Nafarroa Erresumaren mendebaldeko lurraldearen konkistari buruzko hiru kontaketa

Historiak oroitzapen nahikoa utzi digu Nafarroako Erresumaren memoria aldarrikatzeko, euskal estatu nazionala sendotzeko etengabeko lanean. Antso Jakitunaren eta Henrike I.aren erregealdien arteko ehun urteko historiak ikerketa arduratsua merezi du, Euskal herriaren destinoetan duen garrantziagatik. Baina, bereziki garrantzitsuak izan ziren 1200 inguruan gertatutakoak. Nafarroako erresumak, estatuek beti eta non-nahi egiten duten bezela, nolabait bere gizartea nazionalizatu zuen eta, Goi Erdi Aroan, erresumako hiriburua zen Iruñea inguruan euskararen lehen bateratzea ezarri zen, bai eta zuzenbide pirenaikoan oinarritutako sistema juridikoa zehaztu ere. Nazionalizazio- eta sendotze-prozesu horretan egonda, 1200. urteko gertaera lazgarriak gertatu ziren.

XIII. mendea euskal zatiketarena izan zen. XII. mendearen erdi aldera Errioxa eta Haroko jauntxoek kontrolatutako egungo Bizkaiko zatia Gaztelara pasatu zen, Gaztelak Nafarroak baino lurraldearen kontrol feudala malguago eskaintzen baitzien. Ildo horretatik, 1199an Gaztelak Nafarroako erresumaren aurkako erasoaldi bat hasi zuen, Gasteiz hiribildua setiatu zuen, gero 1200ean amore eman zuena, Durangaldea eta Nafarroako itsasalde osoa konkistatu zituen, ondorioz erreinua Bizkaiko itsasora sarbiderik gabe utziz. Okupazio eta konkista horietatik abiatuta, Gaztela-tik hasi zen geroago Euskal Probintziak izango zenaren instituzionalizazio prozesua. Horren ondorioz, etnia (hizkuntza) eta antolaketa politikoaren arteko zatiketa sortu zen: Nafarroa independenteko euskaldunek izendapen politikoa (nafarra) erabiltzen jarraitzen zuten bitartean, konkistatutako lurraldeetako biztanleek ez ziren gaztelarrak, euskaraz hitz egiten baitzuten, baina ezin zuten nafar izaten jarraitu eta izen linguistikoa erabili zuten euskaldun (euskal-basko)  soil bezala geratuz. Eta horrela konformatu zen euskal-basko eta nafarren arteko lehen ezberdintasun eta bereizketa. (magiar-hungariarren artean, edo lusitaniar-portugaldarren artean egon daitekeen bereizketa bera).

Nafarroa Antso Azkarraren garaian (1194-1234) https://nabarlur.blogspot.com/

1200eko gertakariek oso ondorio garrantzitsuak dituzte gure herriaren egungo egoera politikoan. Gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zatiketa politiko eta mentalaren kausa eta jatorria da, erabakiguneetan islatzen dena, dela administrazioan, dela legeetan, dela hizkuntza politikaren aplikazioan, dela lurraldearen antolaketan, dela sinboloetan … baina batez ere identitatearen gaian. Eta horrela, menderatzaileak Euskal Herriko herritarrei aplikatzen dizkien parametroak hauek dira: euskal-baskoak eta nafarrak, euskal-basko nazionalistak eta ez nazionalistak, nafarrak eta frantsesak, nafarrak eta euskaldunak …Horregatik da garrantzitsua 1200. urteko gertaerei buruz eraiki ziren errelatoei aurre egitea eta ekitea, gure herri urratuaren egungo egoera politikoaren alderdi nabarmenak argitzen baitituzte. Funtsean, 1200eko gertakari historikoen eta haien ondorioen interpretazio eta kontaketa desberdinak batez ere hirutan sistematizatu egin daitezke.

I-ITUNAREN BERTSIOA.

Sei dira XIII mendeko testuak 1200ko gertaera historikoak kontatzen dituztenak. Haietako bost dira gaztelarrak eta bat leondarra,  gai horri buruzko lerro gutxi eskainitako Lucas de Tuy prelatuaren kronika. Bada, XIII. mendeko kroniketako batek ez du aipamenik egiten inbasioaren bukaeran itun edo “borondatezko amore-emate” gerta zitekeenik, ez eta XIV. eta XV. mendeetako kronika nafarrek  ere.  Gai honi buruz ez dago batere idatzirik XVI. mendearen bigarren erdira arte.  Esteban de Garibay lehen aldiz kontatzen du inbasioaren unean, gipuzkoarrek, ustez Nafarroako erregeak urratu egingo lituzkeen legezkotasun ezezagunarengatik mindurik, Gaztelako erregeari bere fideltasuna ematea erabaki zutela. XVII. mendearen erdialdean Gipuzkoako Batzordeek halako hitzarmena jasotzen zuen dokumentua aurkitzen zuenari sari bat eskeintzen zioten, eta Lupián Zapata, elizgizon eta kronikari espainiarrak, ustezko dokumentuaren kopia bat aurkeztu zuen. Halarik ere, begi bistan zen iruzur baldarra zela eta ondorioz, kopia hori ez zen benetakotzat onartua izan. Geroago, XVIII mendean Landazurik Garibairen argudiaketa hartu eta, aldaketarik gabe, Arabara eraman zuen (Gasteizko, Treviñoko eta Portillako erresistentzia aipatu gabe). Beraz, tradiziozko ustea izan da Araban Gaztelaren agintea eta nagusitasuna aldez aurretik Arabako nobleek negoziatu zutela, Nafarroako erregeek bultzatu zuten hiribildu-sorrera politikaren aurka atsekabeturik.

