Historian zehar euskaldunek ez dute konformatu nahi izan, eta beste herrien pareko antolakuntza eta erakundeak osatzen saiatu dira mendeetan. Inperialista izan gabe, baina menpeko ere ez. Euskaldunen aspirazioa euskaldun izaten jarraitzea da, ez besterik, baina ezta gutxiago ere. Ez diogu inori esan zer behar zuen izan, baina guri etengabe agindu digute euskaldun izatea utz genezan, frantses izateko, espainol izateko. Agindu, behartu, derrigortu eta bortxatu: hara lau aditzetan laburtua 1.200 urteko historia, euskal historia. Munduan euskaldun gisa egoteko gure eskubidea txiki-txiki eginda utzi dute, eta ez zaie batere axola izan.
778. urtean Iruñea sutan ikusi zutenean euskaldunak ez ziren konformatu. Eta ongi antolatua zeuzkaten herri eta bailara ezberdinak bildurik eskarmentu itzela eman zioten Karloman erregeari, gauza bat ikas zezan: baskoien lurralde hark bazeukala jabea, kontzientzia eta antolakuntza, eta ez zela berriro debalde igaroko lur haietan barrena. Erresuma bat sortu zuten, beste erresuma batzuen aurrean herri haren bizitza salbatzeko.
1200. urtean Gaztelak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba konkistatu zituenean, euskaldunak ez ziren konformatu. Eta ikusi zutenean Gaztela konkista militarraren memoria ezabatzen ari zela, eta elkarren arteko hitzarmen baten ideia zabaltzen, konkistatik lau mendetara ere Gipuzkoako Batzar Nagusiek galdegin zuten ea non zegoen idatzita hitzarmen hori… eta inork ez zuen aurkitu. Eta galdegin zutenean Gipuzkoako hiztunen %95a euskalduna izanik zergatik exijitzen zieten batzarkide izateko gaztelera jakitea… inork ez zuen erantzun. Gaztelak inposizioz gobernatu baikaitu beti, ez akordioz.
Eta Gaztelak 1512an Nafarroari jake-matea eman zioenean, euskaldunak ez ziren konformatu, eta behin, bitan, hirutan saiatu ziren independentzia berreskuratzen, eta lautan, bostetan, seitan edo zazpitan saiatuko ziren indar amiñi bat aurkitu izan balute.
1620an Frantziako Erregeak Pabera soldaduak bidali eta Nafarroako gorteak desegin zituenean, euskaldunak ez ziren konformatu, eta eutsi zioten modu sinboliko hutsean nafar soberaniari, eta afixa ezarri zuten Pabeko jauregian, Parlament de Nabarre zioena, eta gaur ere han dagoena.
Gerra karlistak galdu zirenean, euskaldunak ez ziren konformatu forurik gabe bizitzera, euskara iraungitzen ikustera, eta euskal kulturaren berpizkunde bat antolatu zuten, eta formulazio politiko berriak erein zituzten XX. mende hasierako garai zail haietan. Izan gara protagonista Espainiako eta Frantziako historian, baina inoiz ez dugu gure historia propioa erein gabe utzi. Inoiz ez garelako konforme egon Espainiaren eta Frantziaren baitan. Eta gaur ere ez gaude konforme. Harri bihurtu behar izan dugu menperatzaileen egitura politikoetan disolbatuko ez bagina, baina samurtasuna ez dugu galdu, umorea, bizi-poza; euskaldun gisan bizi nahi sotil bat baino ez gara.
Agirre lehendakaria ere ez zen konformatu bere garaiko baldintzekin, eta desterruan lagun bati idatzitako gutunean aitortu zion mila bider nahiago zukeela Nafarroako Erresuman burujabe izan zen Euskal Herri hura berreskuratzea, eta ez berari kudeatzea egokitu zitzaion autonomia zikiratua.
Frankismoan ere «hau da dagoena» esaten zigutenean, euskaldunok ez ginen konformatu zegoenarekin, eta jarraitu genuen gauza berriak sortzen, erakunde berriak, kontzientzia berriak. Euskarari buruz ere inora joateko ez zuela balio esaten zigutenean, euskaldunak ez ginen konformatu, eta sortu ditugu ikastolak, literatura, antzerkia, prentsa, bideo joko eta milaka kanta brri. «Hori ez da errealista» esan zaigun bakoitzean, euskaldunok ez gara konformatu izan, hemen errealismoa menpekotasunari deitu izan zaiolako, eta erreal bilakatu ditugu irreal ziruditen gauza asko; ez guztiak, halere. Eta gauzarik ezinezkoena independentzia dugula esan zaigun arren, independentziaren ideia etengabe barreiatu da euskaldun askoren baitan mende askotan zehar, eta tinko dago gaur ere ideia nagusia: gure borondatearen aurka ebatsi ziguten hura haien borondatearen aurka eskuratuko dugula, indar eginez, adimentsu eta ausart jokatuz.
Zeren orain ere, Espainia demokratizatzeaz hitz egiten zaigunean, eta elkarbizitzaz, eta aniztasunaz, estatus berriaz eta 40 urteko atzerapena daramaten eskuduntzak berreskuratzeaz, euskaldunak ez gara konformatzen, ideia horiek guztiak gure herriaren ukazioa baitira, geure buruaren jabe ez garen bitartean. Gure menpekotasuna sakondu, onetsi eta txalotu egiten duen politikaren sustantiboak dira guzti-guztiak, beti Espainia edota Frantziaren tutelapean egotera kondenatuak bageunde bezala. Gure zerumuga bakarra menpekotasuna dela berresten duen saldukeria, beste bat gehiago historia luze baten ibilbidean. Eta euskaldunok ez dugu horrekin konformatu nahi. Ulertu behar dugu euskararen etorkizuna ere lotuta dagoela botere politikoaren ugaltzearekin; botere politiko hegemonikorik gabe euskara ez dela hegemonikoa izango inoiz bere lurrean.
Ezin dugu konformatu, ez badugu betirako ukatua ikusi nahi gure asmo gorena, helburu nagusi bakarra, atzerriko estatuen hiritar hutsak izatetik salbatuko gaituen proiektu bakarra: euskaldun izatea, bere horretan, munduko herri aske guztien pare, besterik ez. Ez gehiago, baina gutxiago ere ez, inola. Izan zirelako gara, garelako izango dira dioen leloa aldatu beharrean gaude: Konformatu ez zirelako gara, eta konformatzen ez bagara izango dira.
Eta etorkizunean ez gaituzte hainbeste epaituko gure lorpenen arabera, baizik eta zein neurritan asmatu genuen ez konformatzen, zenbateraino ohartu ginen otzantasunera ginderamatzaten gezur haietaz, zelako argitasunez ukatu genituen asimilazio mezuak, zein indarrekin jakin genuen esaten gure arazo nagusia nazionala zela, nazionala dela, eta izango dela kendu ziguten burujabetza hura, guk inondik inora entregatu ez genuena, berreskuratzen ez dugun bitartean.
Gure arbasoei esker iritsi da guregana ez konformatzearen altxorra, injustizia nagusi den garaian dagoen armarik boteretsuena.
Berria