1620ko ediktua
Lau mende igaro dira Luis XIII.a Frantziako eta Nafarroako erregeak 1620an Pauen ediktua eman zuenez geroztik. Horrekin, Nafarroako koroa Frantziakoan urtu zen. Zabalik elkarteak eta Nabarralde fundazioak jardunaldia antolatu dute urriaren 3an Donapaleun, efemeride garrantzitsu horren inguruan hausnartzeko.
Nafarroako koroa 1620an urtu zen Frantziakoan, Luis XIII.aren ediktu baten bidez
Nafarroako Erresumaren azken aztarna ofiziala titulu batean zetzan XVII. mende hasieran. Luis XIII.a Frantziako erregea aldi berean Nafarroakoa zen. Baina 1620ko urriaren 20an, espedizio militar baten ondoren eta protesta artean, Pauen ediktua kaleratu zuen, Behe Nafarroa, Zuberoa, Biarno, Lanezan eta Andorra printzerria Frantziako koroan urtuz.
Zabalik elkarteak eta Nabarralde fundazioak data garrantzitsu horren laugarren mendeurrena baliatuko dute galera hartaz hitz egin eta hausnartzeko: “Garrantzitsua iruditzen zaigu gaurtik ikusita gertakari honen balorazioa eta interpretazioa egitea –azaldu dute–. Ordutik Nafarroak eginen ahalko zuen estatuaren promesa izoztua da”.
Urriaren 3an jardunaldia antolatu dute Donapaleun, “Nafarroako hiriburua izan zen hirian”, eta hainbat historialari eta adituk hitz egingo dute ediktuaren inguruan, baita garaiko testuinguru politikoaz ere. Jean Louis Davant idazle eta historialariak gidatuko du kongresua, eta besteak beste Álvaro Adot, Xabier Irujo, Luis Maria Martinez Garate, Amaia Nausia, Thierry Issartel eta Miqueu Joseph arituko dira bertan.
Kongresuko hitzaldiez gain, erakusketa ere paratuko dute 1620. Errenazimentua. Nafarroa subiranoaren azken hatsa izenburupean eta bisita gidatua izango du; gainera Kale borroka testu irakurketa ere eskainiko du Asisko Urmenetak.
Argia