Al Kaedak eginiko Madrilgo atentatu indiskriminatuez geroztik urtebete igaro denean, harrigarria da euskal gizartean laidotua izanaren sentimendurik ez izatea. Izan ere, sentimendu hori guztiz justifikatuta egongo litzateke: hor jasan baikenituen akusazio faltsua, gezur handia, iraina eta Espainiako Gobernuak gure herriaren aurka botatako mehatxuak, sarraski hartan berak zuen erantzukizuna gorde, ezkutatu eta desbideratzeko.
Lehen urteurrena betetzen den egun hauetan, zeremonia, omenaldi eta prentsak eta ikus-entzunezkoek erruz eskainiko dizkiguten erreportaien garaia dugu. Ez da beharrezkoa ia gertakarien sekuentzia errepikatzea, ikerketa, morbo eta aldaketa politikoez betetako hilabete hauetan behin eta berriro ikusi ahal izan dugunez. Labur esanda, 2004ko martxoaren 11n, jenderik gehiena lanera zihoan orduan, bidaiariz betetako trenetan leher egin zuten bonbek, eta Jose M. Aznarren gobernuak, hauteskunde orokorretarako hiru egun falta zirela, agintearen eta lapurretaren bere muntaia kolokan geratzen zela ikusi zuen. Aznarrek euskaldunen aurkako politika eta AEBekiko aliantza egin zituen bere politikaren ardatz. Azken minutuan apustu zoro eta burugabe hark (Irakeko gerraren aldeko hautua, Europako Batasunarekin harremanak gaiztotzea…) faktura pasa zion ordea, eta iragarpen edo itxaropen oro deuseztatu zuen.Santiago Albak 11-M. Tres días que engañaron al mundo liburuan dioenez, «Aznarrek hitz eman zuen bere herriari garai bateko distira, inperio zaharraren aintza eta potentzia handia izatearen harrotasuna itzuliko zizkiola. Bushekin aliantza egin zuen, Espainia Historiarekin lotu zuen eta, berehala, berrehun pertsona txikituta geratu ziren lehergailuz».
Baina Aznarren nazioarteko abentura negargarria izanik ere, espainiarren erreakzioak euskal gatazkara bideratu nahiak Espainiako eskuinaren izaera kriminala agerian uzten du. Alderdi Popularraren gobernuak NBEren Segurtasun Kontseiluari ETA arbuiatzen zuen ebazpena inposatu zion zeina, errealitateak erakunde horren errua berehala gezurtatu bazuen ere, Historiarako idatzita geratu baita. Presidenteak pertsonalki deitu zien komunikabide garrantzitsuenetako zuzendariei (El País-ek eta El Periódico de Catalunya-k toxikatze-maniobra haien berri eman zuten), presionatzeko: «ETA izan da. Ez dago zalantza izpirik». Espainiarren manifestazio erraldoi bat antolatu zuten, «Konstituzioaren» alde, horren kontrakoak akusatuz, beraz. Atzerriko enbaxadei gezurra esan zieten, Alemaniako Polizia kexu izateraino, espainiarren iruzurrak Europako herritarrak, atentatuek jarraitu izan balute, babesik eta defentsarik gabe uzten baitzituen.Aznarren eskala handiko iruzurraren erakusgarririk nabarmenena, ordea, martxoaren 11ko goizean bertan Moncloan atentatuaren ondorioei aurre egiteko bildu zuen Krisi Kabinetea izan zen.
