Sagastaren aurkako mutina, kantu bat askatasunari

Igandean beteko dira 130 urte Donostian Espainiako gobernuburu Praxedes Mateo Sagastaren aurkako mutina egin zenetik. Mutin hura Euskal Herrian foruen defentsan piztutako Gamazada delako mugimenduaren barruan kokatu behar da.

Urteurrenaren aitzakian, gertaera haiek gogoratzeko eta ezagutarazteko ekitaldi bat egiteko asmoa dugu igandean, 12:00etan, Bulebarreko kioskoan, hantxe hasi eta bukatu baitzen mutina. Ekitaldiari Kantu bat askatasunari izenburua ipini diogu, osagai nagusietako bat Gernikako arbola izango delako. Izan ere, mutina kantu horren debekuarekin hasi eta kantu hori kantatuz bukatu zen. Egia esan, Iparragirreren kantua Gamazadaren soinu-banda moduko bat izan zen eta nazioarteko prentsan ere euskal ereserki nazionaltzat jotzen zuten.

Gamazada? Zer da, baina, Gamazada delako hori?

1893. urte hartan krisi ekonomiko latza izan zen, eta protestak Espainiako Estatu osoan piztu ziren. Baina Euskal Herrian, gaur egun ere askotan gertatzen den bezala, protestek berezko ezaugarriak izan zituzten. Hemen, protestak foruen aldeko aldarri bihurtu ziren. Sute foruzale hura German Gamazo Ogasun ministroak piztu zuen, dekretu baten bidez murriztu zuelako Kontzertu Ekonomikoa, foruen azken hondarra.

Gamazadak hau da, dekretu haren kontrako protestak Nafarroan hartu zuen inon baino indar gehiago. Nafarroan diputazioa bera jarri zen mugimenduaren buru. Baina istiluak leku askotan egon ziren, hala nola Gernikan, Bilbon, Gasteizen, Guardian… eta Donostian. Donostiakoak izan ziren larrienak, ezbairik gabe.

Zer gertatu zen Donostian?

Donostian, 1893ko abuztuaren 27 hartan, udako giroa zegoen… Zezenketak, kasinoa jendez lepo eta Bulebarreko kioskoan Udal Banda jotzen ari zen.

Bandak kontzertua bukatu zuenean, herritar batzuk kioskora igo eta zuzendariari Gernikako arbola jotzeko eskatu zioten. Zuzendariak ezetz esan zuen, alkateak berak egitarautik kanpoko ezer ez jotzeko agindua espresuki emana zuela argudiatuz. Gauzak horrela, kioskora igotako herritar haiek Gernikako arbola abestu zuten, a cappella. Orduan, gauzainak (udaltzainak) atxilotzen saiatu ziren. Kioskoaren bueltan bilduta zeuden ikus-entzuleek, berriz, atxiloketak eragotzi zituzten. Giroa berotzen ari zen eta, halako batean, oihuak hasi ziren: «Gora foruak! Goazen Sagastaren etxera!».

Sagasta gobernuburua, une hartan, Londres hotelean zegoen ostatu hartuta. Londres hura ez zegoen gaur egungo Londres dagoen lekuan, Hiribidean baizik, zehatz-mehatz, Hondarribia, San Martzial eta Getaria kaleek mugatzen zuten orube batean.

Eta hara joan ziren manifestazioan, foruen aldeko oihuak egiten eta Gernikako arbola kantatzen.

Londres hotelera iritsita, ausartenak sartzen saiatu ziren, baina poliziek eragotzi zieten. Orduan manifestariak harrika hasi ziren, oihuek eta kantuek jarraitzen zuten bitartean.

Halako batean, 30 guardia zibil hoteleko atzeko partetik oharkabean sartu eta, abisurik eman gabe, tiro egin zuten. Orain arte banekien tiro haien ondorioz hiru lagun hil zirela, Vicente Urzelai, Rufino Azpiazu eta Justo Perez. Orain, berriz, herri ekimenaren bueltan egindako ikerketa batek hiru hildako gehiagoren izenak azaleratu ditu: Bernardina Garcia, Juan Jose Arza eta Martin Oses. Beraz, hildakoak ez ziren hiru izan, sei baizik. Eta oraindik litekeena da zerrenda luzatzea.

Guardia Zibilak sarraskia egin ondoren, armada kalera atera zen. Ondorengo egunetan jazarpena sekulakoa izan zen.

Baina zenbatek dakite gaur egun nor izan zen Sagasta? Zenbatek dute Gamazadaren berri?

Bestela esanda, honek guztiak nori axola dio? Zer zentzu du gaur egun gertaera haiek gogoratzeak eta ezagutarazteak?

Guretzat badu zentzurik, jakina…

Begira, gertaera larri baino larriagoak izan ziren, ezbairik gabe jendartean orban sakona utzi zutenak. Hala ere, eta harrigarriro, oso ezezagunak dira. Gure ustez, horrek badu azalpen bat, honako hau: Donostiaren historia sarri, sarriegi, oso modu edulkoratuan eta interesatuan kontatu izan da. Ematen du 1813ko erreketa gertatu eta gero, donostiar guztiak, pertsona bakarra balira bezala, jo eta ke aritu zirela norabide berean, laster udako errege-gorte bihurtu zen hiria altxatzen. Hiri aristokratikoa, frantseszalea, liberala (alor batzuetan, bederen), goia Belle Epoque-n jo zuena. Izan ere, ez da zaila ustezko urre-aro haren iragan-mina gaur egungo diskurtso askotan antzematea. Ematen du prozesu hartan ez zela gatazka politiko edo sozialik izan. Tira, bai, karlistaldiak, baina karlistak ez ziren donostiarrak, «probintziakoak» baizik, ezta?

Ez, ba. Donostia edozein hiri bezala, bestalde interes desberdinen jokaleku izan da eta da, eta horrek, nahitaez, gatazka sozial eta politikoak sortu eta sortzen ditu. Gaur bezala, atzo; atzo bezala, gaur. Horren lekuko da Sagastaren aurkako mutina, eta horregatik besterik ez bada ere, gertaera haiek eta hil zituzten lagun haien izenak gogoratzea eta ezagutaraztea merezi du. Esan gabe doa espresuki gogoratuko ditugula igandeko ekitaldian.

Baina, horrez gain, Gamazada XIX. mendeko foruzaletasunaren eta abertzaletasun modernoaren arteko zubia izan zen. Bada, gainera, lotura horren sinbolo polit bat: Gamazadan erabili zen lehen aldiz gero ikurrina izango zenaren zirriborro bat. Garai desberdinak, modu desberdinak. Gaur egun ez dugu Gernikako arbola adoratzen, baina Gernikako arbola oraindik bada euskaldunok historian geure buruaren jabe izateko erakutsi dugun borondatearen jarraitutasunaren froga. Atzo bezala, gaur; gaur bezala, atzo.

Hauek dira gure arrazoiak igandeko ekitaldia antolatzeko. Beharbada arrazoi hauek zuek ere motibatuko zaituzte gurekin batera kantatzera etortzeko.

Berria