Maixabel filmari darion nazionalismo espainola kritikatzea litzateke lerro hauen egitekoa. Oso nazionalista eta politikoa baita pelikula, minaren eta oinazearen, humanismoaren eta sentimenduen, emozioen eta hunkipenen osagaiez zeharkatua eta zipriztindua badago ere. Itxurak itxura, beste behin kontakizun hegemoniko bakarraren interpretazioa baizik ez da antzematen damuaren eta barkamenaren aldeko urrats pertsonal honetan. Botereak beti egin duena egiten du film honek ere: bere buruaren bertsiorik etikoena eta zintzoena ematen du, botere espainol horrexek berak sortutako baldintza nazional dominatzaileak estaliz eta betikotuz. Biktima guztien mina, jakina, min mingarria da, eta filmean kontatzen den hilketa latza jasan duten pertsonen mina pantailaratzen du Maixabel-ek.
Nazionalismo espainiarraren begirada zinematografikoak begiak bustiko dizkio ikusle askori. Oso zaila baita horrelakoetan zirrararen eta hunkipenen pean estalirik dagoen arazo historiko nazionalaren kontzientzia arrazionala erne mantentzea. Badut zinetik irten eta ondoezik sentitu diren ikusle abertzaleen berri. Hala ere, oker ez banago, film hau ikusi duten abertzale gehienek nekez hautemango zuten nazionalismo espainolaren aldeko mintzoa eta miztoa txertatu izanaren sentipena. Ez baikaude ohituak, esaterako, pertsonala politikoa dela ulertzeko ariketa kognitiboa egiten, edo fikzio zinematografikoaren ziztada emozional manipulatzailea deszifratzen. Gauza jakina da bihotza kontrolatzen duenak ideologia ere kontrolatzen duela.
Hortaz, Euskal abertzaletasun berriaren keria guztiak azaleratzea du xede filmak, eta, bidenabar, nazio espainola Hego Euskal Herrian legitimatzea. Horretarako, gainera, aukerako gertakari bortitz bat hautatu dute, biktimaren profil politikoak areagotu egiten baitu batzuen zentzugabekeria eta besteen zentzu ona. Hori guztia testuinguru historiko, nazional eta politiko erabat soilduan, ez dago inolako aipamen funtsezkorik bi nazioen arteko harreman historiko gatazkatsuari buruz. Gauza jakina denean nazioen arteko harremanetan batak bestea mendean hartu izana dela krimen guztien iturria, ondorengo krimenak aldez edo moldez haren baitan eta hark ekarriak izaten direlako.
Bortxa politikoaren historia malkoz, oinazez eta nahigabez josita dago, baina kontua da, bortxa politikoaren ondorioak ez direla agortzen galera humanoetan. Gerra edo gatazka bortitz baten ondorioak ikertzen dituen historialariak ezin ditu alde bateko keriak eta besteko dohainak nabarmendu, alde batekoen bihozgabekeriak salatzeko eta bestekoen bihotz-urradurak azpimarratzeko, pelikula honetan bezala. Delako historialariak bortxa politikoak eragin dituen orotariko ondorio nazionalak ere erregistratu beharko ditu zehaztasunaren izenean. Zertan diren, esaterako, gatazka historiko luzean esku hartu duten nazioen arteko harremanak. Harreman horien orekak eta desorekak, pribilegioak eta morrontzak, dominatzaileen eta dominatuen arteko asimilazio politikak eta abar. Eta historialariak, pelikula honetan bezala, gaiztoak eta zintzoak errotik bereizteko setak itsutu ez badu, aditzera eman beharko du bortxa politikoaren ondorioz izaera askotako galerak gertatu direla.
Euskal Herriaren nortasun nazionala garatzeko bideak ukatu dituen bortxa politikoak ez ote ditu galera humanoak eragin? Izakiok ez gara izaki metafisikoak, identitate linguistiko, kultural eta nazional batean bizi gara, besteak beste. Hortaz, nazionalismo espainolak euskal nortasunaren garapena eragotzi dion herriarekin ez ote du ba krimen humanorik burutu? Gizabidea hiltzeko modu asko dago. Alde horretatik, Hegoaldeko euskaldunok espainiar nazionalismoaren biktimak gara aspaldi handitik, Gaztela/Espainia kolonizatzailearen garaietatik, hain zuzen. Gaztela Estatuaren etnia dominatzaile gisa, eta Espainia Estatuaren nazio dominatzaile moduan.
Bortxa politikoak ez duela ezertarako balio? Hori diote humanista zintzoek eta ez hain zintzoek. Ez da hori, ordea, historiaren orrialdeetan ikus eta ikas dezakeguna, bereziki nazioen eta nazionalismoaren historian. Alderantziz, doi-doi. Bortxa politikoak eraiki ditu Espainia bezalako estatu nazionalak. Euskal Herria nazionalki Espainia eta Frantzia bihurtu izana ez ote da nazionalismo bortitz horren ondorio zuzena? Euskararen herriaren izaera zerk nazionalizatu du espainol bihurtzeraino? Nazionalismo hori, gainera, ez da iraganeko kontua soilik, bortxa fundatzailearen egiturek indarrean diraute.
Hain zuzen, iraganetik datorkigun egiturazko kolonialismoaz, dominazioaz eta naturalizazioaz baliatu dira orain Maixabel bezalako filmak egin eta beren buruak zuritzeko. Botereak iraganaren kontrola duenez, orainaren kontaketa nahieran egiten du: horretarako dauzka dauzkan gidoigileak, zuzendariak, aktoreak eta gainerakoak.
Nazio dominatzailea ez da konformatzen, gainera, krimen bikoitzarekin: batetik, nazio-arerioaren kideak hiltzearekin, eta, bestetik, nazio-arerioaren hizkuntza, kultura, lurraldea eta historia xehatzearekin (etnozidioa edo genozidio kulturala), garaipen moralaren domina ere beretzat nahi du. Errugabeen eta giza eskubideen podium etikoan kokatu nahi dute beren burua. Horregatik filmatu dute Maixabel. Manipulazioaren zuzendariak izaki, manipulatzeko kapital sinbolikoa, emozionala, artistikoa, ideologikoa, politikoa eta militarra eskueran dituztelako.
Berria