Zegamarraren euskalduntasuna

1976ko liburu batetik abiatuko gara Joxe Azurmendiren euskalduntasunak dituen ezaugarri batzuk aletzeko (Zer dugu Orixeren kontra). «Baina Bonaparte Printzea ere euskaltzale handia izan genuen. Urkixo ere bai… Eta, halaber, gure judizioak zorrozten hasi ginenez gero, ikasi behar izan dugu, euskaltzale eta vascófilo izatea ez dela abertzale izatea. Aresti euskaltzale garbia zen; baina abertzale ere ba ote zen, ez dago oso garbi nonbait, batzuek ezetz eta besteek baietz frogatzeko hainbeste lan hartu beharra dagoenean. Eta euskaltzale fina zenez gero, abertzale ere bazela, batetik bestea atera nahi izatea, bide okerra iruditzen zaigu, okerrik bada».

Euskalduntasunaren jatorrian ez dugu euskaldun izateko kontzientzia nazionalik antzemango. Nazio kontzientziaren aurretik kontzientzia etnikoa edo nazio kulturalaren identitatea egon ohi da eskuarki, eta kontzientzia eta identitate mota horren bilakaeraren orientazio politikoak finkatuko du dena delako komunitatearen patua: hartara, estatu nazional bat eraikiz buka dezake jatorrizko komunitate kulturalak, edota estatus politiko etniko hutsean gera daiteke estatu hedakor batek irentsi duelako.

Euskal Herriaren kasuan euskaltzale espainolen edo frantsesen profilak harritu izan gaitu, baina euskalduntasunaren eredu hori gailentzea bere alternatiba (euskaltzale abertzalea) nagusitzea baino errazagoa izan da normalean. Izan ere, nazio okupatu eta minorizatu baten historian zirriborratu dugun trantsizioa ezin da baldintza nazional eta politiko normaletan egin. Jatorrizko nazio kultural minorizatua nazio politiko (estatua) bihurtzeko baldintzarik ez dagonean, prozesu hori eragotzi duen estatu nazional etnozidaren nazio identitatea izan ohi da de facto dagoen aukera bakarra. Iparraldean bilakaera hori ia osorik bete da, eta Hegoaldeko eskualde erdaldunduetan ere bai; bien arteko aldea, abertzaletasunaren garapenaren zer-noiz-nolakoak markatu du.

Menpeko egoera horren ondorioz, euskaltzale espainol edo frantsesen hizkuntza politika nazio politiko euskaldunaren ukapenean oinarrituriko euskalduntasuna da, nahiz eta dena delako euskaltzale ez-abertzaleak asmorik zintzoenak izan. Hauen jokabidea inozo samarra izan daiteke batzuetan; hain zuzen, hizkuntza baten normalizazioa nazio politiko baten normalizaziotik bereizteko joera ideologikoa izan ohi dute. Horietako batzuen kasuan, beraz, halako xalotasun bat izan liteke arrazoia; beste batzuen artean, berriz, nazionalismo espainolistaren edo frantsesaren supremazia ideologikoa.

Bidenabar, erantsi dezagun, gaurko euskal idazle on batzuen euskalduntasuna etnonazionalismoaren edo nazio kulturalaren fasean ainguratua geratu dela (motiboak hemen ere bi eratakoak izan litezke: inozoarena eta jakinaren gainean dagoenarena), eta, ondorioz, hauen euskalduntasuna nazio politiko menderatu baten ezpalekoa da. Txit bitxiak dira hain nabarmena den kontraesan politiko eta nazional bat disimulatzeko erabili ohi dituzten argudioak.

1979ko liburu baten arrastoan gatoz oraingoan (PSOE eta euskal abertzaletasuna). «Eibarko sozialistek euskaraz hitz egiten zuten beren artean eta —La experiencia socialista en España, vista desde mi pueblo liburuan Toribio Etxeberriak dioskunez, euskaltzale fina eta ohorezko euskaltzaina bera— tradizioa eta folklorea kultibatzen zituzten. Halere, beren euskalduntasun naturala, jatorra, sekula ez zen kontzientzia politiko bat osatzera iritxi, orduko pentsaera sozialistaren azpian lotuta».

