Hilaren 31n hasiko da eta apirilaren 6an amaituko da eta hiru jarduera izango ditu: Erakusketa, hitzaldia eta jardunaldia
Iaz Astigarragan antolatu zuen Nabarralde fundazioak, Udalarekin lankidetzan, 824. urteko Orreagako gerrari buruzko kultur astea. Aurten ere kultur astea ospatuko da, gaia ‘Nafarroako sorgin ehiza’ da eta martxoaren 31tik apirilaren 6ra luzatuko da.
Aste kulturala martxoaren 31n hasi eta apirilaren 5ean amaituko da. Hiru jarduera izango ditu: erakusketa, hitzaldia eta jardunaldia. Aurten 500 urte beteko dira garai hartako inkisizio-jazarpenetatik. 1525ean fede katolikoaren izenean pertsonak erretzea agindu zen Pirinioetako hainbat herritan. Gizonak eta, batez ere, emakumeak sorginkeriagatik eta kristau erlijioaren aurkako hainbat krimen leporatu zizkieten. Horien artean, heresiak, lehorteak, gaitzak, heriotzak, akelarreak, etab.
Horren guztiaren memoria, egia, erreparazioa eskaini eta genero ikuspegi batetik aztertzeko, martxoaren 31tik apirilaren 5era kultur astea antolatu da.
‘Sorgin ehiza piriniotan’ erakusketarekin emango zaio hasiera asteari, martxoaren 31tik apirilaren 5era Erribera kulturguneko erakusketa aretoan ikusgai izango da. Erakusketari buruzko azalpenak hitzaldi baten bidez emango ditu Iñigo Larramendik, martxoaren 31ean.
Apirilaren 5ean
Apirilaren 5ean goiz osoko jardunaldia eskainiko da, goizeko 09:30etik 13:30etara. Udal ordezkariek bertaratzen direnei agurra egingo diete eta jardunaldiari Asisko Urmenetak emango dio hasiera ‘Euskal emakumeak, sutan’ hitzaldiarekin. Jarraian, Koro Irazoki ‘Nafarroako sorginkeri prozesuez’ arituko da. Ondoren, Kike Fz de Pinedok ‘Sorgin ehiza Arabako mendialdean’ gaiari buruz hitz egingo du. Atsedenaldiaren ondoren, ‘Las brujas vascas; entre la fantasía, la tradición y la ley de vagos y maleantes’ mahai-inguruarekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Mahai-inguruko parte-hartzaileak Iñaki Idigoras, Isa Otero eta Mari Carmen Basterretxea izango dira. Ekintza guztiak doakoak izango dira.