Zamalloa (Arrasate, 1533-Madril, 1599), historialari eta errege kronikaria

Mendebaldeko Nafarroako historiografiak, Garibairekin hasita, konkista pentsamendu foralistaren dogma-segida batean kokatu zuen. Hauexek dira bere ezaugarri nagusiak: arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak (garai hartan “kantabriarrak” deitutakoak), herrialdeko lehen biztanleak izan ziren, inork inoiz ez konkistatu izana, hortik dator bere antzinako independentziaren dogma. Konkista musulmanatik aurrera, lurraldeak benetako agintaritzatik (autoritate errealetatik) salbuetsita mantendu ziren, bisigodo garaiko berezko independentzia egoerari jarraituz. Iruñako monarkiarekiko haien artikulazioa federatua eta adostua izan zen arren, geroago Gaztelan integrazioa ere itundu zen, jatorrizko eskubidea mantenduz. Beraz, erregeek ezin izan zuten alde bakarreko foru lurraldeen estatusa aldatu, horren aldaketak itun berria eskatzen baitzuen. Interpretazio honek defendatzen du Gaztelarekiko berdintasunezko itun bat dela, zeinaren bidez, eta beren hasierako foruen aitortzearen truke, probintzia hauek beren borondate librez ia estatu federatu eratuak baitira. Baina Nafarroako Erresuman euskal herritarren batasun politikoa egon dela ezkutatzen duen kontakizun horrek, funtsean, 1200eko konkisten ondoren izandako partizioa justifikatzeko balio du, barruan zatituta eta aurrez aurre mantentzeko, eta, azken batean, bi komunitateren (nafar- eta euskal-) existentziaren egiaztapen eta isilbidezko onarpena da.

Ondorio erabat politiko hau onartzeko, egoera juridiko-politiko anbibalentea mantendu beharra zegoen, izatekotan beti Gaztelaren menpean jarrita: ezin zuten nafarrak zirenik  esan goi mailako traizio-delitua ekartzen zuelako, baina konkistaren aitortzak ezinezkoa egiten zien itunaren teoría burutzea.  Beraz, itunaren teoría adosteko eta borobiltzeko, denbora pasa ahala, nagusituz joan zen ideia ezen 1200. urtea baino lehen independienteak zirela eta data hartan, edo handik gutxira, Gaztelarekin berdintasunezko ituna adostu zutela.

Horrela joan zen eratzen eta mamitzen foralismoaren osaketa, zeinen ezaugarririk bereizgarriarena, bere autogobernuaren esperientzia, ez baitzegoen subiranotasunaren ideologietan oinarriturik, herrialdeko agintariek erabiltako itunaren (paktismoaren) ideologian eta praktikan baizik. Eskuarki, konfrontazioaren edo gatazkaren kultura herrien identitatearen oinarri moldatzailea izaten da. Foru-tradizioaren kultura, aitzitik, elkarren arteko (eskualdeko Gobernuaren eta Espainakoaren arteko) leialtasunean eta elkarrekiko konfiantzan oinarritzen da, hots paktismoan; eta biztanleriak bere nortasuna gauzatzeko (eta zaintzeko) modu “normala” zela onartu zuen. Beraz, foru-tradizioak euskal probintziei jantzi berria egokitu zien erabili ahal izan zezan, hots, euskal lurralde historikoak espainiar izatearen era politiko desberdina emanez, hori bai beti Gaztelako Koroaren barruan euskal nazioaren baieztapen “sui generis” mantenduz. Foru-tradizio hau prozesu historiko baten emaitza da, non itunaren eta elkarren arteko leialtasunaren bidez euskal identitate politikoa espainarrarekin bateragarria egiten eta ondorioz elkarrekiko harremanak ustez sendotzen baitira. Baina prozeso historiko guztietan gertatzen diren bezela, denboraren igarotzeak hazkunde eta krisi uneak eragiten ditu. XIX. mendean behin betiko krisian sartuko da eta azkenean ia osorik desagertuko. Horrek guztiak identitate politikoaren krisi larriak ekarri zituen herrialdeko sektore handietan, eta honekin batera euskal nazionalismoaren sorrera eta hedapena.

