Sardiniera omen da latin arruntetik gertuen dagoen hizkuntza. Substratu aurre-latindar aberats bati eutsi dio, euskararekin nolabaiteko antza duena (J. M. Elexpuruk agerian jarri duenez). Ez da ofiziala Sardinian, uharteak 1947tik autonomia-estatutu berezia eduki arren. Jende askok hizkuntza ezagutzen badu ere, bere eguneroko erabilera jaisten ari da, batez ere umeen eta gazteen artean. Sardiniako nazionalismoak (Italiako estatuko zaharrenetariko bat) botoen %20 inguru lortzen ditu; hizkuntzaren ofizialkidetasunaren aldarrikapenari gogor eusten dio, baina Italiak ez du hori oraindik onartu (aldiz, Aosta Haranean edo Hego Tirolen bai). Izan ere, Italiak, Frantziak bezala, ez du Europako Hizkuntza Gutxituen Gutuna berretsi.
Giovanni Strinna filologoa da, eta Sardiniako Sassariko unibertsitateko irakaslea. NAZIOGINTZAren gonbidapena onartuz, Sardiniako hizkuntzak duen egoeraren erradiografia egin digu.
“Sardiniar hizkuntzak Italiako gutxiengo linguistiko sendoena osatzen du, eta hiztun-kopuruaren arabera, Europa osoko garrantzitsuenetakoa.
Hizkuntza honek historia originala du. Erdi Aroan, uhartea lau erresuma autonomok (Giudicati) gobernatzen zutenean, goiz erabili zen administrazio-dokumentuak egiteko, Europako beste kantzileriek latina erabiltzen zuten bitartean. Morfologikoki, italierarekin baino antz handiagoa du mendebaldeko aldaera erromanikoekin (espainiera eta portugesa). Bere berezitasun nagusienetakoa, -kontinentearekin alderatuta, uhartearen berezitasun geografiko eta historikoekin batera,– kultur aniztasunaren faktorea da. Saboiako etxearen nagusitasunak eta gero faxismoak eragindako marjinaziotik bizirik irten ondoren, krisi sakon batean sartu zen gutxienez ere 1960-70eko hamarkadan, italierak telebista eta irratiaren bidez bere erabateko hedapenari ekin zionean.
Sardiniako Eskualdeak Sardiniako bi unibertsitateei eskatu eta 2007an argitaratutako ikerketa soziolinguistiko batek erakutsi du, italiera, testuinguru instituzional edo formal ez-familiarretan erabiltzeaz gain, orain lehen mailako sozializazio-hizkuntza ere bihurtu dela, hau da, gurasoek haurrak hazi eta hezteko erabiltzen duten hizkuntza bilakatu dela. Ahozko gaitasunak gune txikiagoetan irauten du nagusiki, aitona-amonekiko harremanetan eta testuinguru informaletan (tabernan); aldiz, askoz ere mugatuagoa da hirietan, eta idazteko gaitasuna are txikiagoa da oraindik. Aitzitik, testuinguru instituzional edo formal ez-familiarretan, italiera ia esklusiboki erabiltzen da.
Sardiniar hizkuntzaren babesaren auzia biztanleriaren sektore sentikorrenek (irakasleek eta eragile kulturalek) zentraltzat eta garrantzitsutzat jotzen dute, eta azken hirurogeita hamar urteetan zehar, literatura eta antzerki-ekoizpena sortu da (Macbettu Sardegna, nazioarteko Teatroan arrakasta esanguratsua izan duena), bai eta poesia eta narrazio-sariak, irratiprogramak, egunkariak eta sardinierazko web-atariak ere (adibidez, salimbasarda.net, sagazeta.info), Wikipediako sardiniar bertsioa barne. Hala eta guztiz ere, hizkuntza babesteko bidea nekez doa aurrera, eta eskualde-politikak konbentzimendu gutxirekin egiten dio aurre.
1970eko hamarkadan, intelektualek zuzendutako lehen batzordeen eraketa ikusi zen (Giovanni Lilliu arkeologoa, Francesco Masala idazlea). Batzorde horiek elebitasun perfekturako legeproiektuak sustatu zituzten, baina oztopoak aurkitu zituzten beren bidean eta ez zuten estatuko eta eskualdeko erakundeen erantzunik jaso.
