Orreagara bidaia gaur egunetik

‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzezlana aurkeztuko du bihar Historia Oroituz antzerki taldeak Baratze pilotalekuan. Sarrerak liburutegian eta udaletxean daude salgai.

Segurako Historia Oroituz antzerki taldeko kideak, Baratze pilotalekuan. Argazkia: Laida Goiburu

Entsegu bateko irudia. Argazkia: Laida Goiburu

Ez dira aspaldiko kontuak eta Iragana lahar eta larrosa antzezlanen ondoren, bihar, ostiralean, Orreagatik iragan hurbilera antzezlana aurkeztuko du Historia Oroituz Segurako antzerki taldeak Baratze pilotalekuan, 20:00etan. Orreagako gudua lantzea helburu, gaur egungo egoera batetik hasi eta zortzigarren eta bederatzigarren mendeetara egingo dute salto antzezlanean. Segurako 21 lagunek parte hartu dute, gazte eta heldu.

Historia gaiak jorratzen ditu bere obra guztietan Historia Oroituz taldeak antzerkiaren bidez. Lourdes Imaz zuzendari eta gidoilariak azaldu duen bezala, oraingoan «euskaldunon memoria historikoan inflexio puntu bat izan den» Orreagako gudua landu dute. Bi zatitan banatu dute obra, eta gaztetxoak dira protagonista nagusiak. «Gure helburua zen umeek haien buruan izatea Orreagan gertatu zen hori, askotan historia liburuetan beste errelato bat kontatzen digutelako».

Gaztetxoek egingo dute batailaren inguruko eszena osorik, gudua koreografia baten bidez antzeztuta, eta helduek iragan hurbileko eta gaur egungo eszenak antzeztuko dituzte. Gerra Zibilean gertatutako bi eszena plazaratuko dituzte. Egungo egoera erreal batetik hasita, 13 mende atzera egingo dute. «Garai ezberdinei lotura eman nahi diegu ohartarazteko euskaldunok zenbat eraso izan ditugun mendez mende».

Errelato zuzena

Baskoiek garai hartan ezer idatzi ez bazuten ere, utzi duten arrastoa izan da «haien lurraldea defendatzeko zenbait erasori aurre egin behar izan zietela», Imazek azaldu duenez. Denbora luzean ahaztuta egon zen gertakizun horretan oinarrituta errelato zuzena kontatu nahi izan du taldeak. Oso gustuko ditu historiako gaiak zuzendariak. Pandemia garaian hasi zen gidoia idazten, dokumentazio lana egin ondoren. «Orreagarekin arantza» zeukan sartuta. Behin gidoia idazten bukatu zuenean, bi historiagilek irakurri zuten eta euren oniritzia eman zioten.

Umeekin lanean

Hamabi umek eta bederatzi helduk parte hartuko dute obran. Argazkia: Laida Goiburu

Hamabi umek eta bederatzi helduk parte hartuko dute obran. Antzezlan batean parte hartzen duten lehenengo aldia izango da haurrentzat. Lanketa hasieratik egin ahal izateko, urte hasieran ekin zieten entseguei gaztetxoenek, zuzendariarekin berarekin eta Isa Iparragirre taldeko kidearekin. «Umeak inoiz egin gabe zeuden antzezlan bat. Ariketa asko egin ditugu antzerki munduan sartzeko: arnasketak, mugimenduak, irakurketak… guztiontzat ikasketa prozesu bat izan da», azaldu du Iparragirrek.

Xabier Alustiza kideak gehitu du historia ikasteko ere balio izan diela, «euskaldunak ez direnek» kontatu izan dituztelako Orreagako batailaren ingurukoak historia liburuetan: «Guk ikasi genuenak ez dauka zerikusirik orain kontatzen ari garenarekin».

Sarrerak salgai daude

Seguraren sorreraren 750. urteurrenean, 2006an, lehenengo antzezlana egin zuten, Juan Agirre zuzendari zela. Ondoren, jada Historia Oroituz talde bezala eta Imaz zuzendari zela, Ez dira aspaldiko kontuak egin zuten 2014an, Gerra Zibilaren ondorengo garaiari buruz, eta Iragana lahar eta larrosa 2017an, Primo de Riveraren diktaduratik Gerra Zibilaren hasiera arteko historia kontatuz. Herriz herri ibili ziren bi antzezlan horiek aurkezten; Seguran, Urretxun, Lazkaon, Ordizian, Azkoitian, Hernanin, Tolosan… Bihar hirugarren obra aurkeztuko diete herritarrei.

Sarrerak salgai daude, 8 euroan. Interesa dutenek udaletxean eta liburutegian eskuratu ditzakete. Egunean bertan, pilotalekuko leihatilan ere salduko dituzte. Laiotz Herri Eskolako ikasleentzat dohainik izango da, eta Seguratik kanpoko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ikasleentzat 3 euroan salduko dituzte.

FITXA TEKNIKOA

Zuzendaria: Lourdes Imaz
Gidoilaria: Lourdes Imaz
Antzezleak: gaztetxoen artean, Aintzira, Amets, Ane, Ekhi, Harri, Inhar, Ioritz, Libe, Maren, Nora, Odei eta Sara; helduetan, Ageda, Arantxa, Bixente, Gurutz, Isa, Koldo, Lourdes, Xabier eta Ximon.
Koreografia: Oier Laborde
Musika: Karlos Gimenez eta Joxan Goikoetxea
Jantziak: Labores Otea
Soinua: UHINA
Eszenografia: Historia Oroituz Elkartea eta UHINA

https://goierri.hitza.eus/2022/10/13/orreagara-bidaia-gaur-egunetik/?fbclid=IwAR09PIucN9OvSNO-eOHyj-urUFR7ZfAjWnFxp_FB5PjcFws0Ba6E0YuNpGc