Aurtengo Uztailaren 18an galdu genuen Luxio Urtubia Kaskanteko semeak zioen, bankuei estortsioa egin eta lortzen zuten dirua, ez zela lapurreta; aurrez lapurtutakoaren berreskurapena baizik.
Gaur hemen aurkezten garenok, antzerako zerbait esan dezakegu.
Baina gurea, ez da diruaren berreskurapena.
Gu biltzen gaituena, euskal herritar eta Nafarroako Estatuko
hiritar bezala lapurtu zizkiguten independentzia, eskubideak eta historia beraren berreskurapena bultzatzea da.
Lehenik, Gaztelako Erresumaren erasoak jasan zituen Nafarroak 300 urte luzez, 1521ean Nafarroa Garaia inbaditua eta anexionatua izan arte.
Beste 100 urtez, iraun ahal izan zuen hala ere, Auñamendiz bestalde, Nafarroa Beherean, 1620 arte.
Frantziako Luis XIIIa (eta Nafarroako Luis IIa) izan zenak, Paueko Ediktoa deitua sinatuz, Donapaleun biltzen ziren Nafarroako Gorteak desegin zituen, Nafarroako Erresuma Frantziakora anexionatuz.
Eta gaur betetzen dira 400 urte Nafarroako Estatuaren azken egiturak suntsituak izan zirenetik.
Alferrikakoak izan ziren Nafarroako Gorteek bilduta egin zituzten ahaleginak beraien eskubideak eta askatasuna berreskuratzeko.
Nafarroa, Berpizkundeko ideia aurreratuenen bultzatzaile zen, kultoa eta aurrerazalea, Shakespeareren hitzetan, mundua harrituko zukeen nazioa izateraino.
Biblia euskarara itzuli zen, Luterok alemanera baino 37 urte bakarrik beranduago, Estatu txikiz osatutako eta botere orekatu batean oinarritutako Europa bat bultzatu zuen, Diseinu Haundia (Grand Dessein) deituriko proiektua babestuz, erlijio mailan Erreforma besarkatuz, emakumearen eskuhartzea gauzatu zuen 3 erregina estatu bururen eskuhartzearen bidez Foix-eko Katalina, Angulema-ko Margarita eta Albrit-eko Joana.
Nafarroakoa, estatu txiki bat zen eta Frantziak eta Espainiak (absolutismoaren eredu) Europako nagusitasuna lortzearren, elkarren artean zituzten liskarren erdian, iruntzia izan zen.
Geroztik, gure bizkar gainetan daramagu, ezarri diguten zama hori eta euskaldunon eskubideak urraturik eta askatasun egarriak ase gabe jarraitzen dute.
Ez ziguten askatasuna bakarrik ebatsi; Gainera, gure historiari buruzko kontakizuna ere erabat itxuraldatu edota ezkutatu egin digute beraien interesetara moldatuz.
Eta gaur da eguna, euskaldun gehienontzat, geure historiaren pasarterik garrantzitsuenak ezezagun zaizkigula.
Dena den, ez gatoz hona gure egoeraren errua besteei botatzera.
Jakitun gara, gure etorkizuna antolatzeko orduan, gure historia daukagula ezagutu beharra, dagozkion ikasgaiak ateratzeko.
Ordua da, erabaki sendoak har daitezen, gure historiaren ikerketan, irakaskuntzan, dibulgazioan… etabarretan geure eskuetan hartuz dagozkigun erantzukizunak.
Gure instituzioetatik hasita.
Eta bukatzeko, hemen, Elosuko Gaztelua egon zen leku historiko honetan bildu gara gaur Debagoiena eta Urola bailaretako hainbat herritako Lan talde. Aurretik ez genuen denok elkar ezagutzen baina iruditzen zaigu denon arteko sare bat antolatzea, interesgarria izan daitekeela. Gaurkoa lehen urrats bat da. Asmo eta proposamen berrietara irekiak gaude
Gure zeregin nagusi bezala Euskal Herriaren edota Nafar Estatuaren Historiaren berreskurapenean saiatzea izango da.
Ez gara bildu historialariak garelako, gure benetako historia ongi ezagutzea eta ezagutaraztea nahi dugulako baizik.
Iragana oinarri, etorkizuna opari !