Katalunia independente batek, zer?

Pedro Sanchez gobernu burura iritsi eta Espainiako presidente gisa egin zuen lehenengo nazioarteko bisita, Portugalera izan zen. Bertan omen zegoen ezkerreko gobernu ez liberal eta eraginkorraren eredua. Erabaki ausarta zalantzarik gabe, baina, zer ikasi zuen presidente espainiarrak bisita hartatik?

Portugal da koronabirus osasun-krisia arrakasta handiz kudeatu duen munduko herrietako bat (El Paisetik hartuta). Milioi biztanleko hilgarritasun tasa 77 pertsonakoa da. Berehala hartu zituen konfinamendu neurriak, funtsezko jarduerak ez ziren eremuak geldiarazi zituen eta lehenengo momentutik itxi zuen Espainiarekiko muga (ez du beste inorekin mugarik). Espainian, ordea, hilgarritasun tasa milioi pertsonako 1.000 hildakora iristen ari da (El Españoletik hartuta 2020/04/20). Espainiak mugak itxi zizkien alboko estatuei haiek berari itxi ondoren. Eskandalagarria.

Hala ere, Espainian ez dute horiek denek sortu eskandalua, baizik eta, Kataluniako enpresarien buruak “Katalunia independentea izanik osasun-krisia hobetu kudeatuko lukeela” esateak. “España va bien” esan zuen besteak.

Portugal 1640an independizatu zen Espainiatik; Katalunian, urte berean, Els Segadors matxinada hasia zen; Espainia 1808an independizatu zen Frantziatik. Horien aurretik eta atzetik milaka konta daitezke konkista, menderatze eta independentzia prozesuak munduan. Ez dago esaterik independizatu zirenek hobeto edo okerrago kudeatzen ari direnik Koronabirus osasun-krisi hau, Espainia bera horren lekuko, baina Espainiak egin ezin duena da besteei ukatu beretzat hartu duena. Alegia, ezin dio ukatu komunitate nazional bati independentzia, krisia eurek baino hobeto kudeatu dezakeela agerian gelditzeko lotsagatik.