Letonia eredua ote?

Letonia oso eredu interesgarria izan zitekeen guretzat, euskaldun independentista garenontzat. Jakina denez, Letoniak 1991n lortu zuen independentzia. (Batzuek, aldiz, Hego eta Erdialdeko Amerikari begiratzen diete, askotxo oraindik fedearen bila bertara joanez. Noiz arte?).

Zer dakigu Letoniako ekonomiaz edo eta Baltikoko errepublika independenteetako ekonomiez? Deus gutxi. Independentzia lortu bai, baina badirudi ekonomian galdurik daudela. (Ez dago esan beharrik arazoak arazo letoniarrak pozik daudela lehengo paradisu sobietarretik -hots, estatu-kapitalismo atzeratutik- aske daudelako).

Letoniak 1991n sobietar paradisu galdutik independentzia politikoa lortu zuenean, birtualki zorrik gabeko estatua zen. Orain, berriz, zorra handituz doa. Eta berori ez da erabiltzen industria finantzatzeko eta langabeziari aurre egiteko, FIRE sektorean baizik (FIRE: ingelesezko Finance, Insurance and Real Estate, hots, finantza, aseguruak eta ondasun higiezinak).

Jakina datekeenez, lurrean, baliabide mineraletan eta monopolioetan kargatutako zergek ez dituzte prezioak altxarazten; enpresa gaineko zergek (lan-indarretan eta kapitaletan) bai. Horrek enpleguaren kostua areagotzen du, beste europar ekonomia batzuen parean. Ondorioz, lan-aukerak murriztu dira, lan-indarraren irteera bat emigrazioa izanik.

Esan bezala, azken 15 urte hauetan Letonia gehiegi eta azkarregi zordundu da. Erremedio neoliberala ezaguna da: austeritatea gastu publikoan, zerbitzu publikoetan eta langileriaren soldatan.

Letoniako arazo ekonomikoak askotarikoak dira: alde batetik finantza-kapitalismoaren funtzionamendua, bestetik Europar Batasunean sartzea eta euroaren menpe aritzea (alegia, sistema super liberal batean egotea), eta azkenik, baldintza bikoitz horretan, barneko garapen ekonomikoari aurre egitea.

Letonia Europar Batasuneko kidea da 2004ko maiatzaren 1etik. Euroa printzipioz 2008ko urtarrilaren 1ean martxan jartzeko asmoa bazeukaten ere, ekonomia dela-eta, badirudi atzeratu egingo dela data hori.

Aspaldian Hudson-en lanen laguntzarekin ari naiz zertxobait esaten ekonomia globalaz, dolarraz, euroaz eta abarrez BERRIA honetan. Hona hemen Hudsonek berak orain dela gutxi Rigan irakurritako eta argitaratu gabeko lantxo batzuen laburpena.(Rigara gonbidatua izan da Hudson ekonomialaria oraingo lituaniar ekonomiari buruz hitz egin dezan: http://www.rgsl.edu.lv/index.php?part=jurd&page=j21).

Hudsonek dioenez, Letoniak (eta oro har estatu post-sobietar gehienek) Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren politika ekonomikoak onartu eta erabili dituzte. Horrela, errenta era progresibo batez zergapean jarri barik, batez ere lan-indarra zergapetu dute, ondasun higiezinetan eta beste jabego motatan soilik zama nominala ezarriz. Hortaz, gaur egungo Europako ekonomiarik desorekatuen bilakatu dira. (Kasu, Errumaniako lan-indarraren bostenak emigratu du eta Letoniako 50.000 langile Irlandara joan dira, berau aspaldian lan-indarraren migratzaileen lurra izanik).

Gobernuek beren aurrekontuak finantzatzearren, enpresa publikoak saldu dituzte estatu horietan guztietan. Baina zeinek erosiko lituzke aktibo horiek, barneko aurrezkiak egon ez direnean? Zein terminotan finantzatuko lirateke etorkizuneko azpiegiturak? Nola jarriko lirateke martxan zerbitzu publikoak?

