Sabino Arana Goirik (1865-1903) Euzkadi hitza – geroztik Euskadi bilakatu dena – sortu zuen 1893an Euskal Herri osoaren izen politikotzat, gure lurralde historiko guztiak horren baitan bilduz. Axularrek bere Gero liburuko hitzaurrean 1640 urtean Euskal Herriko partaide bezala izendatu zituenak dira Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Lapurdi, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba (Alaba-herria), gaurko grafian emanez. Sabinok bere gisan eta bere grafian abarkatu zituen Euskeldun Batzokijako araudietan (1894), zehazki 7. zatian (Confederacion), haatik Nafarroa (Nabarra) bi zatitan banatu gabe. Baina gure bi auzo handiek euskaldunen erresuma zatitu zuten 1200 urte inguruan hasiz, eta gero Nafarroatik gelditzen zitzaiguna bulta honetan bi lurraldetan moztua dago. Beraz Euskal Herria edo Euskadi Axularrek izendaturiko zazpi euskal lurralde historikoen orokortasuna da zalantzarik gabe.
Hortik “Zazpiak Bat” lema, Arturo Campion idazle nafarrak 1876an asmatu zuena. Haatik aurrekariak bazituen. XVIII. mende erditsutan Jean-Philippe de Béla mauletar zaldunak idatzi zuen “On divise les Basques en sept pays ou provinces”. Bere aldetik Aita Larramendik, zenbakirik aipatu barik, euskal lurraldeen elkartzeko xedeari bide bat ireki zion. Berantago Garat gazteenak Napoleoni eskatu zion mugaren bi aldeetako euskal lurraldeak bil zitzan inperioaren baitan, “les quatre cantons Basques espagnols et les trois cantons Basques français” elkartuz. Kantonamendua Suitzako adieran erabiltzen du, ez Frantziakoan. 1836an Agosti Xahok euskal gramatika lan bat agertzen du Anton Abbadiaren hitzaurre batekin, eta liburua eskaintzen dute “Zazpi Uskal-Herrietako Uskalduner”. Kontzeptua errepikatuko du idazle zerrenda luze batek: Louis-Lucien Bonaparte printze euskaltzaleak euskalkien mapa famatuan, Hiribarren, Arrese-Beitia, Casal, Ibarrart, Mendiague, Otaño, Adema-Zalduby, Otxalde, Zapirain, Mixel Labéguerie, Etxahun Iruri, eta beste frankok…Halaber Sabinoren ikurriña beretzen dute lurralde guztietako euskaltzaleek eta orokorkiago herritar soil askok.
Egia da Zazpi zenbaki horrek arrakasta gehienik Iparraldean duela. Hegoaldean maizago erabili dira Irurac Bat eta Laurak Bat lemak. Irurac bat XVIII. mende erditsutan asmatu zuten Azkoitiko zalduntxoek, hiru Baskongaden batasuna aldarrikatuz, hots Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko elkargoa, eta xede hori da gaur betetzen dena. XIX.ean Laurak Bat oihustatu zuten euskaltzale karlistek, eta beste hori da Iparragirrek Gernikako Arbola himnoan bere gain hartzen duena. Hendaiako muga Hegoalderantz gainditzeko unean “Hara Espainia” abesten du. Baina gu Iparraldekoak zer gara? Frantsesak naski, Euskal herritik bazter utziak. Baina gure bardo nazionalari barkatzen ahal diogu bere garaian kokatuz, duela laster bi mende. Gainera merezi luke delako himnoa Euskal Herri osoko ereserki nazionaltzat har diezogun.
Sabino Aranaren 1896ko gramatika liburuan agertu zen armarria (https://eu.wikipedia.org/wiki/Zazpiak_Bat)
Horren lauko ametsa bederen bete bazen, bainan ez, hori ere hilortu. Alta bada Gernikako araudiak Nafarroa Garaiari atea irekirik uzten dio, haatik nafar eskuin anti-euskaldunak muzin egiten dio, PSOE alderdiak ere bai, 1932ko iruzurra errepikatuz, erreferendumik ez eginez. Euskaldunak hain aberatsak gara non Hegoaldean bi autonomia baditugun, bi parlamentu, bi gobernu, bi hiriburu ehun kilometrotan, baina botere gutirekin, beti Espainiak zalantzan jartzen dituen eskumen eskasen jabe ahulak. Dena dela, nahiz biek euskaldunetik baduten, Baskongadetakoak labela monopolizatzen du, Euskadi / Pais Vasco izena Irurac Bat horretan bahituz, beraz Iparraldea eta Nafarroa Garaia deskalifikatuz. Horretan ardura handia du naski euskal eskuinak. Finki oroitarazi behar zaio jadanik badakiena, Baskongatetako eskualde autonomoa Euskadi osoaren zati bat baizik edo besterik ez dela.
Haatik iduri zait euskal ezkerraren erantzuna ez dela behar lukeen mailakoa. Euskadiren ordez Euskal Herria izena erabiltzen du, baina horrek bi akats baditu: batetik Euskal Herria euskararen lurra da, polikatik at; hara zergatik Sabinok Euzkadi baliokidea asmatu zion politikarako. Bestetik Euskadi labela Irurac Bat horri uzten dio, Euskadi izena Euskal Herria izenetik aldenduz, biek ber adiera dutelarik: Axularren zazpi euskal lurralde historikoek osatzen duten sabindar aberria. Haatik txarrena da biak Baskongadetan bahitzea euskal eskuineko batzuek egiten duen bezala.
Enbata