INTRO. Gasteizko legebiltzarrean Ibarretxe Plana deritzonaren ustekabeko onarpen parlamentarioa, abenduaren 30ean, bateratsu etorri da Espainiar Resuman europear konstituzio tratatuaz 2005eko otsailaren 20rako deituriko referendumarekin. Prozesu bion gainjartze honek – europear berrespenarena urriaren 29an ireki zen Romako Capitolioan, non textuaren sinadura solemnea egikaritu baitzen Nazioarteko Konferentziak onarpenaren ondoren – bide ematen du, ene ustez, arazo batzuen gainean gogoetak egiteko, ene irudiz, interesgarri litezkeenak. Bego argi ez dudala adierazi nahi, lerro hauen bidez, ene bat etortze edo adostasun eza ekimen batarekin zein bestearekin. Ez da ere ene asmoa neure burua vasco edo espainiar subdito gisa aditzera eman. Europear hiritar naizen ber espero dut ezen norberaren naziotasuna norberaren arazo eta hautu izanen dela – egun Europan hala nola religionea den – pertsonen arteko liskar eta zatiketa zio izateari utziaz. Kontua ez da jada europear espazioa nazionalizatzea nola XVIII. mendearen erditik burutu baitzen Estatu-nazioaren ereduaren bitartez. II.Gerrate Mundialaren ondoren, europear integrazio projektuak nahi du Europa, behingoz, komunitarizatu, Athenetatik Lisboaraino, Bilbotik Helsinkiraino. Ene iritziz, konstituzio tratatu zeinaren berrespena eskatzen den, kontinenteko batasuneranzko beste urrats bada ere, ez da pauso nahikoa. Oraingoan Estatu-nazioekiko menpekotasun handiegi duen Batasuna agerian uzten du. Europa areago Europago behar da.
Bere aldetik, Euskadi Komunitatearen Estatutu Politiko Berriaren proposamenari ere europear ikusmirarik falta zaio. Soilik artikulu bakarrean, textuaren amaieran, dihardu da Europear Batasunaz (art.65), nahiz eta beronetaz aipamen zenbait badiren jasoak beste xedapenetan (art.7/43/55/56). Hala ere, deus ez da aipatzen europear hiritartasunari buruz textuan hiritartasunaz (herritartasunaz, sic) eta naziotasunaz aritzen denean (art.4); ez eta kontuan hartzen eskumenen banaketarako (art.43-54) politika publikoak hein batean jadanik europear instituzioen eskuetan daudela. Textuaren ikuspegia, ene aburuz, estuki mugatuta dago espainiar Estatu eremuari, eta ez du ematen antzeman duenik hogei urtetik hona, eta, batez ere, geroan, etorkizuna garatuko dela estatugaineko eremuan.
1. HISTORIARI BURUZ ZERBAIT ” ma non troppo “. Europaren bahiketa, Tiro/Sidoneko Agenor regearen alabarena, greziar eta mendebaldeko mitologiaren pasartea dugu zein Herodoto-k, Varron-ek edo Ovidio-k jaso baizuten. Episodioaren irudirik ezagunena Rubensena dateke, Nafarroako Henrrykeren eta Sully ministroaren ” Grand Dessin ” aren garaikidea, alegia. Egun ulertzeko gaitz izan arren, bada, mendetan zehar Europaren ideia ezkuturik egon zela beste idearioek estalita: nagusiki Khristiandadeak, baina baita romatar imperioaren desagerpenaren ondoren osatuz joan ziren egitura politikoek ere. Joana Albrechtekoaren semeak – zeinen amak Leizarragari Testamendu berriaren euskarapena agindu baitzion – eta bere ministroak asmatu zuten plana, europear batasunerako, ez zen inoiz imprimategitik haratagora heldu. Ezta ere Voltaire-k Europan hauteman zuen ” République des lettres ” garatu ahal izan. XVIII. mendearen erditik Europan ekin zitzaion ” ancienne régime ” -ko egitura politikoen eraldatzeari, horietatik sistema nazionalak altxatzeko.
