Ni euskal idazlea naiz. Ez naiz soziologo bat, asteburuan bake bila doana aspaldian bueltaka daukan historia hori idazteko asmoarekin; ez naiz irakaslea, oporrak nobela baten herena idazteko aprobetxatzen dituena. Ez daukat beste ezein lanik, esan nahi ditudan gauzak hitz egokiekin janztea baino. Eta ez dakit aurreko ezein hori egoki erabilia ote dagoen esaldiaren testuinguru honetan.
Ni euskal idazlea naiz, liburutegi bateko lanpostua lortu nuen arren; uko egin nion lanari, ordutegi bat edukitzea beti iruditu zaidalako bizitza mozten eta murrizten duen hesirik gogorrenetako bat. Telebistan lana egin nuen beste bolada batean, eta hantxe berrengantxatzea ez zitzaidan beharbada asko kostatuko, baina ni itota nengoen neure gauzak idatzi gabe; ni literaturari berrengantxatu nahi nintzaion.
Ni euskal idazlea naiz dirua irabaztea, edo diru asko irabaztea, behintzat, ez delako inoiz lehentasuna izan nire bizitzan. Idazteko denbora sakratutzat sentitzen nuen bakoitzean gero eta gehiago kostatzen zitzaidan denbora hori beste norbaitentzako lana egiten sakrifikatzea, eta inork ezer segururik eskaintzen ez zidan bide bati ekin nion. Ezagutzen nituen liburu bat atera eta, auskalo zergatik, planto egin zuten idazle bikainak. Ezagutu ditut itzaltzen joan diren bokazioak, enpresarik kutreenetan enplegatu diren idazleak. Hau ez dut erdeinuz esaten, inondik inora, ikaraz baizik, kasu horietan agertzen zirelako nik hartutako bidearen amaiera posible batzuk. Soldata bati uko eginda bizi naiz ni, horrek oso pertsona gutxik dasta dezaketen pribilegio bat ere badakarrela jakinda: alegia, neuri gustatzen zaidan lana eginez bizi naiz, nola edo hala; eskerrak inor goseak hiltzen ez den gizarte batean jaiotzea tokatu zaidan.
Euskal idazletzan hasita aurki konturatu nintzen euskal idazleak bi lan handi zeuzkala: bata, idaztea; bestea, idatzitakoari gizartean leku bat aurkitzea. Idazte lanari dagokionez, munduan izan diren idazle guztien zama berbera jasan beharra dauka: bakardadea eta segurtasunik eza lana ondo aterako ote zaion. Ongi gogoan hartu, ongi barnean gorde eta ongi neure sentitu nuen Hemingway zaharrak, Nobel saria eman ziotenean, idatzi zuen diskurtsoa, honela hasten zena: “Idazleak bakarrik egiten du bere lana, eta behar bezainbat ona bada, egunero egingo dio aurre eternitateari edo bere gabeziari, egunero… idazlea ahal duena baino urrunago bultzatua dago beti, inork lagun ez diezaiokeen punturaino”.Gizartean euskal idazleok dugun lekua etsigarria da askotan. Euskara denen ahotan ibiltzen da, kontsigna moduan, ondo legokeen ezaugarri baten moduan, gorde beharreko altxor baten gisan, baina gero errealitateak ematen dizkigun datuak oso pobreak dira. Ikastolen aldeko festa erraldoietan 120.000 lagun biltzeko gai den herrialde honek bi edo hiru mila irakurle baino ez dauzka. Arrigorriagako jaietan ospatu den patata-tortilla lehiaketak egunkarietan leku gehiago hartzen du euskaraz idatzitako liburu askok baino. Oraintxe dira hogei urte nire lehen liburua atera nuela; geroztik atera dut urteak adina ale, gutxienez; itzuli dizkidate horietako batzuk; jaso ditut hainbat sari. Eta, adibide bat jartzearren, hogei urte hauetan behin ere ez naute eraman ETB 2ra nire liburu bati buruz hitz egitera. Nire kasua bakarrik balitz, tristetu egingo nintzateke, besterik gabe; baina larritu egiten naiz, ia euskal idazle denon kasua delako. Bitartean, zenbat txistoso, zenbat ahobero, zenbat lotsagabe, esateko askoz gutxiago zeukan zenbat alproja agertu ote da bertan, zenbat milaka ordu xahutu ote dituzte Madrilen ikusi ere egin nahi ez dituzten pertsonajerik zitalenen zaunkak eta builak jasotzen! Eta ETB ez da gu zokoratzen gaituen hedabide bakarra.
Euskal idazleok egunkarietan idazten ditugun artikuluak ez daude duintasunez ordainduak. Ematen ditugun hitzaldiak, ondo antolatuak egon arren ez daude, gehienak, duintasunez ordainduak. Komunikabideetan, udako elkarrizketa ezberdin horietan ez da apenas euskal idazlerik agertzen; hauteskundeen balorazioetan ez da euskal idazlerik elkarrizketatzen; tertulietan ez da euskal idazlerik agertzen. Eta euskal idazleak oso interesgarriak dira. Herrialde hau sentitzeko, ulertzeko, bereganatzeko eta interpretatzeko ahalegin berezi bat egiten duen jendea da idazlea. Irakurleak goza dezakeen estilo dotore hori lortzeko euskal idazleak liburu erljioso aspergarriak irakurri behar izan ditu, sintaxi, esamolde eta adierazpide haiei zukua eta mamia ateraz egungo bizitzarako balioko duen idazkera bat sortzeko. Eta hori dena egin du ezeren truke, indiferentzia orokorraren erdian, askotan bere etxekoek ere ulertzen ez duten grina sutsu batekin.
Horregatik, eta politikoki idazleak famatzea ondo ikusia dagoen arren gizarteak oso serio hartzen ez duelako, euskal idazleak kariño asko behar du; esaiozue horietako bati bere liburua asko gustatu zaizuela, eta haren bihotza eskuratua izango duzue bizitza guztirako. Horregatik, telebistak, kirolak eta turismo masifikatuak ez diotela gure adimenari borroka irabazi frogatzeko, euskal idazleak irakurle asko behar ditu. Horregatik, inork gomendatu ez zion lan bakarti eta isila egiteko bezain burugogorra izan delako, batzuetan bere lana aintzat hartua izan dadin behar du euskal idazleak. Gaur niri fortunatu zait sari hauek guztiak jasotzea, baina liburu eta idazle askok merezi dute halakoren bat. Isiltzera noa, zeren idazleok badugu gaitz sakon bat: lan luzeak egiten ohituta, hizketan behin berotuz gero ere luze jotzeko arriskua izaten dugu. Hurrengo libururako utzi beharko dut zerbait esan gabe.
Euskal idazlearen balada, balada zaharra da, aspalditik datorrena. Orain guri egokitu zaigu hura osatzen jarraitzea, eta uste dut literatura ederra ari garela osatzen denon artean.