Mario Zubiaga: «Hitz magiko bat balego, hori aldebakartasuna da»


Asko hitz egiten da independentziaz, eta helmuga horretara iritsi nahi duenak badaki bidea langaz betea dagoela. Bide horretako oztopoez, aukerez, eta  kontraesanez, aldiz, gutxi hitz egiten da. Hori da orrion helburua, horietan sakontzea. Egoera aldatzen ari da Europan, hor dira Kataluniako eta Eskoziako kasuak, eta Euskal Herriari ere zabal dakioke bere leihoa. Euskal independentismoa zertan den aztertzeko elkarrizketatu dugu Mario Zubiaga, EHUko Euskal Nazionalismoari buruzko Masterraren burua.

Abertzaletasunean serio hartzen al da independentziaren ideia?

Agenda arazoa dago hor eta familia abertzaleko bi korronte handiak beste gai batzuk jarri dituzte independentziaren aurretik. Ulertzekoa ere bada, ziklo luze batetik gatoz eta beste batera pasatzen ari gara, eta trantsizio fase batean gaude. Agian sei hilabete barru bai, batek daki, baina hau ez omen da estatugintza, naziogintza eta herrigintza  jorratzeko unea. Ezker abertzalearentzat garrantzitsuena da aurreko gatazka ziklo hori behar bezala konpontzea; hau da, akordio zabalak, elkarrizketa, kontsentsua, PSErekin eta EAJrekin bederen akordio batzuk lortzea gai horretan… Filosofia hori dago eta hau aurrera ateratzeko ez da Estatuarekiko harremana tenkatzea komeni, Katalunian bezala, horrek ez du konponbidea errazten.

EAJren kasuan, Lizarra-Garazitik aurrera egindako ibilbidea dela eta, badu trauma historiko bat: alderdi barruan arazoak izan zituzten, Ibarretxeren plana gaizki bukatu zen eta, gainera, gobernutik kanpo geratu ziren. Hori guztia bizi izanda, orain ez du arriskatzeko gogorik, eta euskal estatuaren aldeko hautua egiteak esan nahi du politikoki arriskatu behar duzula, horrek polarizazio egoera gogor bat dakarrelako. Gainera, inguruko gertaerek ere eragiten diote eta EAJk beldur dio Artur Mas-en sindromeari.

Orduan, logikoena da pentsatzea EAJ kudeaketaren eszenatoki horretan mugituko dela, baldin eta, adibidez, Madrilen zentralismo zorrotzak beste zerbaitetara behartzen ez badu.

Kontua da, ea bide hori zein neurrian den baliagarri gaur egun autogobernuan edo estatugintzan aurrera egiteko. Egungo euskal eszenatokiak, kudeaketa hutsean oinarritzen denak, badu abantaila bat eta zera da, Estatuan Katalunia doala aurretik independentziaren bidean, eta beraz, Estatuari ez zaiola interesatzen bigarren fronte bat zabaltzea eta Euskal Herriarekin abegikorragoa izan daitekeela. Sinesten baduzu bide horrek gaur egun balio duela estatugintzarako –nik ez dut sinesten–, une honetan agian eman daitezke aurrerapausoak estatutua betetze bidean edo –EAJk nahi duena– xedapen gehigarrien bidez etorriko diren lege zentralizatzaileak hemen aplika ez daitezen.

Eszenatoki mugatu horretan, EAJk badu eroso mugitzeko aukera eta ondo mamitua du zirrikitu horrek uzten dion marko diskurtsibo orokorra, hau da, ikuspegi forala eta eskubide historikoen bidea. Azken fase historikoan, EAJren barruan tentsioan dira bi ideia: batetik, eskubide demokratikoa, herri honek erabakitzeko duen eskubidea; eta bestetik, eskubide historikoak, foru eskubideak, eta horiek buruz buruko harremanetan jartzen zaituzte Espainiarekin. Ezin da ahaztu foruena derrigorrezko harreman bat bideratzeko modua dela, baina horrekin derrigorrez jotzen duzu harreman hori Espainiarekin dela, eta aldebikotasuneko harreman bat egon behar duela. Hortik dator “ez inposatu, ez eragotzi” Josu Jon Imazen esamolde hura. EAJren norabidea hori izango dela dirudi.

Eta zergatik uste duzu bide horretatik estatugintza eta herrigintza ez direla sendotuko?

Bide horrek Espainiako Konstituzioarekin egiten du topo eta, batez ere, bere ibilbide osoan Auzitegi Konstituzionalak autogobernuaz egin duen irakurketarekin. Doktrina hori guztia bertan behera uztea oso zaila da. Alde batetik, legedi ia guztian dituzu oinarri lege batzuk autonomia markoa zein den argi definitzen dutena eta, gainera, azken 25 urteetan hori asko murriztu da. Espainiako sistema politikoa dagoeneko oso esparru itxia da.

