Eskerrik asko, mutilak!

Txapeldun egin duzue Espainia. Onenak zarete. Asimilazio nazionala aurrera doa zuen futbol bikainari esker. Zorionak! España es la mejor, sí señor. Nola ez dute, ba, gure umeek haren kamiseta jantziko eskolan?

«Eskerrik asko, mutilak», esan dizuete. Eta guk? Ez larritu. Kirol zipayismo-a guztiz zilegi dugu hemen. Israelek kontratatutako euskal enpresa batek Jerusalemera bidaltzen badu lagun bat, denetik entzun beharko du: kolaboratzailea, zapalkuntzaren konplizea…. Idazle bat atzerriko literatura azoka batera badoa Espainiaren standean hitzaldi bat ematera, berdin. Aurrera egin nahi dute, geroa gogoan, baina egurra ematen zaie. Zuei, ez. Gure idoloak zarete. Ez zaituztegu besteak bezala kritikatzen, nahiz zuen egoera erosoagoa den: zuen taldeek ez zaituztete lanetik botako Espainiarekin ez jarduteagatik. Enpresa horrek langile ustez sionistarekin zer egingo ote lukeen…

Dena onartzen dizuegu. Zuek desenkusatzeko prest gaude beti. «Ezin dute aukeratu Espainiaren eta Euskal Herriaren artean», esaten dugu. Bai eta ez. Baduzue aukeratzea, beste maila batean bada ere: Espainiarekin joan ala ez. Selekzioa ez da lehengo soldadutza. Jokalaririk izan da, zarata handirik egin barik Espainiari ezetza eman dionik. Ez dute espetxeratu. Euskal Herrian kartzelara eraman dituzte intsumisoak, baina inor ez dute giltzapetu Espainiarekin jokatzeari uko egiteagatik. Beraz, baduzue aukeratzea. Eta aukeratu egin duzue. Libre.

Ez da kirola politizatu behar, baina Gibraltar espainiarra da. Gibraltar espainiarra bada, zer da Olivenza? Zer esango zenukete Portugalen aurka galdu eta Cristiano Ronaldo eta Bruno Fernandes «Olivença é portuguesa» garrasika hasiko balira? Espainiak 1801ean bereganatu zuen Olivenza. Vienako Batzarrean (1815) Portugali «ahal bezain laster» bueltatzeko eskatu zioten. Bi mende luze igaro dira geroztik eta kasurik ez. 1940ra arte portugesez mintzatzen ziren Olivenzan, harik eta Francok akulturazio prozesua azkartu eta hizkuntza ito zuen arte. Espainiatik eramandako kolonoak lagun izan zituen horretan. 2003an auziari buruzko galdera bat egin zion Portugalgo europarlamentari Jose Ribeiro e Castrok Bruselari. Ea zertan ari den Espainia Gibraltar gora eta behera portugaldarrei oraindik Olivenza bueltatu ez dienean.

Bazenuten horren berri? Ez dio ardura. Zuek zuenari ekin. Gibraltar español. Ukitu koloretsua ematen diozue Espainiaren aniztasunarekiko itxurazko errespetuari. Espainiaren nortasun anitza ala Espainiaren pultsio bortitza? Ereserki Roots kantatuko dute inoiz Morata, Carvajal eta Rodrik? Oso baskoa dela pentsatuko dute Espainia kutrearen ordezkariek. Segi dezatela Potra salvaje-a zamalkatzen. Zer deritzezue taldekide faxista batzuen hitz eta keinuei? Eredugarriak dira pertsona horiek? Zelaian, bai; hortik kanpo… Mozkortiak oihuka, macho Camacho-rena egiten, gizabidez agurtzen ez dakitenak, eredugarriak?

Gola sartu eta Espainiaren ezkutua ukitu duzu bularrean. Erregearen bi alaben erdian paratu eta haiek baino alaiago agertu zara geroko argazkian —«gure herenaitona botatzeko errepublika aldarrikatu zuen herrikoa da hau? kar-kar-kar»—.

Aurkarien baloiak gelditu eta garailea izan zara atean. «Bihar Madril lehertzea espero dugu», azaldu duzu partida bukatuta. Bazenuen beste zerbait esatea: ametsa izan dela, garaipena merezi izan duzuela… baina ez. Gu menderatzen gaituen estatuko hiriburua pozez lehertzen ikusi nahi zenuen. Halaxe.

Txapeldun egin duzue Espainia. Harro zaudete. Libreak zarete hori sentitzeko. Libreak zarete etxekoei Espainiaren elastikoa janzteko eta argazkiak sare sozialetan hedatzeko ere. Horraino iristen da zuen Espainiarekiko konpromisoa. Zuen hautua izan da. Traidoreak zaretela idatzi dute. Traidoreak? Zeri? Nori? Ez zaituztet ezagutzen, baina esango nuke espainiarrak izan eta sentitu zaretela beti. Baskoak, euskaldunak, baina, funtsean, espainiarrak. Noiz itzuliko diezue Olivenza portugaldarrei?

Berria