XIX. mendeko esklabotza kasu bat kontatu du Sarrionandiak kaleratu berri duen ‘Drapetomania’ eleberrian; botere harremanak izan ditu ardatz, bai esklabotza garaikoak eta bai egungoak.

Joseba Sarrionandia idazlea, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Norberaren bizilagunekin edo etxe azpiko kebab jatetxeko langileekin edo sakelakoari so dagoen lagunarekin komunikatzeko gaitasuna galdu duen gizarte batean bizi garela uste duen arren, Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958) bere pentsamendua orri zurietan jasotzeko borondatea du oraindik, komunikatzeko gogoa. Hala, aspaldiko laguna duen Ares karikaturagileak eta berak bi nobela historiko egingo zituztela erabaki zuten; bata, Joan Sebastian Elkanoren bidaiari buruzko Munduari bira eman zion ontzia (Pamiela, 2022), —baina istorioa «kapitalismo kolonialaren hasiera moduan» kontatzeko asmotan—, eta, bigarrena, argitaratu berri dutena: Drapetomania (Pamiela). Bada, bere etxeko goxoan, eta elkarrizketara bertaratu den argazkilaria ere interes biziz harrapatuta, Sarrionandiak esklabotzaren nondik norakoak azaldu ditu; ez, ordea, sistema ekonomiko hura ikertzeko helburu soilarekin, egungo gizartea ulertzeko asmoarekin baizik. Drapetomania kontzeptuaren etimologiak grezierako bi hitzetan du oinarria: drapetes (iheslari) eta mania (erotasun). Mediku estatubatuar batek asmaturiko buru gaixotasun bat izan zen, esklabo beltzei egozten zietena.
«Esklabo egoera ametitu ez eta ihes egiteko gogoa edo praktika». Seguru bat edo beste identifikatua sentituko dela sintoma horiekin.
Nire ustez, bai. Drapetomania kontzeptua esklabotzara edo beste gatibu egoera askotara aplikatu daiteke; alor askotan daukagu askatasun falta hori. Nobela, batez ere, botere harremanei buruzkoa da, eta botere harremanak horrelakoak dira: ez da soilik askatasuna kentzen dizutela, baizik askatasun kentze hori arrazionala izaten dela, zientziak eta botereak babesten dutelako. Horregatik, oso zaila izaten da askatasuna aldarrikatzea. Baina nobelak XIX. mendeko esklabotza kasu bat kontatzen du.
Eta gertaera historiko horrek gaur egungo gizartea ulertzeko gakoak ematen ditu.
Denbora pasatzen da, eta konturatzen gara ze injustua izan zen Inkisizioa XVII. mendean, baina hori momentuan normala zen, gehiengoak onartzen zuen, justifikatzen zuten eta praktikara eramaten zutenak goi mailako pertsonak ziren, gainera prestigioa lortzen zutenak hori eginez. Esklabotza gauza bera izan zen: esklabo jabeak eta esklabo trafikatzaileak jauntxo handiak izan ziren eta dira oraindik. Zulueta, adibidez, 1878an hil zen, eta mila eta piko esklabo utzi zituen testamentuan; erregeak emandako tituluak zituen, Arabako markesa zen, Arabako aberatsena, baita Kubako aberatsena eta ongile aitortua ere. Ideia orokor bat dago liburuan, irakurlea konturatuko da: hori gertatzen baldin bazen XVII. mendean Inkisizioarekin eta XIX. mendean esklaboekin, gaur egun ere horrelako botere harremanak eta zapalkuntzak existitzen dira. Eta jende hori Realeko presidentea da, edo mundua gobernatzen duena.
Zulueta bera agertzen da liburuan, baita besteren bat ere…
Izen batzuk erabili ditut, baina oso gutxi. Adibidez, Manuel Calvo. Portugaleteko ongile bat izan zen, Portugaleteko zubi zintzilikariaren ondoko hotelaren jabea. Portugalete erdia berea zen, eta Kubako azken oligarka trafikatzailea izan zen. Botere handia zuen independentzia denboran ere, baina gero Euskal Herrira lekualdatu zen. Eta Goitisolo lekeitiarra ere aipatu dut, Euskal Herritik Kubara eta Kubatik Bartzelonara joan zena. Egungo Bartzelonako familia aberats bat da Goytisolo familia, eta famatuak dira nahiz eta burgesia gorriaren parte izan, ondorengoak idazleak izan direlako: Juan Goytisolo, Jose Agustin Goytisolo eta Luis Goytisolo.
Fikzioa errealitatearekin nahasi duzu, beraz.