Ondorioz, bi mendetan zehar milioika europear sakrifikatu zituzten zenbait patria bandereenpean. Estatu-nazionalak argi utzi zuen asegabeko europear-irenslea zela, Moloch phoeniziarrak mendekua hartu nahi izan bailuen alegiazko bahiketa harengatik. Ideolatria nazionala, zinez ideologia bitxia, zeinaren arabera historiaren perfekzioa Estatu-nazioan zertzen eta gorpuzten baita, bereganatua eta ezarria izan zen milioika lagunen gainean, eta religione-gerrak ordezkatzeko bidea eman zuen. Hortaz, iraultza frantsesarekin batera anitzetariko nazioarteko liskar aldia abian jarri zen, Estatu-nazioak ekin zion norberak baino historiaren zehaztasun ez hain perfektuzko beste nazioak azpiratzeko asmoari. II Gerrate Mundialeko apokalipsiak bidea eman zion aldarrikatzeko europearron talde txiki bati “paradigmaz aldatzeko beharra”. Goraipamen nazionalari oreka emateko europearren arteko interesen komunitarizazioa sustatu nahi zuten. Schuman Adierazpenak, 1950 eko maiatzaren 9koak, jarraipena eman zion prozesuari zein zenbait hilabete lehenago instituzionalizatu zuten Europako Kontseiluaren bitartez. Estrasburgeko lehenbiziko organizazio honek helburutzat izan zuen eskubide eta libertateen bermea – Charta batean oinarriturik -. Horretarako, estatugaineko kontrol jurizdikzionala ezarri zuten. Jean Monnet-ek projektatu zuen Erkidegoak, ordea, alor ekonomikoan zuen oinarri, eta beste sektoretara hedatu zen zenbait urteren buruan Merkatu Komuna ezartzeko. Soilik berrogeita hamar urteren buruan 500 milioi europear biltzen duen Batasuna konstituitzera iritsi gara Konstituzio-Tratatu baten berrespen prozesuan murgildurik.
2. AURRESKU. Estatutu edo Konstituzio reformei buruz ari garenean, ez dezagun begibistatik gal ezen Europan abian jarritako integrazio projektua, planeta osoari hedatzen den prozesuaren zati eta atal baino ez dela, zeinari globalizazio edo – nahi izanez gero zitroi bertsioan – macdonalizazio dioguna. Egun, espazioaren nazionalizazioa uler daiteke hemeretzigarren mendeko gurari edo antigualekoa, bai Estatu propiorik gabe projektu nazionalaren aldeko asmoak dituztentzat bai eta Estatu-nazioaren hilezkortasunaren alde daudenekiko. Nire aldetik, estatu europearra nahiko nuke. Letra xumean -estatua-; ez ideario neoliberal baten Estatuaren adierazpenez, baina izateko izaera (estar-estado) zehazpen bezela. Europan europear moduan izateko izaera ( geroko Estatu europearrerako beharrezko izaera, alegia ). Ene aburuz, nazional edo nazionalista baina izaera erakargarriagoa. Gauza jakina da jende askorentzat Europa urrun dagoela; europeartasuna besteren afera dela, eta haientzat Europak baluke zentzurik – soil-soilik edo funtsean – ikusmira nazioaletatik. Pentsakera nazionalista honen arabera, garrantzitsuena espazio nazionalei eustea edo eraikitzea da, bai eta abertzaleak sortzea. Beraz: Frantzia eta frantsesak, Espainia eta espainiarrak, Euskadi eta vascoak.
Halako ikuspegi nazionalistek – Tratatuaren art.I-1ean hiritarren borondatea onartu arren – badiraute europear konstituzio tratatuaren zutabeetan (art.I-5) , eta, bistan denez, Estatuko textu konstituzionalaren eta autonomia estatutuaren habeak ere. Ene aldetik, ordea, textu horiek eskaintzen eta projektatzen duten jarreraren aurrean, europa +agoren eta univertsaltasun +agoren alde aldarrikatzen dut: bai “egiazki diren estatu-nazionalak”, bai “egiten ari diren projektu nazionalak, edo Europan den Estatu-nazionalen federazioa horien guztien aurrean. Bistan denez, xedea ez da europeartasuna molde berean bizitzea Budapesten edo Lisboan; Dublinen edo Varsovian. Europan, besteak beste, europeartasunak eleaniztasuna erran nahi du. Eta ez soilik, asko direlako europearron hizkuntzak, baizik eta europeartasunaren konstrukzioan beharrezkoa delako europearrok gure izaeran guregana dezagun kontinentearen pluralitate linguistikoa. Erran nahi baita, elebakartasun gran-nazionalaren aurrean ( castellano, frantses, anglo, aleman, italiano…) norberarengan gara daitekeela europear kultur pluralitatea. Helsikin ikusmira honek eramango luke jakitera finesa ez ezik, suediera, angloera eta beste hizkuntzaren bat, eslavieraren bat, hurbiltasunagatik. Bilbon, ordea, gazteleraz ez ezik, euskera eta angloeraz gain, frantzesa. Alegia, guztiontzako lingua franca bat eta bertoko eta hurbileko hizkuntz konbinazioa.
