Xenofobia da norberarena ez beste talde etniko edota kulturetako pertsonenganako mesfidantzak, gorrotoak, arbuioak eta fobiak eragiten duen jarrera.
Kultura ezberdinetako komunitateak elkarreraginean dauden lurraldeetan agerikoagoa izaten da, Euskal Herrian besteak beste, eta Orkoienen behin eta berriz ari gara euskaldunon aurkako xenofobia adibideak ikusten, alkatetzatik bertatik hasita.
PSNko Lopez alkateak Euskararen Ordenantza urardotu zuen, herriko euskaldunen hizkuntz eskubideak eta euskaraz egiteko aukerak areago murriztuz eremu eta jarduera guztietan, euskara izan arren Nafarroako eta Orkoiengo jatorrizko hizkuntza. Alkateak «pribilegiatutzat» jo ditu herritar euskaldunak, euskarazko nahiz gaztelerazko jarduerez gozatzeko aukera izango luketelako (!), udaleko berdintasun teknikariaren lanpostua bete gabe utzi du euskaraz jakiteko betebeharra kentzeko abagunea izan arte… bere jokabidea ikusita ez dago euskara teknikaririk Orkoienera joan nahi duenik, eta ez da harritzekoa. Alkatearen azken «balentria» inauterietan gertatutako eraso euskalfoboaren ondotik etorri da. Izan ere, Inauterien Batzordeak antolatutako ekitaldia gazteleraz eta euskaraz gauzatzen ari zen, baina herritar talde bat oso zakar oldartu zitzaien euskaraz (itzulpen lanetan) ari ziren esatariari eta musika jartzen ari zen DJari berari, eta geroago Berriozarko elektrotxarangakoei irainka eta mehatxuka zuzendu zitzaizkien, foruzainen esku hartzea behartu eta ekitaldia bertan behera geratu zelarik.
Gertakari larri hauen aurrean, Orkoiengo alkatearen erantzuna, berak eta bere alderdiak ezarritako politikei legegintzaldian zehar egindako kritikak «tentsio giroaren» errudun jotzea izan da, Orkoiengo euskaldunak alderdi jakin bati lotuta aurkeztuz eta eraso xenofoboa aipatu ere egin gabe.
Izan ere, xenofobia edo faxismoa bezalako jokabideak ez datoz zerutik, eragile jakinek zabaldutako diskurtsoen eta inposatutako baldintzen ondorioz baizik.
Gure aldetik, berotasuna eta babesa helarazi nahi dizkizuegu Orkoiengo euskaldun eta euskaltzaleei. Eutsi goiari. Zuekin gaude.
Naiz







