Gaur egungo egoera politikoak kontzeptu berak adierazteko lurraldetasunen arabera termino desberdinak asmatzera eta erabiltzera bultzatzen omen gaitu.
I Euskaldunek nola erabiltzen ditugun hitz garrantzitsu batzuk aspalditik harrituta eta kezkatuta naute. Euskal, eusko, Euskadi, legebiltzarra, jaurlaritza, lehendakaria, besteak beste.
Aurrera joan aurretik, hizkuntzen berpizkundearen hastapenen ordainak eta etsaiek jarritako oztopoak kontuan hartzeko badira ere, historian zehar, eta batez ere azkenaldi honetan, euskararen aldeko erakundeek hartutako ekimen okerren erabakiak azpimarratzekoak dira. Kanpoko arazo hauek mingarriak izanda ere, -izan ere, aldi batean gaurko euskararen egoera tamalgarria etsai hauen azpijokoen eta mesprezuen ondorioa da- barrukoei erreparatu beharko diegu. Alde batetik oker horiek bideratzeko gure esku daudelako, eta bigarrenik, nazio kontzientzia pizteko hitz horien erabilera komunean ezinbestekoa izango delako.
Dena den, inork ez dezala aurki lerro hauetan kritikarik txikiena ere orain arte euskararekin harremanak eduki dutenentzat. Kontrakoa. Aurretik doa nire errekonozimendua. Beraz, lagungarria izango delakoan egingo dut hausnarketa hau.
Ezagunak dira Euskal Herrian gaur egun jasotzen ditugun muga administratiboak, muga geografikoak, eta muga juridikoak. Harik eta muga hauek hiru administrazioak bereizten dituzten arte. Halaber, aurrekoa bezain ezaguna da, hiru lurralde administratibo desberdin hauetan euskara dela ezaugarritariko komun bat.
Baina, ezagutzen ez ditugun arrazoi batzuengatik, aipatutako muga administratiboek, juridikoek eta geografikoek hizkuntzan eragin handia eduki dute. Leku gehienetan, ohi den bezala, gure herrian ere normalena izan beharko litzateke asmatutako termino berriak lurralde osorako termino berak izatea, eta ez bereiztea lurralde batekoak eta bestekoak. Izan ere, kontzeptu bera adierazteko Nafarroan era batean esaten da, Euskadin beste era batean, eta baliteke Iparraldean beste era batean izatea. Esate baterako jaurlaritza / Gobierno, legebiltzarra / parlamento, lehendakari / presidente… Bitxia da gero! Euskal Herria biztanlez eta lurraldez hain herri txikia izanda, euskarak ere Euskal Herria osatzen dituzten lurraldeak lotu beharrean bereizten du.
Hitz hauek eta antzerako hitzak bikoizteak zalantzarik gabe hizkuntzak aberasten ditu, esango luke baikor batek. Eta horrela da, sinonimoek ez dute egiten trabarik, baina hitz multzo bat lurralde konkretu baterako izatea, eta bestea besterako, susmoa daukat bi lurraldeak bereiztea baino egiten ez duenik. Normalena izango litzateke aipatutako terminoak, euskarazkoak direnez Nafarroan zein Iparraldean zein Euskadin berdin erabili ahal izatea, sinonimotzat jotzea, alegia. Bestela, horrela jarraituz gero, hiru hizkuntza administratibo desberdin edukiko dugu lurralde txiki honetan.
II Euskal edo eusko hitza hiztegietan begiratuz gero, hau edo antzerako zerbait aurkituko dugu: “Euskara izenak hitz elkarketan har dezakeen era”. Euskal idazleak, euskal liburuak, euskal liburutegiak, euskal gaiak… hots, euskararekin harremana daukaten hitzak dira.
Hortaz, euskal eta eusko terminoak Euskadin zein Nafarroan zein Iparraldean erabil daitezke; bada euskara Nafarroakoa, Euskadikoa eta Iparraldekoa baita. Azkenaldi honetan, aitzitik, hizkuntza administratiboan eta batik bat, erakundeen izen ofizialetan “euskal/eusko” hitza gehienetan Euskadirako soilik gelditu da. Ez naiz luzatuko gehiegi honekin, adibide ugari baitira: Euskal Autonomia Erkidegoa, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua, Euskal Estatistika Ereakundea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Kulturaren Euskal Behatokia, Popular Vasco-Euskal Legebiltzar Taldea, Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua, Kultura Euskal Kontseilua, Kirolaren Euskal Kontseilua, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusia… Ezbairik gabe, Nafarroako zein Iparraldeko zein Euskadiko erakunde publikoak izan zitezkeen. Baina ez dago zalantzarik, Euskadiko erakunde publikoak dira. Areago, hizkuntza administratiboan “euskal/eusko” terminoa ikusi bezain laster hitz horiek Euskadi esparrura esfortzurik egin gabe eramaten gaitu.