Beste hitz batzuetan esateko, PSOEren hizkuntza politikak proposatzen zuen eta duen euskalduntasunak muga jakin batzuk ditu. Euskalduntasunak ezin du nazio politikoarena izan, eta, hortaz, nazio hizkuntzaren funtzioak, estatusa eta eskubideak hemengo espainolei dagozkie soil-soilik. Euskaldunok nahikoa dugu nonbait euskararen funtzio, estatus eta eskubide ez-hegemonikoak izatearekin. Alegia, nazio-funtzio hegemonikorik gabeko mintzaira etnokultural batean bizitzera kondenatzen gaitu nazionalismo espainolistak.

Alderdi politiko espainolista horren hizkuntza politika izan da funtsean botere autonomikoak Euskadin aplikatu duena, abertzaletasunaren bertsio hegemonikoaren oniritziarekin. Hortik atera kontuak: gure abertzaletasun nagusia ez da gai euskalduntasunak nazio hizkuntzaren funtzioak eta baldintza politikoak bete behar dituela hautemateko. Estrategia autonomista horrexek dakar Euskadin euskaldunak enegarren mailako herritarrak izatea. 1992an gaude (Espainolak eta euskaldunak). «Euskal Herria gaur kontzientziaren ospitale bat da. […] Jendeak euskaldun oso irtengo badu, euskal nazio batean integraturik, nazio kontzientzia politiko eta kultural osoz, ez erdizkakoz, ez sentimendu kontradiktorioek urratuta, horretarako ikusi egin behar du jendeak nazio hori, non integratu jakiteko, integratu nahi badu. Nahi ez badu, ez dago zer eginik».

Ez dago hobeto esaterik Euskal Herriaren eta euskararen alde ezer funtsezkorik egin nahi baldin badugu. Nazio euskaldunaren oinarri eta bermerik gabeko euskalgintza hondarrez eraikitako etxe hauskor bat besterik ez da. Orain arte ez da euskararen herria estrukturatzeko ezer funtsezkorik egin. Mila gauzatxo egin ditugu, baina euskara normalizatzeko oinarrizko botere-egitura nazionalik ez dugu ezarri; hain zuzen, ahozko eta idatzizko euskararen erabileraren ezaugarriak ditugu horren lekuko, euskara bizitzaren esparru hegemonikoetan sozializatu ezin dugunez.

Azkenik, 2006ko pasarte bat aldatuko dut hona (Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk). «Euskalduna izan eta beste ezer ez naturaltasun guztiz, ezin da, gaurko Euskal Herrian inon ezin delako naturalki euskaraz bakarrik bizi, problemarik gabe, lanean, dendan, klinikan, Unibertsitatean, Ertzaintzan, garraio publikoan. Gehien-gehiengo absolutuko batzar batean euskaraz hitz bat egiten duzu, eta beti dago laidoturen bat. Euskaraz bizi gura duen euskalduna egun osoa atergabeko teinka, porrot, kontzesio, enpeinu, estresean bizitzera behartua dago. […] Euskal Herrian, euskaldunarentzat, eta are gehiago espainola izan gura ez duenarentzat, biolentziaz betea dago eguna goizetik gaueraino».

Bortxa politikoa eta euskaldunak. Herri honetan biolentziaren hazia erein eta egituratu duen eragile nagusi bakarra Espainia izan da Hegoaldeari dagokionez, iraganean zein orainean. Eta gaur botere autonomikoak aplikatzen duen egiturazko biolentzia politikoa euskaltzaleon aurkakoa eta hemengo espainolen eta erdaltzaleen aldekoa da. Hori da gure demokrata bakezaleen elkarbizitza eredua, motzean esanda. Nolanahi ere, hau guztia salatzea alfer lana da, Euskal Herriaren eta euskaldunon kontrako bortxa aspaldi handitik dagoelako naturalizatua gure iruditeria sozialean.

Berria