Fikzioa da, baina erreferentzia historikoak ditu; nobela historiko bat da. Badirudi esklabotza antzinako kontua izateaz gain kontu marjinala zela, baina saiatu naiz azaltzen esklabotza zentrala zela diruaren ekoizpenean. Eta egiazko istorio bat kontatzen saiatu naiz, konta daitekeen modu bakarrean: egoera bat bizitzeko jendeak izan ditzakeen ikuspegi diferenteetatik. Pio Barojak esklaboen trafiko ilegalaz hitz egin zuen Las inquietudes de Shanti Andia liburuan, eta nik ez dut asko aipatzen, baina irudietan agertzen da Maria Kristina Espainiako erreginaorde izandakoa, trafiko ilegalaren inbertitzailerik handienetakoa izan zena.
Zer irudi da emakume itsusi bat agertzen den hori?
Bai, hori Maria Kristina erreginaren errepresentazio bat da; hau, begira [liburua 69. orrian zabaldu du]. Eta arropan duena zera da: barkuan esklaboak nola eraman zehazteko, eskema moduko bat egiten zen, espazioaren arabera zenbat kabituko ziren antolatzeko. Esklaboen eskema hori darama soinean.
Gaur-gaurko gaia da orduan esklabotzarena.
Ematen du gertaera isolatu bat dela, baina aktuala da, nire ustez. Ze jende honen dirua sortu zen marxismoan akumulazio primitiboa esaten zaion kapital bilketarekin. Diru hori mantendu eta handitu egin dute. Egungo familia aberats askoren jatorrizko dirua ez da —esaten duten moduan— burdinagatik egindakoa, esklabo trafikoagatik sortutakoa baizik. Ibarra familia edo Zulueta familia horren adibide dira. Diru hori lortzeko jende horrek ez du sekula lanik egin. Zer esanik ez Borboiekin: familia terrible bat da, eta ordutik dator jende horren boterea eta dirua.
Eta zer eskatzen diozu jende horri, aitorpen moduko bat egin dezan-edo?
Zertarako? Ez. Nire ustez, memoria ariketa asko oso eztabaidagarriak dira. Memoria historikoa oso inportantea da, baina dena disolbatzen da erruaren eta damuaren gisako kontu moralistekin. Adibide bat jarriko dizut: Kuban independentziak sortutako gobernu neokolonialak aldatu egin zituen aurreko gobernu kolonialak jarritako kaleen eta herrien izenak. Baina ezin izan zituen denak aldatu, eta iraultzak aldatu zituen berriro. Adibidez, Goitisolok ingenio bat zuen Lequeitio izenekoa —liburuan azaltzen da—, eta bertako herria Lekeitio deitzen zen. Iraultzak herriari izena aldatu nahi izan zion koloniala eta esklabista zelako. Kendu eta beste izen bat ipini behar zuen. Ze izen? Lekeitioko martir iraultzaile baten izena —han martir esaten zaie 1953ko uztailaren 26ko iraultzan hildako gerrillariei—. Noski, esklaboen ondorengoek jabearen abizena dute denek. Orduan, herriari Lekeitio izena kendu zioten eta Goytisolo ipini. Ze uztailaren 26ko militante hori Jose Agustin Goytisolo deitzen zen, bere lehenengo jabearen abizenez.
Ezin esklabotzaren arrastoa gainetik kendu…
Eta gaur egun herriari Lekeitio deitzen dio jendeak, baina ofizialki Goytisolo da. Izen koloniala ezin da borratu, badira erremediorik ez duten gauza batzuk. Halako zoritxar eta desastre historikoek ez dute erremediorik, ezin dira garbitu. Egin behar dena da oroitu, eta izena bera edukitzea motibo bat da oroitzeko: Donostian Matia kalea dago, eta Matia esklabo trafikatzailea zen. Nik ez nuke eskatuko izena kentzeko, ze Matia kaletik pasatzen zarenean motibo bat duzu oroitzeko.
Baina jakin dezala jendeak, ezta?
Hori da. Memoria egitea da inportantea, ez da zertan ezer borratu.

Joseba Sarrionandia bere etxeko apalategia atzean duela. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zenbait ahotsek kontatzen dute nobela ardazten duen gertaera, eta zer diferente kontatzen duen bakoitzak…
Arazoa jasaten duenak era batean bizi du, eta boterea duenak, beste era batean. Bakoitza bere esferan bizi da, eta batzuk oso arrotz dira egoerari. Gure gizartean gertatzen den moduan, adibidez, migrazioarekin.
Protagonistak ere migratu egin beharko du nolabait; bere ahotsa da bereziena.
