Orain dela urte batzuk Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketa baten pasarte batek hau ekarri zuen hizpide: «Ez dago hizkuntz politikarik». Hizkuntz politikaren ardatzak hizkuntza propioa, integrazioa eta identitate tresna ere badirela. Egia da. Eskola publiko gehienetan zein ikastoletan ere gauza bera gertatuko da era batera edo bestera, alderrai, hizkuntza politikarik gabe.
Hau da, integraziotik euskal munduan ikasleek euren burua ikusten dute murgilduta? Ze erreferentzia mota izaten dute hemengo kulturari dagokionez?
Berezko hizkuntzatzat daukate euskara ala ikasgunekin lotzen duten hizkuntza da, eta kitto? Euskara etxetik jasotakoek lehenetsi egiten dute ala burumakur gainerako ikasleen aurrean egoeraz jabetu eta espainierara moldatuta berez baztertua ez izateko beldurrez? Zer dakite euskararen jazarpenaz, euskalkiez edota noraino berba egin zen bere momentuan? Eta zergatik egin zuen atzera? Beraz, euskara eurena da?
Identitate bat landu dute ala ez, den-dena azalekoa eta folklorikoa izaten zaiela?
Hona beste adibide bat gurean bizi izandakoa. Lehenengo semeak HHa zein LH osoa Indautxuko Eskolan egin du. 9 urte bete arte beti euskaraz egiten zuen. Lar zintzoa eta isila izan da, berez, lehenengo ikasturte bi eta erdi eman zituen berba egin barik eskolan hasi zenetik, urte bi betetzekotan. Etxean geurekin hilabete bat eman zuen berba erdirik ere esan gabe. Dena lotu genuen gure etxe lekualdatzearekin eta arrebaren jaiotzarekin. Denborak aurrera egiten zuen eta umeak ez zuen berba egiten eskolan. Bigarren ikasturte amaierarako deitu ziguten batzar baterako, ez zekiten zelan ebaluatu. Aholkularia, medikua, udalaren bitartez, eta tutorea han zeuden. Medikuak esan zien beste biei zergatik ez zuten ordura arte ezer egin egoeraz jakitun. Eskolako udal medikuak bideratu zuen osakidetzara txostena han egiteko, berehala umeentzako psikologo batenera joan zedin. Diagnostikoa: «mututasun selektiboa».
8 urterekin edo, eskolako jolastokian zegoela, gelakide batzuekin futbolean jokatzen saiatu zen. Batek zakar erantzun zion jokatu ahalko zuela beti euskaraz berba egiteari uzten bazion. 9 urtetik 11 urtera, LHko 5. eta 6. mailetara espainieraz egiten zuen, euskara horrezkero ez zen lehentasunezkoa. Euskara mordoilo urardotua eta joskera galdua.
Eskola publikoak ume euskaldunak beste umeen aurrean eredu ipintzen ei ditu «zorioneko aniztasunaren ikur», ume erdaldunen gehiengoarekin nahastuta. Aberastasuna orduko eta gaurko guraso elkartearen esanetan. Bai, zera! «Etxe bitako txakurra goseak hil!» Euskara, frantsesa, espainiera eta lekutako edozein hizkuntzarekin parekatuta, non eta bere sorterrian, ziria beste bati sartzea, gero!
Dagoeneko nagusia Urretxindorran dago gainerako neba-arrebak aurton sartu direla. Nagusiak espainieraz entzuten du ikaskideen artean, ez da euskara lehenesten. Giroa saioetatik kanpo espainieraz.
Alabak giro hobea topatu du ez gelan bertan, bera bezalakoekin elkartuz. Esan, esan behar da txiki-txikiak umeak zirenetik guraso talde euskaltzale bat sortu zela, euskara sustatzen duena, berariaz eurek trinkotzen dute barruan egiten ez den sare euskalduna. Eskertzekoa noiz eta pandemia garaian. Umeek euskaraz eta gurasoek ere bai. Hala ere, egiari zor guraso gehiagori euskaraz entzuten zaio. Baina,»askoren mina, tontuen atsegina», hots, gauza batek ez du bestea zuritzen.
Aitzitik, ume euskaldunak berehala bereganatzen du zein den balio duen hizkuntza. Berdin da herri erdi euskaldun batean bizi den ala hiriburu erdaldun batean. Dendetako izenak, iragarkiak, streaming plataformak, bideo-jokoak, filmak, aspertzeko beste telebista kate espainiar, Internet, egunkariak, solasaldi garrantzitsuak eta abar. Boteredun hizkuntza argi geratzen zaio. Euskarak ez du balio.
Bestalde, ume euskaldunak bananduko ez balituzte, are gehiago inongo espainierarik ez dakiten etorkinen seme-alabekin elkartuz gero, eskola zein ikastola bakoitzean gela bat gutxienez ziurtatzeko, esaterako, euskarari ardatza emanez, maisu-maistren arreta pedagogiko gainbegirale batez zein euskararen adierazkortasuna landuz bi urteko adinetik DBHa amaitu arte, baita hor sartuta jolasaldien eta jantoki orduena ere. Zein izango litzateke euskararen erabileraren ehunekoa euren artean?
Tarte horretan bai ume euskaldunei bai D ereduko besteenei ezertan ere gutxietsi gabe behar beste baliabide emango baliete, hau da, mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena ere lantze aldera, orain baino hobeto geundeke?
Zer esanik ez lurraldetasunaz, hizkuntzaz, historiaz eta kulturaz zerbait balekite, nortasuna garatuko lukete? Euskararekiko hurbiltzea, alegia?
Australian bertakoen seme-alabak bahitu eta banatzen zituzten hizkuntza eta izaera lapurtze aldera. Asimilazioa.
Kontrako noranzkoan euskararen denboraren erlojua aurrera doa.
Bada garaia, gauzak agerian eta bere gordinean ipintzeko, beltza zuriaren gainean. Euskararekiko diskriminazio positiboa. Zutuntzeko, saretzeko eta ume euskaldunen hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko, bazterketari eta gutxiespenari agur esateko, harro egoteko eta ahalduntzeko ordua. Hizkuntz komunitate euskaldunak sortzeko herrietan nahiz hirietan, batu gaitezen!
Aurrera, ba, Arnas dezagun ekimena!
Berria