Euskal Herriko historia ikastaroa
Etorkizunari begira, «e-learning» edo internet bidezko ikaskuntzak aukera politak eskaintzen dizkigu gai ezberdinak aztertu eta irakasteko
Urriaren 4an hasiko da “Euskal Herriko historia” online ikastaroa, gure herriaren erreferente eta mugarri historikoak definitzea helburu duen kurtsoa. Internet bidezko ikastaro bat egiten dugun lehen aldia izanik oso harrera ona izan du, ez Nabarraldeko sustatzaileen artean soilik, baita irakasle eta publiko orokorraren artean ere. Gaiak jende artean interesa pizten duela nabari da. Urrutiko ikaskuntzak publiko zabalarengana heltzea ahalbidetzen digu, Karrantzatik hasi eta Vianara, edo Araiatik Bidaxunera. Baina itsasoz bestaldeko jauzian ere diasporako euskaldunen ateak zabaltzen dizkigu eta Argentina edo Mexikoko lurralde urrunetatik ere animatu da jendea parte hartzera. Etorkizunari begira, “e-learning” edo internet bidezko ikaskuntzak aukera politak eskaintzen dizkigu gai ezberdinak aztertu eta irakasteko. Nafarroako Ikastolen Elkartearekin adostutako lankidetza ere azpimarratzekoa da, urtetan zehar mantendu dugun harreman estua proiektu berri honekin berretsiz.
Online ikastaroa urte honetako proiektu garrantzitsuenetakoa bada ere, udazkenean sartu garen honetan jardueraz beterik agertzen zaizkigu urteko lehen bederatzi hilabeteak. Nafarroa Garaia alde batera utzi gabe, Donostiako erreketaren 200. urteurrenak bereganatu ditu gure ahaleginen zati handi bat: “Donostia 1813” dokumentalaren ekoizpena, EHU eta Aranzadirekin batera Donostiako erreketari buruzko udako ikastaroan parte hartzea… ahalegin hauek guztiek lortu dute Donostiarren, eta oro har, euskaldunen memorian sarraski hura bizirik mantentzea, eta abuztuaren 31 hartan gertatutakoak argitzea.
Eta abendua gerturatzen zaigularik ekoizpen literarioa ere martxan dugu gurean. Dagoeneko bi liburu argitaratu ditugu aurten: Angel Rekalderen “Elogio de la Toscana”, gure ondare eta kulturaren gaineko gogoeta interesagarria, eta Fernando Sánchez Aranazen “La batalla de Vitoria”, gertakari haren II. mendeurrenean aurkeztu zena. Beste liburu berrientzako proiektuak ere baditugu buruan, aurten kaleratzen ez baditugu datorren urterako prest izango ditugunak. Durangoko azokara eramango ditugu besteak beste hauek eta Haria aldizkariak, “Orreaga 778-824” apirilean argitaratutako alea eta datorren hilean jasoko duzuena, emakumeek Nafarroako historian izan duten eraginari buruzkoa, Baskoniako dukerriarekin hasi eta gaur egun arte.
Hauek guztiak eta urtea amaitu aurretik egingo ditugunak ikusita, iazkoaren ondotik lasaia aurre suposatzen zen urtea emankorra oso suertatzen ari da zalantzarik gabe.
- Nabarralde: Elkarrizketa: Peio Mariñelarena
- Aitzol Altuna Enzunza: Jagi-jagi mendigoizales
- Joxe Manuel Odriozola: Katalunia: nazio kulturalaren bermea
- Ferran Requejo: Divorcios plurinacionales
- Jaume Clotet: Afirma Cercas
- Hemeroteca: Diada 2013
- Luis Miguel Escudero Ansa: Un insumiso de Olite en la Guerra del RIF (1923)
- Ana Telletxea: Ikasturte hasiera edo ohiturak
- Beñi Agirre: Ikasturte hasiera edo ohiturak
- Luis María Martínez Garate: Euskal Bidea
Kazeta 80 (PDF)