Teoria makroekonomiko berrien arabera, produkzioak errenta sortzen du eta errentaren osotasunak eskari osoa sorrarazten du. Hortaz, nola egon daiteke desberdintasun numeriko bat eskaintza osoaren eta eskari osoaren artean? Eta baldin eta eskari osoaren gabezia langabezia patologikoaren ezaugarria bada, nola adieraz daiteke stagflazioa: inflazioa gehi langabezia? Inflazioa eskaintza osoaren gaineko eskari osoaren gehitze gisa definituz, gerta ote daiteke benetan eskari osoa, batera, eskaintza osoa baino handiagoa eta txikiagoa izatea?
Schmitt ekonomialariak erakutsi duen moduan, inflazioak eta deflazioak jatorri komuna daukate: kapital-metaketaren prozesu patologikoa. Horrek ez du esan nahi, hala ere, bi anomaliak halabeharrez konkomitanteak direnik. Beraien jatorri komunak ez ditu kausa bakar baten ondorio bizkiak egiten.Gaurko bankugintzaren jardueraren arabera, mozkinak (birbanatuak zein inbertituak izan) kontabilitate-departamentu soil eta bakar batean sartzen dira. Horrela, diru-errentaren eraketa eta kapitalaren eraketa nahasten dira. Irtenbidea, hortaz, mozkin horiek banatzean eta bi departamentu desberdinetan sartzean datza.
(i) Lehendabizi, lehengo bi departamentu horien arteko bereizketak segurtatzen du ezen bankuen finantza-departamentuan erregistratutako edozein gordailuk substantzia, eduki bat daukala, hau da, kontsumo-ondasunen stock bat, erosteko ahalmenaren helburu gisa. Banku-kreditu gehiegi sortzea alboratuz, bikoiztasun horrek segurtatzen du ezin dela sortu gordailurik lapitz-kolpe baten bidez soilik. Existitzeko, edozein gordailuk banku batek monetizaturiko ondasunen eta zerbitzuen produkzioa irudikatu behar du; izan ere, ondasun ekoiztuen merkatuan output-a saldu arte, azken output hori monetizatzen deneko forma monetarioak baitira banku-gordailuak. Alokairua ordaintzeko, enpresaren zorra objektiboki definitzen duen stock fisikoaren neurri monetarioa da produzituriko output berria gordailu gisa II. departamentu horretan erregistratua. Alokairu korrontea produkzio-faktoreen merkatuan ordaindua denean gauzatu da aipatutako neurria, eta ezin da aldatu output korrespondentearen zirkulazioan, ez produktu-merkatuan, ezta finantza-merkatuan ere, zeren I. eta II. departamentu horien banaketa bikoitzak automatikoki alboratzen baitu kreditu gehiegi sortzea.
Baina arazoa ez da hor bukatzen. Aurreko artikulu batean ikusi genuen bezala, bankugintza modernoan hiru departamentu behar ditu banku-kontabilitateak: departamentu monetarioa (diruaren emisio edo jaulkitzerakoa), finantza-departamentua (aurrezkiak eta kredituak kontuan edukitzekoa) eta kapital finkorako departamentua.