Paradoxikoki, Espainiako hiriburuan garraio publikoen aurka erasoak izan ondoren, ageriko gerra-operazioa izanik eta atzerritarren eskutik gertatu izanaren zantzu guztiak izanik, Kabinetea bildu zenean ez zegoen Kanpo Arazoetarako Ministroa, ez eta Garraioetakoa, ez eta Defentsakoa ere. Aitzitik, Aznarrekin Zarzalejos aholkularia (Vocento prentsa-taldearekin lokarri familiarrak eta profesionalak dituena), Acebes bozeramailea, Gobernuko eta Lehendakaritzako komunikazio-arduradunak… Ez dago zalantzarik: komunikazio-kanpaina batera, informazio-manipulazio, iruzur eta propagandako operazio batera bideratutako Krisi Kabinetea izan zen.Zein zen desbideratze-maniobra horien esanahia? Atentatuen eta hauteskundeen arteko egun odoltsu eta nahasi horietan, kazetari batek hura gerra bat zela esan zuen, hitzez hitz. «Gerra bat da, bai, gure nazioaren eta zibilizazioaren aurka, non funtsezko rola betetzen baitu propagandak, ‘gerraren beste nerbioak’, Napoleon zitalaren definizio ospetsua erabiliz». Euskal gerraz ari zen, noski (Irakekoa bost axola balitzaio bezala, edo zerikusirik izango ez balu bezala). Eta, nahi gabe, mozorroa kendu zuen.Espainiako eskuin kolpista, faxista eta gezurtiaren ezaugarria den lotsagabekeriarekin, Aznarri bere burua zuritzeko ardura besteen bizkar ezartzea besterik ez zitzaion otu. Erromako sutearen ondoren Neronek kristauekin egin zuen bezalaxe, edota Alemania naziak bere garaian juduekin egin zuen bezalaxe, Aznarrek besteak seinalatu zituen. ETA aitzakia erraza zen harentzat, eta «euskal gatazka» delakoa ezarri zuen sarraskiaren erdian. Euskal gizartearen burujabetza nahia, independentzia asmoak, erresistentziak, disidentziak eta arazoak gorpuen, haserre biziaren eta mendeku-eskeen erdian kokatu zituen.
Propaganda politikoaren printzipioetako bat (begi bistakoa izanagatik ere, baliagarria eta praktikoa) transfusioaren araua da: propaganda-egileak ez du inoiz korrontearen kontra joan behar, baizik eta masaren sinesgarritasun korrontea aprobetxatu behar du, hura bere alde erabiltzeko. Usteak aprobetxatu behar ditu. Eta zein zen, espainiarren artean, errazen erabil zitekeen ustea? Oker, bortizkeria eta gorroto guztien sorburua euskal auzian dagoela. Gezur erraza, jadanik ongi sustraitutako iruzurra, teknika zehatz eta landuarekin luzaroan elikatua. Gezur hori egunez egun eraiki dute politikari espainiarrek, komunikabideen eta prentsaren laguntza estimagaitzarekin.
Denok bizi izan genituen martxoko egun haiek akusazio-kontzientzia horrekin, mendekuen beldur, elkarbizitza eta masa espainiar inozoa pozoitzeko asmoz nahita botatako faltsukeria haien eraginpean. Horregatik, eta hasieran esandakoaren ildotik, harrituta nago gure gizartean amorrurik ez ikusteaz, sumindurarik ez nabaritzeaz. Ez dugu autoestimu handiegirik erakusten gu faltsukeriaz akusatzea eta erasotzea hain merke ateratzen zaienean. Eta ez dugu defentsa-mekanismorik ere nazioartean etengabe izen ona galtzen ari garenean, herri gisa gutxietsiak garenean eta, azken batean, mehatxatuta gaudenean.
‘Post scriptum’
Pentsamolde espainiarrean ongi landutako gezurra dela berriro egiaztatu ahal izan dugu urteurren honetan, ustezko intelektualen plataforma horrek Ibarretxeren Planaren aurka (itxuraz) itsu-itsuan egin duenean. Berriro ere, ETAren aurkako hartan bezala, itxurazko jomugaren (Ibarretxe) azpian, herri osoaren aurkako erasoa dago. «Euskal gatazkaren» aurkakoa. Askatasun eta independentzia nahien aurkakoa, herri honetako jendeak erabakiak libreki hartzearen aurkakoa. Eskuin muturreko plataforma nahiz eta ezkerrekoak omen diren pertsona batzuek bereganatu Espainia zatitzeko asmoen kontra agertu da, bidea edozein delarik ere (Jugoslaviakoa nahiz Txekoslovakiakoa). Hau da, ez daude berez gerraren aurka, ez eta bortizkeriaren edo sarraskien aurka ere, baizik eta autodeterminazioaren bidetik herriek askatasuna eta elkarbizitza lortzearen aurka.
Espainia beltza, betikoa, «Vivan las cadenas» oihukatzen duena