Inbertsioa enpleguan eta garapenean inbertitu barik, pribatizazioak nonahi egon dira, familia gutxi batzuen aberastasunak ikaragarri handituz. (Antzeko gauza bat gertatu zen Txilen, Pinocheten estatu kolpe eta gero. Aktiboak birzuzenduak izan ziren enpresa berrietara, zorrak gobernuen esku utzirik. Gero, zorretan zeuden enpresa horiek Txileko Gobernuak amerikar eta atzerritar inbertsiogileei saldu zizkien).

Konkretuki, hona hemen Hudsonek aipaturiko Letoniako ekonomia gaitzak eta ezaugarri batzuk: a) pribatizazioa erabat hedatu da; b) langabezia %7 jaitsi da, baina letoniar langileek Irlandara eta Britainia Handira emigratu dute; (Emigrante horien igorketak Letoniako ordainketa-balantzan epe laburrean lagungarri diren arren, nazioa bere gazteria hezteko epe luzeko inbertsioa galtzen ari da); c) inflazioa kontrolatzea da kezka nagusia, Europako Banku Zentralaren, hots, monetarismoren eta neoliberalismoaren bidetik: hauxe izan da euro-gunean sartzeko baldintza; d) zerga politika atzerakorrak enplegua murriztu du, jabego espekulazioa eta zorra areagotuz; e) barneko merkatua ez da babestu; f) etxeak garestitu dira; g) ondasun higiezinetako merkatuan espekulazioa da nagusi; h) azpiegituren kostuak handitu dira; i) herrialdea zorpetu da, zor hori produkzio-medioak ordaintzeko jarri gabe; j) Letoniako hartzekodunak batez ere atzerritar bankuak dira, ez bertoko bankuak; k) Letoniako zorra populazioaren %10en esku dago: hori mehatxu bat da superabit ekonomikoa bide finantzarioen bidetik ekonomia osoa sifoi bihurtzeko arriskuarekin; l) ordainketa-balantza negatiboa da eta zorren zerbitzuak atzerritar bankuei eta beste hartzekodunei ordainketa-balantzako kanpo fluxuak behartzen dizkie.

Ondorioa ezaguna dugu: aktibo-prezioen inflazioa, eta beronekin batera, zorrak induzitutako deflazioa (ikus http://www.michael-hudson.com/, eta bertan Saving, asset-price inflation, and debt induced deflation).

Mendebaldeko gizarteetan ikusitako eta jasandako eredu neoliberala errepikatu egiten da ekonomia post-sobietarretan, Letonian barne: zergapetzea atzerakor bilakatu da, eta zerga-zama finantzan eta ondasun higiezineko munduan ezarri gabe, lan-indarrean jarri da: mozkin eta alokairu industrialak gehiago zergapetu dira kapital espekulatzailearen irabaziak baino.

Gai izango ote dira letoniarrak joera hori aldatzeko? Ekonomia beste era batera antolatzeko? EBn sartzearren, bere baliabideak beste modu batera erabiltzeko? Lan-indarraren gainean zergen zama handiena ez jartzeko? Oso zaila daukate jadanik aukeratu duten bidetik irtetea.

Gaur egungo Letonia ez da inolako eredu ekonomikoa Euskal Herrirako. Guk ez bezala, aukera izan dute ekonomia beste modu batera antolatzeko, baina EBren ispilu magikoak itsutu ditu letoniarrak: lehengo sobietar paradisutik EBko paradisura igaroko dira laster. Azken paradisu hori, zoritxarrez, oso ongi ezagutzen dugu guk.

Letoniako etorkizun ekonomikoaz, aukera galduaz hitz egin daiteke, hitz egingo da laster, zeren EBko baldintza murriztaileek Letoniako ekonomia are gehiago estutuko baitute.

Hortaz, zein izan daiteke Euskal Herrirako eredua?