Beharko litzateke kontuan izan ezen Europako kulturek hainbat elkarren arteko osagai komun – osagai gehienak, alegia – eta zenbait berezitasun dutela. Osagia komunak dira hainak zeinek ahalbideratu gaituzten europear projektua partekatzera milioika europearrekin batera. Osagai komunak datozkigu, gehien bat, ondare greko-latinotik, zeinak azken mendean igortzen dituzte Europatik kanpoko plataformatik igorle amerikarraren berezitasunarekin batera. Globalizazio/Macdonaldizazioak aukera eman digu antzemateko ezen hainbat televisione kanaletan – milioika europearren eskura – eta hizkuntz ezberdinetan klonalizazio mediatikoa gauzatzen ari dela. Hainbat aldaera linguistikoetan programazio bateko kaiku-kulturaz gain, europearron arteko komunikazio eza, badira integrazio prozesuaren ahultasun eta itzal nagusienetarikoak. Ratifikazio konstituzionalera garamatzate nazio bakoitzaren arabera eraikitako zulo mediatikoaren bidez, zeinek era mimetikoan kultur modelo exogeno berbera barreiatzen duten. Kultur nazionalek nahiko luketen ikusmira universala ez dator bat egiatan erakusten duten lokalismo uniformetzailearekin. Ez dago ez egunkaririk, ez astekaririk edo hilabetekaririk, televisione katerik edo irrati europearrik europearrei komunikatzeko eta kontinentean bizitzen ari denaz berri izateko bidea ahalbideratuko dienik; komunikazio hau geroko europear iritzi publikorako oinarritzat balio lezake. Europeartasuna poliki eta astiro dabil.
3. AGUR JAUNA. Estatu konfesionaletik Estatu nazionalerako iraganbidea luze eta neketsua izan zen. Osagai bien konbinazioa eta nahasmena – religione eta nazionalismoa – bihurtu da, ondo dakigunez, lehergai. Ideologia nazionalistarentzat naziotasuna erabiltzen da osagai religiosoa bailitzan. Soilik onartzen da fede nazional bakar bat: naziotasun bakarra. Fede nazionala eraikitzen da oinarri esentzialisten gainean eta histeria discursivoa askatzen dute heterodoxiaren/disidentziaren aurka. Nazionalistak: bai holakotzat bere burua onartu eta adibidez Bonaparteren mapa linguistikoaren irakurketa politikoa bultzatzen dutenak – Zazpiak bat, Euskal Herria- ; bai eta espainiar moduko konstituzioaz jasten diren haiek, defenditzeko, ez hirutasun santisimarena baizik eta rege katolikoen herentzia omen den nazioaren disolbaezintasuna eta zatiezintasuna; edo hainak zeinek republikar irudikeriaz Frantzian divertsitatea ezabatu duten, batzuek eta bitzuek – Europako alde honetako adibide batzutara jotze arren – nazioaren batasunean goi-goreneko ondasuna dakusate non “interes nazionaleko” edo “estatu arrazioaren” jainkoek aldian-aldian sakrifizioak exijitzen dituzten. ” Haiek eta gu “. “Haien” gainean kupidarik gabeko kritika, baina “gu” delakoaren gaineko kritikaz tabua ezartzen da.
Religonearen projekzio honek politikan talka egiten du universalitatearekin, zeina hautemanagoa baita egunetik egunera planetan. Polisa Kosmosaren tamaina hartzen ari da. Cosmopolis honek, zeinaren partaide baikara, ahalbideratzen digu izaerak eta exijentziak sortzea muga nazionalez haratago. Bistan denez, gizakiaren aventurak XXI.mendean ez du aukera berak aurkitzen baldin eta, zilegi bekit metafora, zeharkatzeko bidea Paris-Dakar bada, edo bidaiaren norabidea kontrakoa bada: Dakar-Paris. Alabaina, bateratzea aitzina doa planetan, nolabait, gizakien arteko banaketaren milioika urteen ondoan, giza-espeziea berbiltzera baitlihoa.
Ez da dudarik ehunka milioi lagunen komunitateen kudeaketa belaunaldi askotarako zeregin dela eta beronen administrazioak beharko du arkitektura organizativo komplexua. Europan, berrindartu zentru polikoaz gain, beharko dira garatu europear izaerako espazio regionalak. Integrazio prozesuaren geroko egiteke dagoen irakasgaia, hain zuzen.