Batek daki atzo 95 urte euriak ezkotu ote zuen Lekorne, edo, bestela, hego haizeak arbolak txistuka jarri ote zituen Donaixtin. Akaso, Barkoxen norbaitek egun hartan bertan jakin zuen maitea lubakietan hil ziotela. Edo, beharbada, norbait egun hartan itzuli zen frontetik Hazparnera, herren, maingu edo hil-urren. Jakizu inoren belarrietara iritsi ote zen Baionan gerra, Gerra Handia, amaitzear zela: atzo 95 urte, 1918ko azaroaren 11n, aliatuak eta Alemania armistizioa sinatzen ari zirela Compiegnen, tren bagoi batean. Auskalo, noiz eta nola iritsi zen Ligira bakearen berri. Batek daki albisteak inori algararik erauzi zion Donibane Garazin.
Kontua da ordurako milaka euskal herritarrek galdu zutela bizia etxetik urrun; edo eman zutela aberriaren alde, edo ebatsi zietela aberri bat eraikitzearren. Batek daki zenbat joan ziren borondatez gerrara, zenbat gogoz kontrara. Zenbatek galdu zuten bizipoza lubakietako sator bizimoduan, zenbatek izan zuten arra barruan hurkoa hil zutelako. Kontua da frantses egin zirela, gerra aurretik baino askoz ere frantsesago. Kontua da 95 urte beranduago, atzo, morts pour la patrie-ak ohoratzen, bandera urdin-zuri-gorria omentzen eta martxa militarrak txalokatzen aritu zirela auzapezak eta eskola umeak, elkarrekin, Hendaiatik Eskiularaino.
Berria







