Europa populatu zuten biztanleen jatorria

Garesen, pasa den 7an egindako Euskararen Jatorriaren VI. Biltzarrean, inoiz aipatua izan den baina modu zientifiko batez orain gutxi arte baieztatu gabe egon den teoria entzuteko aukera izan genuen: Europako Mendebaldeko populazio prozesua. Genetikaren bidez datorren teoria horrek laguntza handia emango ei dio hizkuntzalaritzari.

Hasteko, azken urteotan gero eta gehiago entzuten ari zen teoria bertan behera utzi bide du: erromatar garaiko euskal tribu batzuk, karistiarrak esaterako, ez zirela euskaldunak. Genetika eta hizkuntzak beti batera ez direla joaten jakinda ere, gaur egungo azterketa genetikoek diotenez, Euskal Herriko herrialdeetan bateratasun genetiko handia dago, eta jatorri oso desberdineko herritarrak izan balira, genetikan nolabait igarri beharko zen.

Hedabideetan Oxfordeko genetista den Stephen Oppenhaimer aipatuena izan bada ere teoria honen defendatzaile gisa, esan beharra dago biltzarrean beste hiru genetista gehiagori entzuteko aukera izan genuela ildo antzekoetatik: EHUko Biomics ikerkuntza taldeko Sergio Cardosori, Unibertsitate Complutenseko Antonio Arnaizi eta, mahai inguruan, EHUkoa ere den Marian Martinez de Pancorbori.

EHU barruan kokatuta dagoen Biomics ikerkuntza talde horretakoak dira Sergio eta Marian, eta hamarkada luzea darama genetika azterketak egiten Euskal Herrian, diasporan eta inguruko herrialde batzuetan. Horregatik, biltzar honetan euren presentzia ezinbestekoa zen «etxean» egindako azterketak ezagutu ahal izateko.

Sergio Cardosok genetika gai korapilatsu hori modu didaktiko eta ulergarri batez azaldu zuen. Berak dioenez, Europa mailan orain arte egin diren ikerketa genetiko asko, eta haiek egindakoak ere, ildo antzekotik doaz, hala-nola Torroni, Alfonso-Sanchez, Alonso, Lopez-Parra, Valverde… alegia, izotz garaia amaitu ahala, hiru aterpe nagusietatik atera zirela Europa populatu zutenak. Batetik, Balkanetatik eta Ukraina aldetik ekialde osora zabaldu ziren, eta, bestetik, franko-kantabriar aterpetik mendebalde osora. Bi mugimendu nagusi horiez gain, ekialdetik mendebaldera ere mugimenduren bat izan zen, eta alderantziz, mendebaldetik ekialdera, baina bi mugimendu horiek indar gutxiagokoak izan ziren.

Datu horiek hain argi atera ahal izateko, zalantzari zirrikiturik utzi gabe, belaunaldi batetik bestera pasatzen diren eta inolako aldaketarik ez daukaten DNA mitokondrila (amarena) eta Y kromosoma (aitarena) aztertzen dira. Horri esker, Europako herrien zuhaitz genetikoa egin ahal izan dute, eta, hasierako abiapuntua, orain dela 50.000 urte inguru, Ekialde Hurbilean kokatzen dute.

Datu horiek baieztatzen dute Joxemiel Barandiaranen teoria: euskal populua gutxienez 8.500 urte bizi izan da lurralde honetan. Esan beharra dago teoria hori zalantzan jarria izan dela, eta orain argi eta garbi baieztatuta geratu dela.

Antonio Arnaizek Arratia eta Kantabriako haran batzuetako herritarren artean egindako azterketa genetikoetan antza handiagoa aurkitu du, beste herrialdeekin alderatuta baino (espainiar edo frantziarrak oro har, argeliarrak, berebereak…). Ondoren, Stephen Oppenhaimerri entzuteko aukera izan genuen. Oxfordeko irakasle horrek, zelten teoria baztertuta, irlandar, galestar, eskoziar eta britainiarren geneen %75a hemengo aterpetik etorri zela esan zuen.

Baina biltzarrak gauza gehiagorako eman zuen. Arratsaldean Mendigorrian dagoen Andion (Andelos latinez) herria bisitatu genuen, eta, ondoren, herri horretan aurkitutako iberieraz idatzitako esaldiari buruz dauden interpretazio batzuk ezagutzeko aukera izan genuen, Bienvenido Mascaray, Josu Naberan eta Antonio Arnaizen eskutik. Harrigarria da horrelako idazkun batek eztabaida eta ikerketa gehiago sortu ez izana.

Ondoren, Agosti Xahoren hizkuntzalaritza lan bat ezagutzeko aukera izan genuen, Aitor kantabriar kondaria. Han, orain 200 urte jaio zen Xahoren proposamen etimologiko batzuk aztertu ziren: eske (eskuineko eskuaz egiten zen/den ekintza), esker (antzina «ezker»-eko eskuaz eskertzen zena), eskuara (esku-era, alegia, hitzak erabili baino lehen keinuz adierazteko era)…

Gero Irish and basque words bideo interesgarri bat ikusi genuen, Séighean Ó Draoi irlandarrak egina. Bertan, gaeleran dauden eta euskarazkoak izan daitezkeen hitz batzuk aztertzen dira, baita mitologia kontuetan kasualitatea izatea ezinezkoa den antzekotasun handiko legendak.

Amaitzeko, Iruña Veleiaren gaian azken urte honetan gertatutako bi gertakizun aipatu ziren, bata positiboa eta bestea guztiz negatiboa. Batetik, Gasteizko Epaileak, Eliseo Gilen datazio-eskaera onartu izana eta, bestetik, Julio Nuñezek egindako sarraski arkeologikoa, hondeamakina harlauzetaraino sartuz, horietako batzuk apurtuz eta gainerako guztia (hormak, hondakinak…) isurtegira botaz.

Azken biltzar hau egin diren guztietatik arrakastatsuena izan dela esan beharra dago, hizlariek ederki azaldutako gaiengatik eta biltzarrean egondako partaideengatik, 75 inguru, Iñaki Perurena eta Xabi Otero barne.

Euskararen eta euskal kulturan euren arrasto garrantzitsua utzi duten Louis Lucien Bonaparte, Humboldt, Victor Hugo eta beste atzerritar askoren antzera, Oppenhaimerrek, hemengo Cardoso, Pancorbo eta Arnaizen laguntzarekin batera, agian historia liburuetan egunen batean irakatsiko den informazio oso baliagarria utzi digute. Eskerrik asko denoi.

Txostenak ikusteko: www.euskararenjatorria.eu

 

Berria-k argitaratua