Euskal Herriak naziogintza behar du

Naziogintza Taldeak antolatuta, jarduera eta arlo intelektual ezberdinetako lagunek  gure egoera nazionalari buruzko gogoeta partekatua burutu genuen urtarrileko bi egunetan, Azpeitian eta Urruñan. Hamabost orduetan iritzi ugari trukatzeko aukera izan genuen, bat-etortze maila handiarekin, gure egoera linguistikoaz, politikoaz eta soziologikoaz. Bildutakoek gure nazioa une kritiko batean dagoela eta aurrera egiteko dinamika berriak behar dituela iritzi genuen, ziklo bat itxi zaigulako eta berriaren aurrean noraezean gabiltzalako.

Asko dira euskal nazioak aitzinean dituen erronkak: sozialak, ekonomikoak, demografikoak, kulturalak, ekologikoak…. Baina naziogintzari dagozkionak bi dira nagusiak, gure mintegian sakon aztertu genituenak: gure asimilazio nazionala (Frantzian eta Espainian) saihestea, eta gure burujabetza osoa lortzea.

Mintegian argi geratu zen euskal estatuaren alde lan egiteko naziogintza ezinbestekoa dela. Euskal kontzientzia nazionala gure gizartean zabaldu ezean, nekez lortuko baitu inoiz Euskal Herriak bere burujabetza osoa.

Era berean, estatugintzan aurrerapausoak eman ahal izateko, naziogintzaren bitartez euskal nazioa trinkotu eta sendotu behar dugu, nazio egiten gaituzten ezaugarriak (hizkuntza, batez ere) indartuz. Mintegian agerian geratu zen Herri zapalduek beren asimilazioa saihesteko eskura duten armarik eraginkorrena euren hizkuntza dela.

Espainiaren eta Frantziaren helburua euskal nazioaren erabateko asimilazioa da, eta estrategia planifikatuta dute aspalditik horretarako. Euskal gizarteak bere nortasun nazionalari eusteko erakutsi duen jarrera irmoa nabarmen ahultzen ari da azken boladan, eta gurean erreferentzia kultural eta soziologiko espainiarrak eta frantsesak nagusitzen ari dira. Horri aurre egiteko, naziogintza eta estatugintza, biak, landu behar ditugu. Euskaratik euskal pentsamendu propioa garatu behar dugu, eragin toxikoak deuseztatzeko. Eta euskal estatuaren alde jardun, hori baita ezinbesteko tresna euskal nazioaren biziraupena bermatzeko.

Abertzaletasunak izan behar du, gure iritziz, independentismoaren motorra. Ongizateak ezin du izan independentismoaren argudio nagusia, independentismo instrumental hori aldakorra delako, koiunturala. Ondo bizitzeaz gain, euskaldunok ere geure etxean eroso bizi nahi dugulako, ez gaur egun bezala, arrotzen modura.

Arlo linguistikoari dagokionez, kezkaz ikusten dugu egoera. Euskararen erabilera behera doa edonon, batez ere gure arnasguneetan. Estrategia nazionala falta da hizkuntzaren arloan eta euskalgintza, hein handi batean, erakunde publikoek edo alderdi politikoek kontrolatzen dute. Euskaltzaletasunak ez du ordezkaritza instituzionalik. Euskararen aldeko aktibismoa nabarmen otzandu da, erakunde publikoek euskalgintza limurtu dutelako eta beren diskurtso ofiziala (“euskararen egoera ona da; aurrera goaz”) jendeak sinistu duelako, alderdi desmobilizatzaile gisa jokatuz. Aktibismoa berpizteko hizkuntzaren aldeko presio-taldeak behar dira, eta proposamen berri eta anbizio handikoak plazaratu beharra dago.

Proposamen horietako bat aurkeztu zen mintegian: hizkuntza-lurraldetasunarena. Funtsean, gure nazioaren eremu euskaldunenetan hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioaren ezarpena planteatzen du proposamen honek, Belgikan, Suitzan edo Kanadan egin zutenaren antzera. Begi onez ikusten dugu proposamena, “arnasguneei” eduki praktiko eta estaldura legala emango liekeelako. Halere, gaia konplexua da, eta oso ondo azaldu behar zaio euskal gizarteari gaizki-ulertuak eta mesfidantzak sor ez daitezen.

Kritika berezia alderdi politiko abertzaleei: euskararen arloan ez dute behar adina egiten, eta euskara ez dago haien lehentasunen artean.

Ez da hobea gure egoera sozio-politikoa. Hego Euskal Herrian, alderdi politiko abertzaleak marko estatalera egokitu dira. Kataluniaren aldean, une honetan gurean ez dago gatazka politikorik edo inongo konfrontaziorik estatuekin. Autodeterminazioa edo independentzia ez daude alderdi politiko abertzaleen agendetan, beste batzuk direlako orain haien lehentasunak. Gure ustez, prozesu independentista bat abian jartzeko eta autodeterminazioa gauzatu ahal izateko aldebakarreko bidea da lehenetsi beharrekoa, aldebikotasuna (edo hirualdekotasuna, bi estatuak inplikatuta daudelako) ezinezkoa delako berdinen arteko harremanik ez dagoenean.

Espainiarekin edo Frantziarekin ez dago ezer adosterik gure autodeterminazio-eskubideaz. Mugimendu independentista baten helburuak ez lukeelako izan behar estatu zapaltzailea konbentzitzea, hari zilegitasuna kentzea baizik.

Azkenik, gure lurraldetasunaren korapiloa askatzeko ezinbestekoa dakusagu euskal nazioa trinkotzea. Euskal Herri mailako talde eta erakundeak saretuz, nazio ikuspuntuko egitasmoak zabalduz eta, bereziki, euskara indartuz. Euskara baita euskal nazioa trinkotzen duen lokailurik sendoena, nazio egiten gaituena, Euskal Herriari izena eta izana ematen diona.

Naziogintza Taldea (Luken Etxabe, Jose Inazio Lz. De Luzuriaga, Eneko Bidegain, Joxe Manuel Odriozola, Karmelo Landa, Miren Elizagarai, Joseba Alvarez, Tontxu Campos, Patxi Otamendi, Nerea Markaida, Benat Castorene, Filipe Bidart, Elena Berazadi, Patxi Azparren, Naroa Sasieta, Begotxu Olaizola, Iñaki Lz. De Luzuriaga, Ainara Maya, Asun Landa, Xabier Arregi, Joxe Azurmendi, Andoni Sarriegi, Paulo Iztueta, Xabier Irujo, Garbiñe Ubeda, Jose Mari Pastor, Ibai Iztueta, Juan Martin Alegria, Maialen Pery, Joanita Azurmendi, Joxe Mari Azurmendi, Urtzi Ihitza, Gilen Mejuto)

Noticias de Gipuzkoa