Zalantzatan ez gaude, hastapenetan “euskal/eusko” hitzen erabilera Euskadirako soilik izanda ere, batzuek asmo onez egin zutela, denboraren poderioz Nafarroa, Iparralde eta Euskadi lurralde bat baino ez zela izango pentsatzen omen zutelako. Inozoak. Inondik ere, garai horretan ere, bazeuden hitz berezi hauek amu gisa erabili zituztenak. Ez da beharrezkoa gogoratzea zer garai gogorrak ziren eta zaila izango litzateke Euskadiko Unibertsitatea izendatzea esate baterako, aurretik jakinda soilik Arabakoa, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa izango zela; askoz lasaiago eta errazago baitzen Euskal Herriko Unibertsitatea izendatzea, nahiz eta Euskadirako soilik izango zela jakin. Baina akatsak ahaztu, baikor izan gaitezen, eta iragana alde batera utzita, joan gaitezen egungo egoerari heltzera. Has gaitezen izenetik eta buka dezagun mamian. Orain, pil-pilean dagoen Euskadiko Liburutegi Nazionala, Euskal Liburutegi Nazionala, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala, edo delakoa izango dena. Kultura alorrekoa denez, eta funtzio batzuk, gutxienez, komunean izango direnez, ea behingoz, aspaldiko partez, izena mamiarekin bat datorren. Garaia da euskal hitzaren erabilera okerra zuzentzea, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala izan daiteke abiapuntua. Ea behingoz mamian, izenean, funtzioetan eta batez ere lurraldetasunean asmatzen dugun. Ea Euskal Herri osorako erakunde kulturala sortzeko gai garen.
Tristea baita, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea, Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa, Soin Hezkuntzako Erakundea… irakurtzea edo entzutea eta ez jartzea zalantzatan zein lurraldetako batzordea izango den. Oso gutxik, inork ez esateagatik, pentsatuko duelako Euskadiko erakundeak ez direla. Garaiz gaude oker eta kontraesan ugari hauek zuzentzeko. Azkenaldi honetan “eusko/euskal” hitzak erabiltzen diren bezala Nafarroaren eta Iparraldearen kontra jotzen duela agerian gelditu baita; areago erabileraren erabileraz, “eusko/euskal” terminoak “baskongadetarako baino ez baita izango. Dagoeneko oso gutxitan ikusten da, berriz, Nafarroako edo Iparraldeko erakundeetarako euskal hitza erabiltzea, nahiz eta euskal/eusko terminoa berdin erabil daiteke edozein euskal lurraldetan. Izan ere, eskertzekoak bezain salbuespenak dira hiru lurraldeetarako erabiltzen denean, hala nola, Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien lkartea (EIZIE), Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Eusko-folklore…
III Nafarroa – Euskal Herria – Euskadi – Dena delakoa.
Atal hau luzatzea merezi arren, ez naiz gehiegi luzatuko. Alde batetik, kontu hau azkenaldi honetan ondo bideratuta baitago, eta han eta hemen honen inguruko gogoetak eta eztabaidak abian baitaude. Izan ere, Euskadi terminoa orain arte oker erabili dugula agerian gelditu da.
Euskadi hitzaren erabileraren okerren kontra hasiera-hasieratik batzuk agertu baziren ere, garai luze batean erebil eta ontzat eman den izena izan da. Sabino Aranaren garaian “Euzkadi” hitza “Vasconia”rekin parekatu bazen ere, Autonomia Estatutua indarrean jartzearekin batera Euskadi hitzaren erabilera nahasia baino ez da izan. Batzuetan 7 probintzia adierazteko erabili delako, eta beste batzuetan, gehienetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batera adierazteko baino ez da izan, egun Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia izendatzeko baino ez omen da gelditu.
Gauzak horrela, ezbairik gabe beste izen bat aurkitu beharrean gaude euskal lurraldetasun osoa izendatzeko.
Euskal Herria izena, aitzitik, kultura aldetik eta baita politika aldetik ere ezin hobeto datorkigu, primeran jotzen du. Zazpi probintzien lurraldea definitzen duelako. Bestetik, ezaguna da, Euskal Herria, euskara erabiltzen duen herria adieraztetik lurralde osoa adieraztera iragan dela. Honen alde ere, lagungarria izan da Euskaltzaindiaren erabakia. Duela ez luze Euskaltzaindiak 7 probintziak batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena erabaki baitzuen. Hirugarrenik, ezaguna bezain arrakastatsua da, Nafarroa estatua izan den arrazoiaz baliatuz, eta inoiz izan bada euskaldun guztion egitura politikoa hori Nafarroa izan den argudioz aprobetxatuz, Nabarraldek egindako Nafarroa izenaren aldeko erronka. Laugarrenik eta azkenik, aipagarria da Gogoeta XXI kultur elkartea arestian honen gainean hasitako ikerketak.
Ezbairik gabe, oraingoz ikusitako terminoen artean ondo jotzen ez duen termino bakarra Euskadi da. De facto hiru probintziak batera adierazteko gelditu delako. Beste aldetik egoera politikoak erabilera egokia zail bihurtzen du, izan ere, Nafarroako eta Euskadiko Autonomia Gobernuak sortu zirelarik, irizpide juridiko, administratiboa eta politikoak nagusitu ziren, baina kultura, ohitura eta hizkuntza komunak izatea saihestu egin zen.