Euskal errepublika konfederalaren aitortza proposatu zuen Zumalakarregik

Oso sartuta dugu Espainiako ikuspuntua gure baitan, baina Karlistadak benetako nazio askapenerako borroka izan zirela nabarmena da.

1919. urtean National Geographic-ek argitaratutako Europako mapa etnikoa

Foruak eta gu

Jose Mari Esparzak argitaratu berri duen Zumalacárregui y la República de los Pirineos liburua irakurriz gero, Karlistadak benetako nazio askapenerako borroka izan zirela antzematen da, eta ez soilik tradizioa eta modernitatea, absolutismoa eta liberalismoaren arteko talka bat, hainbestetan errepikatzen zaigun bezala. Hain sartuta dugu Espainiako ikuspuntua gure baitan…

Baina orduko egunkarietako kronikak irakurriz gero — gehien bat, kanpotarrak –, ikusten dugu nola berehala ohartu ziren euskaldunen motibazio nagusia beren foruak defendatzea zela, eta ez Carlos erregearen alde egitea. Mikel Soraurenek aurkitutako eskutitz batean oinarritzen da testua, eta bertan aipatzen da nola 1834an Zumalakarregi jeneralak, Carlos erregegaiaren babesik ezaren aurrean, euskal errepublika konfederalaren aitortza egitea pentsatu zuen, hori baitzen euskaldunen borrokarako grina. Hots, XIX. mendera arte nolabaiteko independentzia babestu zuten foruak edo lege zaharrei eustea.

Eta zer da “foralitatea”? Hitz gutxitan esateko, geure ohituretan eta izaeran oinarritutako gizartea antolatzeko sistema oso bat. Munduaren eta gizartearen berezko ikuskera eta filosofia bat. Gaur, aldiz, “Foru” Diputazioen eskumen fiskal gutxietara mugatzen ohi da kontzeptuaren erabilera: zeharo murriztu da haren esanahia, beraz.

XIX. mendean Foruak ordezkatzeko ezarri ziren Hitzarmen ekonomikoak, nahiz eta Erdi Aroan eta Aro Modernoan bildu ziren Foru araudietatik haratago, ikertzaile batzuek diotenez, Pirinio osoan, Kataluniatik Euskal herrira, mendilerroaren bi isurialdeetan, indarrean egon zen legedi oso bat den “foralitatea”. Herri, bailara edo eskualdearen esparrutik hasita, eremu orokorretaraino (Nafarroako foru orokorra edo Bizkaiko foru zaharra, esate baterako) zabaltzen zena. Aurrekoan esan bezala, gizarte eredu oso baten ispilua zen. Gaur Foruari ematen ohi zaion esanahi murriztutik bereizteko, aspaldi honetan “Zuzenbide Piriniarra” deitu izan zaio sistema honi.

Ezaugarri gutxi batzuk aipatzearren, gaurko muturreko indibidualismoan ez bezala, norbanakoek gertuko komunitate bateko kidetzat hartzen zuten euren burua, eta batzarrak ziren haren oinarri politikoa. Ekonomia arloan, lurrarekiko lotura estua zen, eta herri-lur edo komunalaren jabego komunitarioa ez zen mendi edo basoetara mugatzen; meategietara ere hedatzen zen, burdinaren etekinak herrian mantenduz. Orain arantzelak edo muga-zergak pil-pilean daudela, gogoratu behar da ordura arte gure aduanak Ebron zeudela, eta ez genuela Espainiako armadan derrigorrez parte hartu behar.

Hau guztia gordetzeko borrokatu zuten karlistek, eta bertako liberal asko ere alde zeuden. Izan ere, foruak galbidean jarri zituztelarik, euskal liberal askok Foruen aldeko jarrerari eutsi zioten, eta beren aldeko defentsa sutsua ere sustatu zuten. Baina alferrik… Beste behin ere, gureak ez diren gatazketan murgiltzean, euskaldunok beti galtzaile. Noizbait ikasiko al dugu?

Gai sakon hau urtarrilaren 25ean Bilboko La Bolsan egin genuen mahai inguruan aztertu. Ezinezkoa da Bizkaiko memoria galdua zikloan egin ziren hitzaldi guztien laburpena egitea, baina zeozer argi geratu baldin bazen, geure historiaren euskal-nafar ikuspegiaren premia eta beharra izan zen. Halaber ere, Gernikako Astrako goizeko bileretan solasgaia hauxe izan zen, eta laster beste aukera bat izango dugu honi buruz ikasteko, Nabarraldek antolaturiko ikastaroan.

Azken finean, geure etorkizuna mamitu nahi badugu, ezinbestean, nondik gatozen aintzat hartu behar dugu, geure iparorratza zuzen iparrera begira jartzeko. Baldin eta independenteak izan nahi baldin badugu, noski.