Eskubide historikoen bideak markatzen zaitu, eskema hori aldebikotasunean oinarritzen da, eta gainera ez da berdintasunezkoa, harremanaren interpretazioaren gaitasuna batek bakarrik duelako, eta harremanaren bilakaera alde horrek bakarrik definitzen du.

Hori EAJren eremuaz egiten duzun analisia. Ezker abertzalea ere lehengo zikloan harrapatua dagoela aipatu duzu, hau da, lehenik konpondu gatazka armatuaren ondorioak eta gero ekin berriz independentziaren bideari. Ba al du beste irtenbiderik?

Estatugintzari, naziogintzari, herrigintzari lehentasuna ematen badiezu, agian presoen gaia lehenago eta hobeto konponduko duzu zuzenean horretan tematuta baino. Zuk lehentasuna normalizazioan jartzen baduzu, presoak, ETAren desegitea… Estatuaren esku zaude. Zuk benetan sinesten baduzu aldebakartasunean, ezin duzu zure estrategia osoa beste batek erabakiko duenaren menpe utzi. Estatuarentzat benetako gaia independentziarena da, eta lortzen badu zu normalizazioaren gaian katramilatzea, hark ez du presarik. Orduan, nola desblokeatzen da ikuspegi etiko batetik, sufrimenduaren aldetik lehentasunezkoa den gai bat? Bada, akaso zeharkako bide batetik. Agian indarrak metatu behar dira eta gero Estatuarekin denari buruz hitz egin, presoez eta erabaki eskubideaz. Agian biak aurreikusita daude, A plana (normalizazioa) eta B plana (independentzia), eta batek porrot egiten duenean bestea aktibatzen da, edo biak batera, baina uste dut A plana bere mugetara gerturatzen ari dela. Negoziazioren eredua gaindituta dago jada paperetan, baina ez oraindik zenbaitzuen buruan.

Eta zeren inguruan egin behar da indar metaketa? Jendeak zergatik erabaki behar du mobilizatzea?

Etorkizunari begira ilusioa eskaini behar diozu jendeari, oso zaila da iraganeko gaiekin herritarrak indar metaketara erakartzea. Presoen eskubideen inguruan, adibidez, dinamika desmobilizatzailea eta kontraesankorrean hasten dira halabeharrez: batetik eskubideen defentsa, presoak gerturazea eta abar, interpelazio gisa, baina bestetik, eremu horretan zenbait gauza lortzeko, amore eman behar duzu zure historian, errealitatea ulertzeko eta irakurtzeko zure interpretazioan, barkamena eskatu… Eta hori guztia, egin behar da, egin behar delako, helburuak merezi duelako baina, era berean, horrek ez du ilusio handirik sortzen herritarrengan.

Dena den, bakearen ideiak oraindik sortzen du ilusioa herritarrengan.

Uste dut ilusio sortzaile gisa hori amortizatuta dagoela eta bereak eman duela.

Beraz, bakean gaude eta listo.

Bai, eta uste dut estatugintzaren ikuspegitik gizartea beste urrats batzuk eskatzen ari dela. Euskal gizarte abertzalearen agenda eta alderdi abertzaleen agenda ez daude koordinatuta.

Eta euskal gizartean, non ikusten duzu zuk independentziarekiko ilusio eta eskaera hori?

Ilusio hori apurka ari da mamitzen. Estatugintzaren gaia jorratzen ari diren taldeak sortzen ari dira han-hemenka, eta alderdi abertzaleek esku-frenoa jarrita dutela dirudi. Unibertsitatean behintzat sumatzen ditut mugimenduak, eta horrez gain, ni behintzat dei ugari jasotzen ari naiz oso esparru desberdinetatik gai honi buruz hitz egiteko. Zerbait egosten ari da.

Hau da, Katalunian bezala, hemen ere gizarte zibila mugitzen hasi dela esan nahi duzu?

Agian bai. Bada ageriko desberdintasun bat Kataluniarekiko, hemen ez da egon gizarte zibil autonomorik han bezala. Hemen, gatazka armatu bortitzak hala behartuta, gizarte zibila alderdi politikoen esanetara egon da. Kataluniako Batzar Nazionalean (ANC) badira alderdiak, baina hemen baino askoz gizarte autonomoagoa dago.   Hemen ere, fronte ikuspegi horiek desagertzen diren neurrian, gizarte autonomoa sendotuz joango da.

Ekimenak aipatuta, hor dago Udalbiltzaren berpiztea…  Hori zuk aipatutako ezker abertzalearen B planaren aktibatze maila bat izan liteke.

 

 

http://www.argia.com/argia-astekaria/2363/mario-zubiaga