Katalunia: nazio kulturalaren bermea

Ez da erraza sentimendu etniko eta komunitarioa nazio-kontzientzia nola bilakatzen den jakitea, kasuistikaren zabalak lausotu egiten digulako nazionalismoaren bizkarrezurra identifikatzea. Azken boladan Kataluniara begira gaude hango nazio berpizkundearen zergatiak jakin nahirik, Espainiatik at estatu politiko propioa eraikitzeko borondate politikoa nola gorpuztu duten antzeman guraz. Katalanek ere mendeak daramatzate euskaldunok bezala, heteronomia nazionalaren mendeko. Nazio-autonomiak zure borondatearen arabera jokatzeko gaitasuna ematen badizu, nazio-heteronomiak borondate hori suntsitu egiten dizu eta beste nazio baten morroi, konplize eta kolaboratzaile bihurtzen zaitu.

Estatu burujabea sortzeko borondateak edo independentziaren bideak, beraz, heteronomia nazionalaren egoera gainditu beharra dauka. Zure kabuz pentsatzen hasi beharra daukazu. Zure imajinario kolektiboa zure unibertso nazionalaren arabera ehundu beharra daukazu. Zure borondatearen oinarriak eraiki. Zure nazio hizkuntzan eta kulturan bizitzen hasi. Zure nazio-identitatea osatzen duten oinarrizko elementu materialak eta kulturalak zuk zeuk kontrolatu eta kudeatu behar dituzu. Jakina, estatuen burujabetasun maila erlatiboa da ekonomian eta beste gai batzuetan gaur egun, baina erlatibismo horren barruan —hau da, estatuari esker— baizik ezin duzu erdietsi eskura dezakezun autonomia-maila duina.

Gainerakoan zer dagoen? Gainerakoan heteronomia nazionala dago. Eta, zorionez, Herri Katalanen gune nagusia ohartu da horretaz. Bide batez esanda: hizkuntza eta kultura katalanaren gainerako nazio-lurraldearen zatiek Espainiaren eta Frantziaren mendeko jarraituko lukete gero ere. Alde horretatik, espainiar eta frantses nazionalismo inperialistaren estatalizazio etnozidak eragindako hizkuntza eta kultura heriotzak indarrean jarraituko luke zati haietan. Gaitz erdi, ordea, jatorrizko herrien eguneroko herio bidean Kataluniako Printzerriak bere identitatearen balio material eta kulturalak bizirik atxikitzea erdietsiko balu.

Artikulu honen izenburuak iradokitzen digunera etorrita, nazio kultural eta linguistikoaren bermeaz jardun nahi nuke. Nazio kultura azpimarratzen baldin badut, zenbaitek pentsatu izan du nazio politikoaren edo estatuaren balioa erlatibizatzen ari naizela, eta, ondorioz, kulturalismoaren bide antzuetan sartu naizela. Aldiz, gurera etorrita, burujabetasuna, independentzia eta estatuaren gisako terminoetan oinarritzen badut euskalgintzaren aldeko arrazoibidea, euskalduntasunaren eguneroko premietatik urruntzen ari naizela uste du hainbat euskaltzalek. Zilegi bekit bi jarrera horiek okerrak direla berriro ere gogoraraztea, benetako antzutasuna horietako bakoitzaren alde bakarreko ahaleginean tematzea dela berrestea.

Barkatu, Katalunia dugu mintzagai gaurkoan. Eta Katalunian indartu den nazio askapenerako borondatearen ezaugarriak aletu nahi nituzke. Euskal Herria omen zuten eredu garai batean katalanek. Orain, gauzak erabat aldatu dira: guretzat Katalunia bihurtu da amets. Gauzak errotik zergatik aldatu diren argitzeko gai ez banaiz ere, zantzu batzuk aipa ditzaket. Adibidez, lozorroan bide zegoen nazio katalan politikoa iratzarri izana datu aipagarria da. Haiek euskaldunon nazio-kontzientzia politikoa amets zutenean, beren katalanismoaren antzutasun politikoa ageriko kontua omen zen. Baina, orain, zorioneko krisiari esker, beharbada espainiar estatu etnozidaren atzaparretatik libratu egingo dira, eta beren buruari eta gizateriari egin diezaioketen ekarpenik handiena egingo diete: munduan nor izateko eskubideari eta botereari esker, munduaren aniztasuna bermatuko dute Aita Barandiaranen lorategian.

Zorioneko krisia idatzi dut, ez zoritxarrekoa. Hona krisiaren edo espolio ekonomikoaren zentzu onuragarria, krisi hitzari ezer onik ikusten ez genionean. Hori da hori krisiari etekina ateratzea! Amets duten nazio askapena lortzen badute, Kataluniaren historian gertatu den gauzarik zorionekoena izan liteke gertatzear dagoena. Aldiz, gurera etorrita, zoritxarrekoa izango litzateke Euskadirentzat zorioneko Kontzertu Ekonomikoa dela medio, estatu etnozida baten barruan bizitzen jarraitzeko nazio-heteronomia onartuko bagenu.

Hara zertan den herrien bizitza eta heriotza bereizten duen zoria batzuetan. Zoritxar ekonomiko eta sozial bat gauzarik handiena erdiesteko akuilu izan liteke Katalunian. Gurean, berriz, estatu etnozidarekin kolaboratzen duen nazio-heteronomia izango genuke zain krisiari alderdi askatzailerik aurkitu ez diogulako. Haiek ondo baliatu dituzte bere kontraesanak; euskaldunok, ostera, nazio-urkamendira eramango gaitu euskal nazionalismo errealistak eta pragmatikoak.

Amaitze aldera: nazio-kontzientziaren kemena beste nazio baten mende ez izateko borondateak ematen du, baina borondate hori ezin da eraiki nazio kultural eta linguistikoak ematen duen identitate-baliabiderik gabe. Katalunia dugu eredu: katalanak izan nahi dute haiek, baina ez boterearen zentzu politiko hertsian bakarrik, baita boterearen zentzu linguistiko kulturalean ere. Euskaldunok ez daukagu nazio euskaldunik, ez daukagu nazio-atxikimendu sendorik, eta horrek zapuzten dizkigu estatu independentea eskuratzeko bide guztiak. Nazio linguistiko kulturala nazio politikoaren arrakasta-baldintza da, bestela Eskoziako eredua geratzen zaigu: nazionalismo ekonomiko soila, hutsa ez esateko.

Joxe Manuel Odriozola
Berria