Babeserako lehen urratsa 1997an eman zen, eskualde mailako 26. legearekin, sardinierarekin batera uhartean zeuden beste gutxiengo linguistikoak ere onartu zituenarekin alegia: katalana, Algheron mintzatua, Carloforte eta Calasettako tabartxinoa, Sassarese eta Gallurese. Handik gutxira, 1999ko 482. lege nazionala onartu zen (sardiniera “hizkuntza minoritario historiko” gisa aitortzen duena). 2015ean, gobernuak eskualdeari transferitu zizkion sardiniera eta katalana babestearekin lotutako funtzio administratibo guztiak eta botere legegileen erabilera, baina lege horiek ez zuten ekimen zehatzen bidez jarraipenik izan. Sardiniera, izatez, oraindik ez dago sartuta eskolako ikasketa-planetan, eta oraindik ez dago konpetentziamailen ziurtagiririk (azken hori 2018ko 22. legean eztabaidatu zen lehen aldiz).
Saiakera ugari burutu dira Sardiniako hizkuntzaren estandar idatzi bat lortzeko. Lehena, aditu talde batek egina eta 2001ean argitaratua, Limba Sarda Unificada izan zen, iparraldeko barietatea bultzatu zuena (Logudorese), historikoki literatur tradizioan ezarria, baina saiakerak porrot egin zuen. Bigarrena, Limba Sarda Comuna (LSC), esperimentalki 2006an onartua, iparraldeko eta hegoaldeko hizkuntzen arteko tarteko aldaera bezala proposatu zen, baina goitik ezarritako ezarpen gisa hartu zen. Gaia delikatua denez, beharrezkoa izango litzateke komunitateko aktoreekin (kultur eragile, idazle, eta abarrekin) plangintza parte-hartzaile bat egitea
Orain arte egin diren ekintza zehatzak hauek izan dira: sardinierari buruzko proiektu esperimentalak aldizka esleitu, eskoletan langile boluntarioak “Sportelli linguistici” deiturikoak sortu, eskualdeko lurraldean sardiniera sustatzeko gune gisa jardun dezaten, LSCn oinarritutako zuzentzaile automatiko bat sortu idazketa-prozesurako euskarri gisa, jatorrizko toponimo sardiniarrei buruzko ikerketa finantzatu eta toponimo horiek trafiko seinaleetan sartu (hau Italiako Azpiegitura Ministerioaren zuzentarau batek bideratuta egin da). Azkenik, lehen aipatutako bi legeen aplikazioak, elkarte eta kulturgile indibidualek sortutako proiektu kultural txiki ugari finantzatzeko balio izan du.
Oro har, esan daiteke autonomiaren historiako 73 urteetan (1947tik) Sardinia gobernatu duen klase politikoaren jarreraren ezaugarri nagusia axolagabekeria eta sardiniar hizkuntzarekiko interesfalta izan direla. Axolagabekeria horren jatorria ulertzeko, ordea, uhartean oso errotuta dagoen kultur arazo sakonago bat aintzat hartu behar da: identitate sardiniarraren arbuioa, dinamika poskolonial peto-peto baten parte baita. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sardiniak, eskualde pobre eta atzeratuak, industria-modernitatean konponbidea aurkitu behar zuenaren ideia nagusitu zen.
Uharteko “Piano di rinascita” deituak (1974), kimika eta petrokimikara bideratuak (laster huts egin zuen sektoreak), beren interes propioak zituzten eta tokiko nekazaritzako testuinguru sozioekonomikoarekin harremanik ez zuten kanpoko indarrei begira jarri zen. Tokiko hizkuntzak iraganeko aztarnatzat jotzen ziren folklorearekin, artisau-tradizioekin eta artzaintza zaharkituarekin batera, historian zeharreko isolamendu luze baten emaitza. Sardiniera, iraganeko jarduera zaharretan erabilia, beheko kulturaren zantzu bat zen eta ez zen egokia modernitatean erabiltzeko.
Orain arte, aurreiritzi horrek baldintzatu egin ditu sardiniarrek beren hizkuntzarekiko zituzten jarrerak, balio sozial eta ekonomikorik gabekotzat jo baitute. Maila psikikoan, hizkuntzaren ukazioarekin, sardiniarrek txiki-txikitatik modernitatearekiko lotsa eta gutxitasun-sentimendu bat garatu izan dute, eta horrek identitate krisi handia sortu du, segur aski Italian eskola porroten tasarik handienaren arrazoi izan dena. Uhartearen eta Italiako estatuaren arteko harremana desorekatua da oraindik ere, eta konpondu gabeko arazo historikoak jarraitzea dakar berekin”.