragin handiagoa izan zuelako, eta okertu egin ziren hegoaldeko bizilagunekiko harremanak. «Guda Santuaren eragina jaso, eta etsaitzat hartu zituzten arabiarrak ordutik aurrera. Hala izan zen Antso I.a Gartzezen kasuan».
Eraitsitako historia
Nafarroako gazteluei buruzko beste hiru liburukietan bezala, garrantzi handia dute honetan ere argazki, mapa eta azalpenek. Gazteluak osorik mantentzen diren guneetan lan handirik ez du izan Sagredok gazteluak irudikatzeko, baina bai, hondakinak baino ageri ez dituztenen kasuetan. Gaztelu bakoitzaren historia eta istorioekin batera, gainera, haien inguruetan egin daitezkeen txango eta bisitak ere hartu ditu kontuan. Nafarroako Erresumaren defentsan erabilitako gotorleku gutxi batzuk baino ez omen dira liburukietatik kanpo gelditu.
1997az geroztik dabil Sagredo Nafarroako Erresumaren gotorlekuekin lanean, eta zehazki zenbat bildu dituen gogoratzen ez badu ere, 300 bat batu dituela dio. Gazteluak, dorreak, jauregiak…, denak Nafarroako Erresumaren defentsan. «Ikusgarria zen Nafarroak garai batean zuen gotorleku kopurua. Horregatik egin behar izan ditugu lau liburuki. Leku batzuk kanpoan gelditu dira, lana argitaratu eta gero jakin dugulako han edo hemen gotorleku bat zegoela. Gaztelurik handienak, ordea, sartu ditugu, eta nahikoa izan daiteke hori jendeak erresuma zaharra zer zen ulertzeko».
Hori da, dioenez, helburu nagusia. «Liburuekin jendeak Nafarroako Erresuma zer izan zen ezagutzea nahi nuke. Baskoien erresuma izan zela, eta euskaraz egiten zutela biztanleek, zerbait propioa izan zela, eta bazegoela beste lurraldeetatik bereizten zuen sentimendu berezi bat. Ez zen herrialde bat izatearen sentimendua, erresuma bat zelako, baina bazegoen zerbaiten parte izatearen sentimendu bat. Arma bidez konkistatu zuten gero lurralde hori, eta hori jakitea ere nahi nuke. Babestu beharra dago ondasun hori. Zaindu egin behar dira gazteluak, arkeologia bidez ikertzen jarraitu eta toponimia gorde egin behar da».
Sagredok dioenez, egoera txarrean daude Kantabria, Errioxa eta Burgos inguruko gotorleku asko, Nafarroan egoera okerragoa dela dio, ordea. «Nahiko egoera txarrean daude liburuan dauden gaztelurik gehienak. Aspaldi galdu zuten erabilera armatua. Nafarroako gaztelu gehienek dituztenak baino arrasto gehiago dituzte, halere. Hemengo gotorlekuak orain gutxira arte erabili zirela esan dezakegu, baina bota egin zituzten. Eraitsi egin zituzten. Han denborak bota ditu. Bota izan ez balituzte, orain, Europako gisa honetako ondasunik handiena izan genezakeen Nafarroan. Tristea da».
Gazteluetako bi
Clavijo
Amildegiko gazteluak
Logroñotik (Espainia) 16 kilometrora dago Clavijo, Iregua haranean, eta Nafarroako Erresumaren menpean izan zen garai batez. 1046. urtetik 1075era arte hartu zuten, behintzat, haren ardura Nafarroako ordezkariek. Arabiar tipologiakoa da, halere: mortairu asko, ferra erako ate nagusi arabiarra, oin zirkuluerdiko atalaiak eta piramide itxurako hozkak dituelako jakin liteke hori. «Ikusgarria da», dio Sagredok, «hormaren atzean amildegi bat dago eta ia osorik mantentzen da gaztelua». Ez da estetika hutsa, gaztelua dagoen gain horretatik lautada osoa ikusten baita. Gune estrategikoa da. Gaztelua dena aurrealdea dela esan liteke, bestalde, harresiak eta eraikuntzek ez baitute aurrealdera baizik begiratzen. Beharrik ere ez zegoen atzealdea zaintzeko. Azken finean, amildegi bat zuen gazteluak atzean, eta ezin hortik gaztelura heldu.
Rodillako Monasterioa
Harriekin nahasita
Nafarroako Erresumaren menpeko gotorleku bat izan zen garai batean Burebako Rodillako Monasterioan zegoena (Espainia), baina egun, hondakin batzuk baino ez dira gelditzen. 1.050 metroko garaieran daude gaztelu izandako haren aztarnak, eta, forma galduta, oinarritzat zituen muinoko harri zuriekin nahasten dira orain gotorlekuaren harriak. Dorre nagusia zenaren harriak dira egun argien ikusten diren arrastoak, baina litekeena da dorre txiki gehiago izatea ere. Gune zabala ikus daiteke hara igoz gero, eta pentsatzekoa da dorrea osorik zegoenean are gune zabalagoa ikusiko zela. Garrantzi historikoa ere badu, gainera, Sagredoren hitzetan. «Kondairak dioenez, hortik abiatu zen Antso I.a Gartzez Valdorban Gaztelako soldaduen aurkako bataila ezagunaren bezperan».