Jean-Louis Iratzokik euskaraz mintzatzeagatik erasoa pairatu zuen joan den ekainaren 26ko gauean Donibane Lohizunen. Menpekotasunetik atera eta hizkuntza politika indartsu bat plantan emateko aldarrikapena egiteko baliatu ditu lerro hauek.
Jean-Louis Iratzoki, ‘Hemendik’ liburuaren aurkezpenean. © Bob EDME
Zafraldi on bat bilduta gero, asti pixka bat hartu dut ene iritzia plazaratzeko.
Alde batetik gertakari anekdotikoa bezala kontsideratzen ahal liteke. Buru arin batzuen eskutik ateratako bortizkeri hutsa.
Baina sakonean sentitzen dutana beste sentsazio bat da. Euskarak gure herrian mendeetako presioa jasan du. Euskal herri osoan. Eta oraindik sofritzen du. Izan EAEn, izan Nafarroan eta nola ez Iparraldean. Berez asimilazio prozesu bortxatu luze bat bizi dugu aspaldidanik. Apalduak izan gira, baztertuak, deuseztatuak izan gira. Euskararekiko zorra haundia da. Bai Frantziak, bai Espainiak eta baita dauzkagun instituzio zatituek ere zor haundia daukate.
Eta ez da auzapez batek aipatu duen bezala karrikan nahi duenak euskaraz mintzatzearen eskubidea zaindu behar dela, baizik eta euskararen ofizialtasuna instalatu behar dena! Zilegitasuna eman behar zaio. Hizkuntz politika indartsu bat plantan eman. Dretxo bat da!
Gainera argi dago euskara eta eleaniztasuna Euskal Herriaren etorkizunaren ardatz nagusietatik bat direla.
Hainbeste aipatzen den aniztasuna hor daukagu esku artean. Baina hortarako lankidetza behar dugu hiru eremu administratiboen artean. Bestela proiektuak mugatuegiak, partzialegiak dira eta gure osotasuna, gure batasuna zatitzen segitzen dute. Euskara bultzatzeko plan estrategikoak plantan eman behar dira Euskal Herri osoan. Iparraldeko gazteek ikasketak hegoaldean naturalki egin behar lituzkete. Euskal autonomi erkideko gazteek ulertu behar lukete zer den Euskal Herria eta Nafarroa dispositiboaren erdian kokatu.
Berez gure herriak neurri pollita du lankidetza antolatzeko, jendea biltzeko, gauzak partitzeko eta sorkuntza aktibatzeko alor guzietan.
Eraso nautenek oihukatu didatena «Ici on est en France, on parle le français» frantses konstituzioaren bigarren artikuluan idatzia da: «La langue de la République est le français». Menpekotasunatik ateratzeko garaia da!
https://www.kazeta.eus/eu/info_kz/20210730/zafraldi-on-bat-bildu-eta-gero