Madariaga, Aldekoa eta Antoñana. Nafartasunaren lekuko

Denbora gutxiren barruan utzi gaituzte Nabarraldeko kideak izan ziren Julen Madariaga, Iñaki Aldekoa eta Xabier Antoñanak. Hiruen bizitzak eta ibilera politikoak luzeak eta oparoak ez-ezik, gora-behera eta zailtasun askoz hornituak gertatu dira; bai politikoki, nola pertsonalki. Hori izan da azken egun hauetan batek baino gehiagok modu eta ikuspegi askotatik adierazi eta azaldu duena.

Orain eta hemen, ordea, aipatu gabe edo gutxi aipatuta gelditu den hiruen ezaugarri esanguratsu bat azaldu eta azpimarratu nahiko nuke nik; hain zuzen ere, bai Madariagaren, nola Aldekoaren eta Antoñanaren nafartasun aitorpena eta lekukotza. Ez da soilik nafar-zaleak aldarrikatzen zirela, baizik nafarrak aitortuz, beren euskaltasuna nafartasuna bezala ulertzen zutela. Irizpide horrek bultzatu zituen hiruak zalantzarik gabe Nabarralde erakundeko eta mugimenduko partaide egitera.

Gainera, nafartasunaren aldeko jarrera hori ez zen soilik izaera edo aiurri pertsonalaren adierazpen edo ikur bat izan; aitzitik, arlo ideologikoan, politikoan eta “meta-politikoan” ere, eragina eta ondorioak eduki behar zituela uste zuten zerbait. Adibidez, Madariagak bere ohiko enfasiarekin gogoratzen eta goraipatzen zuen Frantziako Errepublikan ez-ezik, Europa osoan ere, nafartasunak irabazia duen aintzat hartzea eta ezagutza. Aldekoak, berriz, esate baterako, behin baino gehiagotan jarri zuen mahai gainean Trebiñuko arazo larriaren anakronismoa soilik Nafarroako lurraldetasun galpenaren ikuspegitik arbuiatu daitekeela; eta argudio hori dialektikoki erabakigarria bilakatu litekeela trebiñarren borondatean oinarritutako aterabide demokratikoaren aldarrikapenean. Antoñanak, bere aldetik, Viana hirian jaio eta eman zuenez bizitza osoa, -“Bidegaina” deitu zion liburu baten izenburuan- atxikimendu estu hori beti agerian eduki izan zuen.

Ez gara historiaren menpekoak eta historiak ezin digu agindu. Baina herriak historian bizi dira; eta historian du Euskal Herriak bere herri nortasuna garatu eta garatzen. Euskal historiak nafartasunean ditu bere erro eta lehengai nagusiak. Nahiz gauza jakina den nafar deitura edo izena bera eta Iruñeko erresumaren erakunde politikoa IX mendean sortu zirela, euskal historiaren ardatza dira.

Euskal nazioa ez da foruen dialektikatik sortutako aldarrikapen bat.  Euskal Herria izan, bazen, foruak baino lehen; eta Euskal Herria izan, izango da, foruen eta autonomien ondoren; edo foru eta autonomiarik gabe. Baina Euskal Herria euskararik gabe ezin izan litekeen bezala, euskal etorkizuna ere ezin liteke euskal iraganik gabe irudikatu. Hori da nafartasunaren mezu sakona. Eta horregatik, Madariagak, Aldekoak eta Antoñanak, nafartasuna atxikiz eta lehenetsiz, sendotu egin zuten ere beren euskaltasuna.