Euskaldunen erresuma

824an sortzen da Iruñeko erresuma, Ebro aldeko baskoi musulmanen laguntzarekin. Bi aitzindariak, Eneko Arista eta Musa ibn Musa, elkarren askazi dira. Baina horien ondokoek kartak nahasiko dituzte. Beraz nafar kristauek usu buru eman beharko dute mahomatar armaden erasoei. Guduka handirik galduko dute, hala nola Junkera Ibarrekoa 920an. Almanzor edo Al-Mansurrek euskaldunak sei aldiz erasanen ditu, bi aldiz Iruñean sartuz. Baina 1002an hiltzen da, eta ber denboran agertzen zaigu Antso Handia (1004-1035). Antso III. horrek Euskal Herriari aire puska bat emanen dio, gerlaz baino gehiago musulmanekiko tratuz eta kristau handikien arteko ezkontzaz.

Konpostelarako bidea Europari segurtatuko dio, arte erromanikoa zabalduko du, beneditar erreforma bere lurretan hedatuko. Hor euskaldunen indar nagusia Iparraldetik Hegoaldera pasatuko da, mila bat urtez hemen Garonaraino egonik, lehenik Akitania zaharrean, gero Novempopulanian, ondotik Baskoniako dukerrian, azkenean Gaskoniako printzerri subiranoan.

Ondoko erregealdietan Gaztelako Erreinua beti barrandan egonen da Iruñekoari begira, ea zein lur, hiri edo gaztelu hartzen ahalko dion, eta zergatik ez, noiz bera osorik irentsiko duen. Emeki bada emeki, euskaldunen erresuma minbizi batek bezala janen du hegoaldetik eta mendebaldetik. Jarraian Gaztelak kenduko dio Gaztela zaharreko izkina euskalduna: Burgosko ekialdean, Atapuerkatik Ebrorako zatia; 1173an eskuin aldeko Errioxa; 1200 inguruan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Durangaldea; 1512an Fernando Katolikoak geldituko den hondarra hartuko du, eta 1515ean Gaztelari lotuko. Karlos enperadoreak 1530 irian Nafarroa Beherea ezin zainduz bazter utziko du, eta hau legezko errege-erreginen esku egonen da, Bearnoko jaurerri subiranoarekin batera… Baina goazen urraska!

“Iparraldean nafarrak gara: baxenabartarrak zuzenka eta ‘de jure‘, lapurtar eta zuberotarrak zeharka eta ‘de facto’: beraz hemendik ezin dugu historia mendebaldetik bezala ikusi”

Antso Azkarra (1194-1234) azken errege baskoia izan zen, hots euskalduna, zorigaiztokoa gainera. Gaztelako erregeak mendebaldeko hiru lurralde hartu zizkion: Araba, Gipuzkoa, Bizkaiko Durangaldea, eta hona nola: 1199an, nafar erregeak txango bat egin zuen Marokora, eta Gaztelakoa aukeraz baliatu zen Vitoria/Gasteiz hiriaren setiatzeko. Zazpi hilabeteren buruan, goseak tinkaturik, gasteiztarrek amore eman zuten 1200 urtean, Antsoren baimena erdietsi ondoren. Araba harturik, ber urtean Gaztelakoak Gipuzkoa beretu zuen baldintza ilunetan, eta Durangaldea. Bizkaiko Diego López de Haro jaunak Gaztelako errege harraparia lagundu zuen. Gipuzkoarekin batera itsasorako bidea galdurik, Antso Iparraldetik beste aterabide baten aurkitzera lehiatuko da, eta laster lortuko du. Bere arreba Berengera esposatu duen Richard Coeur de Lion/Rikardo Lehoibihotzak eman dio Lapurdi lurraldeko ekialdea, berantago Nafarroa Beherea edo Baxenabarre deituko dena, eta horko ibaiak Aturrira jalgitzen dira. Laster Baiona Nafarroaren itsas portua izanen da gure erregeen eta Akitaniako duke ingelesen arteko tratuz. Haurrik ez ukanez, koroa Blanca arrebaren semeari utzi beharko dio, hots Champagneko jaun konde gaztea den Thibaud/Teobaldo I.ari. Hori bezala, ondoko subiranoak franko-nafarrak izanen dira, baina populua euskalduna da, “lingua navarrorum” mintzo du 1167ko dokumentu ofizial baten arabera, eta XVII. mendean oraino euskara Nafarroako “lengua nacional” bezala ikusten du Jose Maria Jimeno Juriok bere Navarra, Historia del euskera liburuan.

Hortik ene titulua, Euskaldunen erresuma. Badakit mendebaldeko hirur lurraldeetan, bereziki Bizkaian, herritar batzuk ez daudela ikuspegi horrekin bat, eta ulertzekoa da: horien arbasoak Gaztelako erregeen azpiko zeuden Erdi Arotik, eta behin baino gehiagotan Gaztela zerbitzatu zuten Nafarroaren aurkako gerletan, bereziki 1512ko konkistan eta horren ondoko guduetan: etsenplutzat hor dugu Iñigo Loiolakoa. Iparraldean ordea nafarrak gara: baxenabartarrak zuzenka eta de jure, lapurtar eta zuberotarrak zeharka eta de facto: beraz hemendik ezin dugu historia mendebaldetik bezala ikusi. Euskal Herria ez da Bidasoan gelditzen, eta euskaldunak omen gara gu ere. Erran gabe doa?

Enbata


Antso III.aren Nafarroa bere heriotzaren unean (1035)