Margarita Nafarroakoaren Heptamerona, hanka-motz

Margarita de Angulema

Margarita Nafarroako erreginaren Heptamerona euskaratzeko asmo erraldoiari ekin eta, azken bi urteotan, liburutto bat urteko ateratzeari eutsi diogu, aurten bigarrenez; irakurle zoliak honezkero asmatuko zuenez, Heptamerona zazpi liburukiz osatua da eta, beraz, zazpi urtetan osatu beharreko lan itzela dugu.

Lehenengo liburukia iazko udazkenean aurkeztu genuen eta jendaurreko irakurraldi bat ere egin genuen Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Hirurogei lagun inguruk parte hartu eta Booktegik bere webgunean liburua formatu digitalean behera kargatzeko urririk eskaintzeaz gain, Nafar Ateneoak ere argitara eman zuen aldizkari formatuan.

Alabaina, horrelako proiektu bat modu duin batez aurrera ateratzeko ezinbestekoa den gutxieneko diru kopurua biltze aldera, Crowfunding bat egin genuen, bildu beharreko kopurua erdietsi genuelarik. Hori horrela, Xabier Artola idazle eta itzultzaileak bigarren liburukia osatzen duten ipuinak euskaratzeari ekin zion, jatorrizko frantsesetik.

Booktegiren eta Nafar Ateneoaren ekimenez, urriaren 29an aurkeztuko da bigarren liburuki euskaratu berria, non eta Amaiurren, baita jendaurreko irakurraldi bat egin ere. Esan gabe doa, inork zatirik irakurri nahiko balu, euskara@ateneronavarro.es helbide elektronikora egin dezala eskaera, beti ere larunbat horretan irakurtzera agertzeko erabaki irmoarekin.

Proiektuak duintasunez jarrai dezan, nahiz eta Nafar Ateneoak eta Booktegin lanaz arduratu, ezinbestekoa da babes instituzionala, zeren eta Munduko literaturan klasikoa den Nafarroako Erreginaren lana izaki, Nafarroako Gobernuak badu erantzukizun instituzionala egitasmoak erreka jotzen badu, eta, argi mintza gaitezen, bigarren liburukia eginda badago ere, ez dago bideratuta ez hirugarrena, ezta hurrengoak ere… Nafarroako Gobernuak lagundu ezean, beldur naiz ez ote den Heptameronaren hutsaren hurrengoa izanen.

Noticias de Navarra