II-GAZTELAREN BERTSIOA.

Bertsio honi jaso eta bultzada handia ematen diona Rodrigo Semenez Arradakoa (1170-1247), Toledoko artzapezpikua da. Arradakoa Gaztelako mitoen sorkuntzan funtsezko egileetako bat izango da eta berak dioenaren arabera “… Alfontso errege nobleak, Nafarroako erregearen irainak mendekatu nahian …. Ibida eta Araba inbaditu zituen eta Vitoria setiatu egin zuen…”. Garesen jaioa, kultu eta jakintsua, el Toledano ezizenez ezagutua, Toledoko artzapezpikua izana, garai hartan itzal handia izan zuen Alfontso VIII.aren eta Fernando III.aren erreinaldietan.

Rodrigo Semenez Arradakoa (Gares, 1170-Vienne, 1247), elizgizon eta historialaria.

Garesko artzapezpiku nafarrak garai hartako potererik handiena zuten agintariekin (Aita Santuekin eta Erregeekin) harreman zuzenak zituen, musulmanen aurkako borroketan sustatzen, planifikatzen eta esku hartzen (horien artean Navas de Tolosa), eta adimen nahikoa izan zuen Gaztelak garai hartan behar zuen kontaketa hegemonikoa emateko. Bera izan zen Gaztelari bere lehen identitate politikoa eman ziona, Gaztelako entitate politikoaren sorrera historikoaren lehen ideologoa. “De Rebus Hispaniae” eragin handiko liburua idazterakoan, Espainiako historia, Iberiar Penintsula osoko historia eraiki nahi zuen, erreinuen zatiketa alde batera utzita. Bere Espainiako historiaren ikuskera tesi neogotikoaren sistematizazioa da: godoek Espainiako batasuna irudikatu eta proiektatu zuten, beraiek Espainako moldatzaile, sortzaile eta forjariak izan ziren, eta ondorioz haien erreinua jarraitu beharreko eredua zen, eta prozesu horren barruan Gaztelako Koroa bere bultzatzaile sutsu bihurtzera deitua izan zen. Labur esanda, Gaztela-Leon-Espainiako zentralismoaren dibulgazio lana da. Arradakoa, Gaztela Penintsularen potentzia nagusi bihurtu zen urteetako historia idazleak, etorkizuneko arrakasta emango dioten argudiaketa ideologiko eta politikoetan oinarritutako kontakizun hegemoniko zimendatzailea eraikitzen jakin zuen. Geroago Alfonso X-k azken pausoa eman zuen, Arradaren lana Espainiako Historian konpilatzen, historialarien belaunaldien inspirazio iturri gaur arte bihurtuz.

Juan Antonio Llorente (Rincón de Soto, 1750 – Madril, 1823), politikari eta elizgizon espainiarra

Gaztelako bertsioari espainiarrek azken ikutua eman zioten Konbentzio gerraren ondoren. Orduan Godoyk pentsatu zuen Foruak eta sustatzen zituen iraganeko ikuspegi oro “estatu arazo bat” zela, eta horretarako, garai hartako historialari onenen esku utzi zuen planteamendu paktisten faltsukeria (“borondatezko amore-emate” edo foralistak) erakuts zezaten. Llorente izan zen zentralismoaren dogmatika berria ezarri zuen historialari talde honen buru. Labur bilduta, dogmatika berri honen funtsa puntu hauetan datza: 1-Bere existentzian zehar euskalherritarren batasun politikorik ez dagoela egiaztatzea, 2-Nafarroako Erresumaren errealitatea Europako Estatu gisa irmoki ukatzea, 3-Gaztela dela legitimitate politikoa duen Iberiar Penintsulako estatu bakarra, eta hortik eratortzen da haren erabateko batasuna ondorioztatzea, 4-Gauzak horrela izanik, Nafarroa menpeko erresuma gisa jaio zen, inoiz ez zen independente izan eta Asturias-Leongo erresumen menpe egon zen beti, 5-1200an ez zen itunik izan, konkista baizik, 6-Foru-Zuzenbidea ez da jatorrizko Zuzenbidea, espainiar erregeek emandako kontzesio unilateralak baizik, eta horregatik alda edo ken ditzaketela egoki iruditzen zaienean, 7-Halaber, Asturias-Leongo erresumak hasieratik bere eskumenean izan du Arabako konderria, Gipuzkoa barne

