Hemen, Hego Euskal Herrian, Espainiako autonomi erkidegoen estatuaren barruan, autonomiaren zikloa finkatu, eta haren aurkako estrategia politiko-militarrak porrot egin ondotik, posibilismo eta pragmatismo instituzionalaren aroan sartuak garela iduri du. Ematen du iritzi eta portaera politiko nagusia dela ezen tirabira instituzionalen bidetik —nahiago baduzue, borroka instituzionaletik— hel gaitezkeela ongizate material on samar batera Espainiako Estatuaren barruan, eta halako federalismo nazioaniztun onargarri batera ere; horretarako, ahalik eta instituzio gehienetan ordezkaritza albait zabalena lorturik, presarik gabe eta pazientzia estrategikoz, urrats txikiak eginez. Zer aterako ote da urte berri politikoarekin batera, EAEn berriz abiatzekoak direla dioten autogobernuaren lantaldetik? Ez ahal du honen aurrekoaren patu berbera izango, hots, ordenagailuetako artxiboren batean gordeta hiltzekoa, garai hobeen zain!
Katalunian ere, asko baino lehen, baliteke antzeko egoerara heltzea. Ziklo politiko berriari azti ekin dio Salvador Illak. Hamasei kontseilarietatik hamabi kontseilari alderdikideak izendatu ditu, eta haiei ERCko eta CIUkoak izandako bina kontseilari erantsi dizkie. Nolabait, denekikoa egin nahi izan du; hori bai, gisa denez, sozialisten nagusitasuna atxikiz.
Nabarmenena nire ikuspegirako, Politika Linguistikoko kontseilaria honen aurreko Pere Aragonesen gobernuko kontseilari berbera izango dela. Kontseilari hori, berak aitortu duenez, independentista sentitzen da, baina gobernu unionistaren baitan aritu beharko du nahitaez. Marko horretan, onenean, kontinuismoan jausiko da edo trabatuko!
Horrenbestez, itxura guztien arabera, ahaleginduko da Illaren gobernua Sanchezen gobernuarekin batean, batez ere gobernuan egongo ez den ERCri, gutxieneko bat bermatzen, bereziki Amnistia Legeari eta burujabetza fiskalari doakienez, eta uste izan litekeenez, aipaturiko bi arlo horietan egindako urratsak diren baino gehiago direla aldarrikatuko du hortxe nonbait; hau da, Espainia federal nazioaniztunaren bide atzeraezinezkoan doazela Katalunian, erabakimen handiz eta modu eredugarrian, eta uste izatekoa da ERC bera ere, halaber, pixkanaka helduko dela atzo arlo nazionalean gutxienekotik behera jotzen zituenak egun nahikotzat jotzen, eta euren lanari esker lortu direla saltzen, eta PP, Vox eta togadunek ezarritako behaztopa-harriei iskin egiten doazen heinean —hala joaten badira, noski; bestela errua eskuin espainol intrantsigentearena izango da!—, egonkortasun politikoa eta «aurrerapenak» txalotzen, eta lau haizeetara zabaltzen.
Horiek horrela, Puigdemont eta Junts eta independentisten ingurua geratuko da adostasun autoatseginezko horretatik kanpo, eta errepresio selektibo aski gupidagabearen helmugan, oraindik orain Puigdemontekiko leial jokatu duten mossoekin ikusi dugunaren antzera, baina hori baino bortitzago noski.
Politikoki horixe komeni al zaio Kataluniari —Puigdemontek dio proces-a, ezin bestela, Kataluniaren independentziarekin amaituko dela—? Hots, Puigdemonten helburua txakur-amets gero eta urrunagokoa bilakatzea katalanentzat, ala ERC ere behingoz konbentzimendura heltzea ezen Espainiako politikariekin itunak eginez, Katalunia gero eta gutxiago izango dela nazio, gero eta asimilatuago eta mendekoago izango dela identitate aldetik ez ezik politikoki ere, eta horrenbestez, proces-a ahalbidetu zuten bi gakoetara itzultzea dela onuragarriena, hau da, politikari independentisten arteko batasunera eta kaleko mobilizazioetara?
Salvador Illaren gobernuak espainiar nazionalista temati eta basatien kontrakar bortitzagatik, eta halaber, Junts eta CUP eta ANC eta oro har independentisten erresistentziagatik amore eman beharra izanik, laster berriz ere hauteskundeak izango al dituzte Katalunian? Ala urte askotarako egonkortasun politikora helduko dira?
Handik hona etorrita, geure egoera politikoari begira jarrita, uste izatekoa da EAJren eta PSE-PSOEren gobernuak gehiago lagunduko diola Kataluniaren egonkortasun politikoari, hots, Illaren eta bereziki Sanchezen gobernuari, Illaren gobernua kolokan jartzen ahaleginduko den Puigdemonti eta independentismoari baino. Eta EH Bilduk? ERCtik gertu dagoela dirudien koalizioak? Beste horrenbeste egingo al du modu agerikoagoan edo disimulatuagoan, Juntsen izaera eskuindarra alegatuz? Eta hala gertatuz gero, gure politikarien Illaren gobernuarekiko kolaborazionismo aktibo edo pasiboagoak, zer onik ekar diezaguke?
Badakizue Bitoriano Gandiagak zer zioen duela berrogeita hamar urte gure herriaren egoera edo izaera nazionalaz: gertuago geundela erabat ardoa ez den txakolin garratzagotik ardo ondutik baino, hots, gure herriak sentsazio gozoak baino gehiago garratzak eskaintzen zizkigula, eta hain zuzen horretxek ezaugarritzen zuela hobekien gure naziotasuna: ezin izatean, baina aldi berean nahi izatean! Metafora hura egungo egunetara egokitzeko lantegiari helduta, zenbat denboran aritu behar dugu Olinpiar Jokoetan Espainiaren banderapean lehiatu diren euskal kirolarien dominen eta diplomen kontaketa egiten eta haiek laudatzen? Hau da, mendekotasun nazional autoatseginezkoan, delako ustezko ongizate material zorionekoaren amoretan? Interes nazionala eta soziala elkarri estuki loturik ez al daude ba? Benetako burujabetza fiskala ez al dugu ba lortuko, askatasun nazionala bezala, independentziarekin?
Ez al zaigu Katalunian tentsio nazionala berpiztea komeni, hemen ere berpitz dezagun? Tentsio nazionalik gabe asimilazio espainolak aurrera eta aurrera jarraituko baitu, eta ardatz sozialean ere, geure buruaren jabeago ez bagara, mendeanago izango baikara! Laster joango dira hemen egindako galderen erantzunak argitzen, politikari askotxo lausotzen saiatuko diren arren!
Berria