Trufa.
Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu eta bi aste geroago frantses Administrazioak SUAT sortu du. Komunikazio aldetik, ekintza ez zaie bikain atera, begi bistakoa izan baita ELBren urrats berriari aurre egiteko eramana izan dela.
Hazparnen sortu behar zutena azkenik Donapaleun ireki dute kokatze arazo bat izan zuketelako. Ez zuten sinesten ELBren eskakizuna arduratsu zela eta bururaino joanen zela. Beraz, arrazoi politikoengatik egitura berria martxan eman dute.
Hiru milioi euro aurkitu dituzte, lehenbailehen, arazorik gabe SUATen ibilmoldearen segurtatzeko; zergen dirutik hartu dukete betikoen interesen zerbitzuko. Diru hori ez baitzitekeen bozkatua izan 2005eko aurrekontuetan! Harrigarria egiten zait ikustea, Ipar Euskal Herrian ere, zein erraztasun handiarekin Estatuak laguntza lortzen duen. Izan ere, SUAT horretako kide direnak, gehienbat FNSEAkoak noski, euskaldun garbiak dira; egoera orokorra hurbildik ezagutzen dute, badakite gaurko egoerari erantzun demokratikoak nolakoa izan behar lukeen laborantzaren onerako izateko gisan.
Noren eskuetan eroriko dira euro berri horiek? Konstituzioak onartzen ote du bat-bateko egitura berri baten sortzea, bakarra omen dena Estatu osoan? Ideia berriak martxan jartzeak hain zaila ez dirudi betiko interesen zerbitzurako baldin bada! Azkarra izan da beti frantses Estatua joko horretan, tokian berean laguntzaileak aurkitu eta dirua ekarri. Baina ELBren eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren norabidea ongi sustraituak dira oztopo berri honekin joko zuzena eramateko…
17.01.2005