Kazeta 84


Ondarearen hondarrak

Gizarte baten nortasunaren iturria da ondarea, beste nazioetatik ezberdintzen gaituen hori hain zuzen

Iruñetik paseatzean, iragarritako heriotza baten kronika (García Marquezen maisulana parafraseatuz) narratzen digute hiriko kaleek. Hiriaren iragana, nortasuna, izatea ezkutatu eta ezabatu izan nahi da askotan. Beste batzuetan aldiz hiriaren aspektu zehatz bat hartu eta infinitu arte tenkatu da, hiriaren “marka komertziala” bihurtuz. Iruñea munduko jai entzutetsuenaren bizilekua dugu gaur, jai eta parranda zoroaren sinonimo. Eta hori besterik ez. Edo hala erakutsi nahi izan dute maiz.
Ironikoa afera, Iruñeak duen iragan aberatsa kontuan hartzen badugu. Hala diosku gaur egun Nafarroako Artxibo Nagusia den eraikinak. Imajinazio saiakera serioa egin behar da garai batean kokaleku hartan Nafarroako errege erreginen jauregia zegoela irudikatzeko. Urte askoz denboraren hatzaparretara utzia, orain dela 20 urte berreraikuntza lanak hasi ziren, jatorrizko egitura eta zorupe arkeologikoa gupidarik gabe birrinduz. Eta birrinketaz hari garela, Gaztelu Enparantzan parking-aren eraikuntzak eragin zuen gune arkeologiko aberatsaren suntsiketa edo Iruñeko bihotzean zegoen Euskal Jai frontoi modernistarena nahitaezko aipamenak dira. Ildo beretik doa euskarak Iruñeko kaletan duen presentzia minimoa. Desitxuratu edo ezkutatzen ez denean, bigarren maila ezkutu batean ageri zaigu, zonifikazio, izendegiaren alienazio edo errotulazioaren legearen zigorpean. Ondarea suntsitzeko joera hau ez da nafar hiriburura mugatzen, Iruñean ageri agerikoa bada ere. Azken batean, euskal ondarearen ezkutatze saio bat dago jarrera honen oinarrian.
Gizarte baten nortasunaren iturria da ondarea, beste nazioetatik ezberdintzen gaituen hori hain zuzen, gure arbasoek maite eta gorde zutena eta guregana heldu dena. Gure ondarea ezagutzeak gure sustraietara gerturatzen gaitu eta horri esker beste herri eta kulturak ulertu eta errespeta ditzakegu. Unescoren adierazpen bat aintzat hartuz: “maisulanen, ezagutzen, paisaien, animalia eta landare espezien eta gure ondarea osatzen duten beste elementuen suntsiketa pertsona bati bere haurtzaroko oroitzapenak, bere familia eta jaioterriko oroitzapenak, indarrez atzematea bezalakoa da”.
Herri bezala, gure eskubide eta eginbeharra da gure ondare kulturala ezagutu eta zaintzea. Nafar ondarearen aurkako erasoek herri edo nazio bezala dugun iragana eta identitatea ahultzera datoz, eta gure esku dago eraso horiek geldiaraztea. Ondarea eta sormena gizarte bizi eta oparo baten oinarriak direlako, eta gure arbasoetatik jaso duguna ezagutuz bakarrik izango garelako ondare berria sortzeko gai. Ez gaitezen oroitzapenik gabeko haurrak izan.


  • Nabarralde: Elkarrizketa: Xabi Otero
  • Nabarralde: Joan Coromines foroa
  • Mikel Sorauren: El fin de la historia
  • Iñaki Uriarte: La destrucción democrática de la ciudad y el territorio
  • Vicenç Villatoro: El suicidio de la izquierda española
  • Olaia Aldaz: La prisión de Kilmainham
  • Aitzol Altuna Enzunza: Arratia, merindad navarra
  • Nabarralde: Maskaradak Iruri eta Zalgizeko gazteekin
  • Beñi Agirre: Independentzia erabakitzeko sasoia
  • Luis Mª Mtz Garate, Angel Rekalde: Ministroaren hitzak

Kazeta 84 (PDF)