(ii) Bigarrenez, kapital finkorako departamentuaren sorrerak segurtatzen du ezen produkzio-prozesuan inbertitutako edozein mozkin badagoela sarturik berriki produzitutako produkzio-medioetan. Kapital-ondasunen antzera, azkenik aurrezturiko errenta izanik, mozkin inbertituen kopuru osoa ezin da zirkulazio finantzarioan mantendu, zeren, bestela gaur egungo kasuan gertatzen den bezalaxe fondo bat definituko bailuke, inolako objektu salgarriri lotu barik. Output salgarri osoaren gaineko eskari demasiaren definizioa, preseski errealki saltzeko diren ondasun edo zerbitzuen bolumenaren errenta osoaren inflazioak ematen du (jadanik aurreko artikulu batean ikusi genuen bezala). Hitz bitan, eduki ez-nahikoaren gaineko fondo demasiak definitzen du tarte inflaziogilea.Baina inflazioa da gure sistema monetarioen desfuntzionaltasunaren lehen anomalia. Mozkin inbertituen gordailu birberrituak sorturiko bikoiztasunak numerikoki eskari osoa gehitzen du, sisteman eskuragarri dagoen unitate monetario bakoitzean erosteko ahalmenaren galera ekarriz. Inflazioak anomalia bakarra izaten segituko du, inbertsioak mozkingarriak izaten irauten duen bitartean, hau da, interes-tasa naturala merkatuko interes-tasa baino handiagoa den artean (Wicksell 1898/1965, Interests and prices. New York: Kelley). Hala ere, egoera hau behin-behinekoa da, kapital finkoaren amortizazioak gain-metaketaren prozesua suposatzen baitu. Horrela, kapitala gero eta arinago handitzen da; horrek nahitaez mozkinen eta kapitalen arteko ratioa gutxitzen du. Ratio hori merkatuko interes-tasara hurbiltzen denean, enpresek beren mozkinen osotasuna ondasun instrumentalen produkzioan inbertitzeari uzten diote. Haren ordainketa ezinezko bilakatuko duen kapitalean gehitze handiegia alboratzearren, enpresen multzoak bere mozkinen parte bat kontsumo-ondasunen produkzioan inbertitzen du. Horrek ondasun-merkatuan ondasunen eskaintza osoa gehitzen du, beraren erosketa finantzatzeko errenta eskuragarria aldatu gabe utziz. Zergatik da horrela? Produkzioak output-aren azken erosetarako behar den errenta sortzen du, alokairuen ordainketak aurretik existitzen den errentaren gastua inplikatzen ez badu. Hauxe da, hain zuzen ere, alokairuak mozkinetatik ordaintzen denean gertatzen dena. Kasu horretan, alokairuen ordainketarako gastaturiko errentak ezin du gehiagorik finantzatu ondasun-merkatuan eskatzen diren kontsumo-ondasunen erosketa. Beste hitzez esanda, banku-kontabilitatean departamentu finantzarioa eta kapitalaren departamentua bereizirik ez daudenean, inbertsioak errenta erreal bat errenta nominal huts batekin ordezkatzera darama. Kapital-metaketaren prozesuaren maila goiztiarrean hori gertatzen denean, gehitze nominalak soilik inflazioa inplikatzen du. Hala ere, geroagoko maila batean gertatzen bada, kapital finkoko ondasunen produkzioa partzialki alokairu-ondasunen produkzioak ordezkatzen duenean, gehitze nominala ez da gai eskaintza errealeko gehiketara iristeko. Hortaz, enpresek eskaintza-gehitze hori mozten dutenean, langabezia agertzen da. Beraz, deflazioa (edo langabezia) kapital-metaketaren prozesu patologikotik dator, prozesu hori maila konkretu batera behin iritsiz gero, non kapital finkoa lehen handitu zen abiaduran ezin baita gehiagorik hazi. Gaur egun kapitalaren gain-metaketa eskari osoaren hedadura inflaziogilea karakterizatzen duena eta kapital-metaketaren gutxitzea eskaintza osoan gehiketa deflaziogilea karakterizatzen duena biak gertatzen dira errentaren eta kapitalaren bereizketa logikoa bankuetako kontabilitate-egituran islatzen ez delako. Teoria berriek argitu duten bezala, anomalia inflaziogilearekin eta deflaziogilearekin bukatzeko, biekin batera amaitzeko, banku-kontabilitatean erreforma sendo eta sakon bat halabeharrezkoa da. Ondorioz, hiru departamentu desberdinak martxan jarri eta gero, enplegu osoko eskaintzak halabeharrez eskari berdinkidea sorraraziko du. Horrela eginez, pentsamendu ekonomiko berriak tradizio historikoari jarraitzen dio: produktuak produktuen kontra elkartrukatzen dira, nazio bateko produktu nazionala beste nazio bateko produktu nazionalaren aurka. Ortodoxiak oraindik uste du produktuak moneta-kopuruen kontra elkartrukatzen direla; baina, moneta ez da ondasun bat. Teoria berrien arabera, truke monetarioetan edo truke monetarizatuetan, beti produktuak produktuen aurka elkartrukatzen dira. Edozein errentaren hasierako eraketa, mota horretako trukea da: produktu nazionala monetan aldatua da, hau da, bere kontra elkartrukatua izaten da. Produktu eta moneta errealitate bakar baten bi aurpegi besterik ez dira.