Horregatik, gaztelarren iritziz Baskongadetako lurraldeaeren kontrola Iruña-Nafarroako erregeek ohiz kanpoko gertaera izango litzateke eta probintzien patu historiko agerikoaren kontrakoa, hots, istripu edo ustekabe historiko oker eta gogaikarria: hortaz 1076koa, XII. mendean zehar izandako gaztelar okupazio saiakerak, edo 1200ko konkista bera “berreskuratzeko”, hau da, “berreskurapenak” izango lirateke, Hitz batez esanda, Errekonkista. Zehazki, eta itunari dagokionez, 1200ko konkistan ez dute akordiorik, ez bake plebiszitorik edo integraziorako hitzarmen zantzurik ikusten; besterik gabe, azken finean jatorrizko etxerako itzulera izango litzateke. Espainar historialari askok parte hartzen dute interpretazio honetan: Menendez Pidal, Sanchez Albornoz, García de Cortazar……

III-NAFARREN BERTSIOA

Bertsio honek dioenez, inbasio eta konkista militar bat izan zen, nafarrek inoiz onartu ez izana, euskaldunen Estatua zatitu eta desegin zuena. Nafarroako Erresumari zegokionez ondorio larriak izan zituen, lur galerari beste galera motak gehitzen zitzaizkion, hala nola biztanleria, baliabideak, itsas-aurrealdea, azkenik neurri haundi batean, oso ahulduta geldituz 1512ko gelaurre edo lehen atari bihurtu zelarik.

Gainera, 1200ko konkista Europan sakoneko aldaketak mamitzen ari ziren garaian gertatu zen. Horrela, aldaketa horrek 1000tik aurrera merkataritza eta eskulangintza jarduerak bultzatu zuen gune ekonomiko berrien sorrera. Ondorioz komunikazio ardatzak izugarri ugaritu ziren Europako eskualdeen arteko erlazioa ahalbidetuz. Iberiar Penintsula Mendebal Europarekin lotzen zituen merkataritza-bideak kulunkatzen hasi ziren itsas-aurrealderantz; Atlantikoko ardatza indartsuena izango da eta Kantauri itsasoan jarduera izugarri bizkortuko da. Eremu horietako lur okupazioa areagotuko da eta nekazal ustiapenarekin batera merkatal eta artisau enpresa berrien garapena. Gaztelak Nafarroaren lurraldetasun, ondasun eta jabetasun parte handi batez gabetu zuen: itsas-aurrealdea, portu komertzialak, itsasontziak, eta egur, burdin eta harri lantzen duten artisauek ontziak eta armak eraikitzeko. Horregatik, konkista horren ondorioz, kualifikatutako biztanleria eta lurralde osoaren herena murriztu zen, baita itsasorako zuzeneko sarbidearen galera eta Itsaso-aurrealdearena ere. Galera hauekin batera, lurraldearen ahultasuna konpentsa zezakeen thalasokrazia bat eraikitzeko aukerak (Holandarrak eta portugaldarrak eredu) galdu ziren.

1200 urtearen datak independentzia galeraren benetako hasiera ekartzen du, izan ere, Nafarroako Estatuaren garapen berezkoa eta naturalaren aukera eragotzi eta ezinezko egiten zuen bitartean, Gaztelak, aldi berean, bere fagozitazioa eta kolonizazioa bultzatu zituen, sustrai kultural berbera zuten pertsonak bereizten, eta euskaldunen arteko erlazioak gaurko egunera arte markatzen. Beraz, inbasioa, konkista, zatiketa, lapurreta eta gaztelar okupazio militarra izan ziren. Ez zen inolako “borondatezko amore-emate”-rik izan, ez itunik, porrotaren ondorengo armistizioa baizik. Mende askoren zehar okupazioak oroimen historikoaren manipulazioa ekarri du eta honekin batera espainiarren eta foralisten desitxuratze historiko ofizialak.

Nafarroa osoko lurraldetasuna

Nafarroa Europako estatu bat da, euskal batasun politikoa, euskal Erresuma, 1016, 1127, 1177 eta 1190ko nazioarteko itun desberdinek edo Codex Calixtinus-ek adierazten eta probatzen duten bezala. Aipaturiko hitzarmenek, legeek eta foruek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeetako nafar izatearen kondizioa jasotzen dute, baita bertako biztanleena ere. Probintzi edo lurralde hauek ez ziren halakotzat existitzen, eta bertako naturalak nafarrak ziren. Beraz, gaur egun dagoen lurralde-banaketa juridiko-administratiboa ez da jatorriz, jasandako inbasioen eta horren ondoriozko nagusitasun kolonialaren ondorio baizik. Beste era batera esanda, batasun eta osotasunaren haustura Gaztelak Nafarroarekiko izandako jarrera gerrazale eta oldarkorraren ondorioa izan zen, nazioarteko hitzarmenen aurkako bidegabekeria onartezina, konkista, okupazioa eta menpekotasuna erakarri eta gauzatu zituena.