Berriz ere, euskararen aferak hartu ditu azkenaldian lerroburuetako batzuk. Epaitegi batek euskararen eskakizuna zuen lanpostu baten baldintzen kontra deliberatu duela. Inkesta soziolinguistiko batek esanguratsuak diren datuak eman omen dituela. Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako euskalgintza manifestaldi handi bat egitekoa dela hurrengo hilean, edo iragan astean euskarazko hezkuntzaren aldeko mobilizazio handia burutu dela, euskara eta euskaraz benetan ikasi ahal izateko eskubidearen alde.
Zaharrak berri.
Zaharra, euskararen kontrako erasoa, gutxiespena, lotsagabekeria. Hainbesteraino, non kosta egiten den albiste izan dakigukeela sinistea ere, oraindik harritu eta asaldatu egiten garela ikustea ere.
Eta zaharrak ere datuak. Badakigu-eta euskaldunen kopurua handiagoa dela orain, baina horrek ez duela erabileraren pareko gorakadarik ekarri; edo gazteen artean dagoela euskaldun kopururik handiena, irakaskuntzaren efektuz, nahiz eta jakin badakigun horrek ez dakarrela hizkuntzaren berezko atxikimendurik, azken artikuluan ere ohartarazi nuenez. Euskara sustatzearekiko jarrerari aurkakotasun tasarik altuena kolektibo horretan aurkitzen delako berria, hori bai, benetan berria. Kasu.
Kexu gara, normala denez. «Aspertuta gaude beti gure hautua azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz: euskaraz bizi nahi dugu normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez», Doinuele egitasmo sortu berriko kidearen hitzak.
Eta politika eskatzen dugu. «Euskarak dituen traben aitzinean, hizkuntza politika eraginkor baten aldarria egingo dugu», zeren eta «egiazko hizkuntza politika publiko bat balitz…» –Baionan egingo den manifestaldia iragartzeko prentsaurrekoan aditutako hitzak–, oso bestelakoa litzatekeen dena, noski.
Ohartzen gara, bai, «euskararen normalizazioan aurrera egiteko dauden oinarri juridikoak ahulak eta ez nahikoak» direla, eta «hankaz gora bota» behar ditugula –ikasleen martxoko mobilizazioen kari esandakoak–.
Baina ez dugu muina jotzen.
Izan ere, baldin badakigu gure egoera soziolinguistikoa euskaldunon mendekotasun politikoaren sintoma eta ondorioa dela, eta egoera horretan ezinezkoa dela benetan euskaraz normaltasunez bizitzea edo egoera irauliko lukeen euskararen aldeko benetako hizkuntza-politika egitea, zergatik ez da hori aipatu ere egiten? Larriagoa dena, zergatik egin dugu apustu hori hala dela oinarrian hartzen ez duen estrategia politiko baten alde?
Galdera zintzoak: benetan uste duzue euskararen etorkizuna Espainiak eta Frantziak gure alde egingo dutenaren araberakoa dela? Benetan espero dituzue keinuak? Benetan iruditzen zaizue taktika egokia, estatu horiek berena ez den eta maite ez duten hizkuntza baten alde egin dezaten saiatzea? Benetan uste duzue (gure) administrazio autonomiko-departamental kolonialen egitura, gure aldeko babes juridiko eta politikoa direla? Orduan, zertan ari gara?
Ez ikusiarena egingo diogu, zaila irudituko zaigu, baina asimilazio-makinariaren efektu ikaragarria etengo badugu, ezinbestean behar du herriak independentzia. Munduko herri guztiek bezala, bestalde, ez gara ezberdinak. Herri batek posible balu independentziarik gabe bere idiosinkrasia mantentzea, zergatik eta zertarako nahi eta beharko zuketen orduan estatuek independentzia?
Ez dudanez ulertzen nola egon daitekeen euskaldunon arazoei buruzko elkarrizketarik, ditxosozko hitza aipatzen ez duenik, behar bestetan ekarriko dut nik hona. Zin. Tematuta nagoela esango duzue. Bada, bai, eta oso oso oso kezkatuta.
Independentea