60 urte igaro dira hizkuntzaren aldeko aldarria mundu osoan zabaltzeko data aukeratu zenetik. Eusko Ikaskuntzak okasio hartarako sortu zuen manifestuak gaurkotasuna izaten jarraitzen du.
Joseba Imaz
‘Eskuararen eguna’.
«Heuscara, ialgi adi mundura». Bernat Echepare apaiz nafarra izan zen, dakigunez, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna idatziz aldarrikatu zuen lehen ahotsa, Linguae Vasconum Primitiae (1545) liburuan. Lau mende beranduago, 1949an, Eusko Ikaskuntzak Echepareren lekukoa hartu eta euskara lau haizetara zabaltzeko deia egin zuen, abenduaren 3a Euskararen Eguna izendatuz.
«Beren mintzairaren amodioa piztea Eskualdunen bihotzetan, berek mintza dezaten eta beren haurreri helaraz», ezarri zuen xedetzat euskararen lehen egunerako idatzitako manifestuak -begira irudia-. Gaur bertan, hain justu, 60 urte betetzen dira estraineko aldiz euskal hizkun-tzaren festa ospatu zenetik. Dagoeneko sei hamarkada igaro badira ere, mezu hark gaurkotasun handia dauka, oraindik ere.
Euskaltzaleak zeharo kezkatuta zebiltzan, 1940ko hamarkadan. Francoren diktadurarekin, euskara eta euskal kultura debekatuta eta zokoratuta bizi ziren Hegoaldeko herrialdeetan.
hizkuntzaren egoera
Ia-ia desagertuta
Testuinguru hartan antolatu zuen Eusko Ikaskuntzak bere VII. kongresua, Biarritzen. Gaur egungo zuzendariak, Josemari Velez de Mendizabalek, azaldu bezala, elkartearen aktibitatea «ia-ia desagertu» zen diktadurarekin. «Erbesteko eta baliabide gutxiko testuinguru hartan, bilkura oso interesgarria egin zuten. Iparraldean bizi zirenez gain, Hegoaldetik ere pasa zuten muga -poliziari izkin eginez-, han egoteko. Oso interesgarria izan zen batzar hura», gogoeta egin du.
Kongresuan egindako proposamenen artean, Euskararen Eguna sor-tzea hobetsi zuten Eusko Ikaskun-tzako kideek. 1948ko iraila zen. Lehen ospakizuna, baina, ez zen hurrengo urtera arte antolatuko.
Euzko Deyan Telesforo Monzon euskaltzale eta politikari ezagunak argitaratu zuenez (1949-12-1), Eusko Ikaskuntzako kide Manuel de la Sotari zor zaio jai egunaren asmoa: «Bildu eitzagun -esan zidan- munduko euskaldun guziak, euskera maitasunpean. Bildu eitzagun ere egun ortan, euskerari burua altxa arazitzeko bear genituzken era guztietako laguntzak».
Baina data bat aukeratu beharra zegoen. Eta Xabierko San Fran-tziskoren eguna ontzat hartu zuten aho batez. Velez de Mendizabalen esanetan, ez zen «kasualitatea» izan santu nafarraren eguna aukeratzea, kontuan izanda «hainbat herrialdetatik» igarotako pertsonaia bati buruz ari garela: India, Filipinas, Japonia… «Azken arnasa hartu aurreko hitzak euskaraz esan zituela esan ohi da», gogoratu du. Lehen ospakizunen prestaketak Ustaritzen, Manuel Intxaustiren etxean hasi ziren, 1949ko abuztuan. Bilera hartan eta ondoren antolatu zirenetan izan zen, Eusko Ikaskuntza, Gernika eta Euskaltzaleen Biltzarra elkarteetako kideez gain, besteak beste, Joxe Miel Barandiaran.
mezu aktuala
Gogoeta egitea
Egun seinalaturako manifestu bat ere kaleratu zuten. Sinatzaileak Jean Saint-Pierre eta Louis Dassance izan ziren, Eusko Ikaskun-tzaren eta Euskaltzaleen Biltzarraren izenean, hurrenez hurren. Euskara «eri gaizki» zela nabarmentzeaz aparte, euskaldunak «hitzik erran gabe, axolarik gabe, arrangurarik gabe» zeudela zioten.
Hori dela eta, abenduaren 3an euskara erabiltzeko eta ospatzeko gonbitea luzatu zuen dokumentuak. «Ez bakarrik Eskual Herriko hiri, herri eta herrixketan, bainan ere, Eskual herritik kanpo, hurbil edo urrun, eskualdun multxoak aurkitzen diren bazter guztietan». Gainera, hizkuntza sustatzeko lagun-tza lortze aldera, diru-bilketak proposatu zituzten.
Eusko Ikaskuntzako zuzendari Velez de Mendizabalen ustez, «gaurkotasun handiko» testua da. «Mezu aktuala da. Erabilera aipatzeaz gain, euskararen egoerari buruzko hausnarketa eskatzen die euskaldunei. Hori gure elkartearen filosofiarekin bat dator erabat», azpimarratu du. Gainera, jaialdiak euskal hizkuntza «lehen lerroan» jartzeko aukera sortu zuela uste du.
Munduan zehar antolatutako ekitaldiek oihartzun nabaria izan zuten. Baiona, Buenos Aires, Paris, Caracas, NewYork… Nazioarteko puntu askotan, Hego Euskal Herrian salbu.
Publicado por Noticias de Navarra-k argitaratua