Liliput arrak garela dio Carlos Iturgaitzek, Europa ez daitekeela tribuz betetako eremu bat izan, horiek beste garai batekoak direla. Ikuspegi horretatik ez dabiltza urrun Patxi Lopez eta bere sokakoak ere, Jean Espilondo bezala. Nazioen eta nazionalismoen kontuak iraganekoak omen dira, ahantzi behar omen ditugu aldarrikapen horiek.
Beraz, desegin daitezke Frantzia eta Espainia, eta haiekin batera beren legebiltzarrak, gobernuak eta konstituzio santua? Eraman dezatela beren logika bururaino, eta erran dezatela orain denak europarrak baizik ez garela, nazioak desagertu behar direla eta denek ingelesez mintzatu behar dugula. Espainola eta frantsesa hautazko hizkuntzak izango lirateke, eremu pribatuan erabil daitezkeenak, euskararen hein berean.
Europako hauteskundeetarako kanpainak garbi erakutsi du alderdi horiek guztiek interes gutxi erakutsi diotela Europari, ez bada Euskal Herrian, Frantzian edo Espainian zer eragin izango lukeen azaltzeko. Eta hori ere zein azaletik! Kanpaina egin dute orokorkeriara eta demagogiara mugatuz, gogorik gabe eta hurrengo hauteskundeei begirako berotze ariketa bat balitz bezala. Baina Europa urrun ikusarazi digute. Europatik begiratuz, PPkoak ez dituzte aurkeztu euroeszeptikoen eta eskuin-muturraren lerroan. Bizkitartean, «tribuak» kritikatu dituzten horiek ez diote maitasun aitorpen handirik egin Europari, bai ordea Espainiari.
Erraza da erratea nazioen eta nazionalismoen garaia bukatu dela, nazio zapaltzailearen aldean egonik. Zintzokiago mintzatuko lirateke garbiki aitortuko balute, beren ustez, Euskal Herria Frantzia edo Espainiaren parte izan behar dela. «Ez dago gehiago naziorik» sinetsaraziz, euskal abertzale izateko eskubidea bera ukatzen dute, berek beren estatuaren aldeko hautua egin duten bitartean (nahiz eta munduko hiritar etiketaren atzean ezkutatu).
Berria