Pixka bat desmuntatuta idatzi dut, ze besteek badute pertsonalitate zehatz bat. Gizarteetan badaude pertsonak hor daudenak, ikusgai direnak: barku kapitain bat, epaile bat, kontsul bat… Badira norbait. Baina liburuaren protagonista ikusezina da, umea delako, esklaboa delako eta leku batetik bestera dabilelako… Jende horrek ez du inoiz gizartean errepresentaziorik izan; ez dute ahotsik izan. Eta saiatu naiz lengoaian ere hori azal zedin; puntuaziorik gabe, estilo naif horretan.
Poesia balitz bezala.
Bai. Errelato oso gogorra da aldi berean. Puntuaziorik ezak desmuntatu egiten du lengoaia jakin bat, eta edonola interpreta daiteke. Baina kontatzen diren gauza batzuk oso gogorrak dira, beste batzuk pertsonalak… Orduan lengoaia arraro bat sortu dut, eta, horrekin batera, irakurlearentzat oso interpretablea den errelato bat. Irakurleak jarri behar dizkio komak eta puntuak, bere esku gelditzen dira. Zentzu horretan, protagonista da pertsonaiarik zehaztugabeena, eta Aresek ere irudikatu du hori: behin bakarrik agertzen da, txikia denean.
Ez da zehazten neska edo mutila den ere.
Bere umetasunean ez dago zertan zehaztu. Normalean, mundu guztiak ikusten ditu sexismoaren arazoak, baina gero derrigorrez zehaztu behar izaten dugu bestearen sexua…
«Erabilitako hitz arraroen» hiztegi bat gehitu duzu atzealdean; zerrendan daude, adibidez, ingenio [kanaberatik azukrea ekoizteko fabrika] edo mukele [mutiko afrikarra] hitzak.
Bai, ze norberaren testuinguruaren arabera hiztegia guztiz diferentea izan daiteke. Kasu honetan, XIX. mendearen erdiko lexikoa eta kultur erreferentziak azaltzea derrigorrezkoa da. Euskaraz sartu behar izan ditut orduko hitzak eta esanahiak; adibidez, esku-eskailera bat lan tresna bat izan daiteke, normal-normala, baina momentu horretan eskailera esateak tortura esan nahi zuen, ze esklaboen kontrako errepresioan esku-eskailerak erabiltzen ziren eurak lotzeko eta torturatzeko. Edo, esaterako, askatasun gutuna zen esklabo bati libertatea emanez gero jasotzen zuen dokumentua. Hori azaldu egin behar da, ze askatasun gutuna, bestela, ez da ezer. Eta, noski, hizkuntza kolonialek edo inperialistek ordutik dute asumitua lexiko hori, baina euskara ez zen iritsi espazio horietara, eta, beraz, lexiko bat errekuperatu egin behar da.
Eta, aldi berean, igartzen da gustuko duzula horrekin jolastea. Adibidez, urkulu hitza aipatzen duzu, baina hitz hori ez da agertzen inongo hiztegitan.
Urkulua hau da [liburuen apalategitik hartu du Y forma duen egurrezko jostailua], tiragomak egiteko erabiltzen duguna. [Goma tenkatuko balu bezala zerbaiti emateko keinua egin du]. Ez duzu inoiz txoririk hil tiragomarekin?
Ez…
[Barrez] Egur forma hori duen tresna da urkulua; guk asko erabiltzen genuen. Baina esklabotzan bi urkuluren bidez lotzen zuten zama, bi urkulu elkarren ondoan jarrita. Esango nuke bizkaieraz hitz normala dela.

Joseba Sarrionandia urkulu bat eskuetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Alegia, ez diozula beldurrik hiztegian agertzen ez diren hitzak erabiltzeari, hizkuntzarekin jolasteari.
Euskaldunok gaur egun arazo itzela dugu zuzenketarekin. Lehenago ez zegoen, ze denok gaizki idazten genuen —edo ondo, ze ez genuen eredurik—, baina gero euskara batua sortzen da, eta niri orain idazten dudan aldiro zuzentzaileak gorriz markatzen dit dena [barrez]. Eta korrektoa izatea ere ondo dago, behar dugu korrekzioa, baina ondo datorkigu inkorrekzio pixka bat ere.
Non dago muga?
Bueno [barrez]… Euskaldunok ez gara jende normala. Jendeak dio: «Euskara beste hizkuntzak bezalakoa da». Euskalduna ez da besteak bezalakoa, ez euskara, ezta euskal literatura ere. Trantsizioko jendea gara, eta minorizazioa, bazterketa eta eskizoglosia batetik egoera normal batera pasatzeko beharko ditugu belaunaldi bat edo bi. Bitartean, ahal duguna egiten dugu…
Aurrekoan poz handia hartu nuen nire liburuarekin batera ekarri zidatelako Itziar Aranbururen eta Jon Ander Garciaren Dudak Dakarrena liburua. Daukagun egoera orokorragatik sakrifizio moduan bizi dugu euskaraz egitea, eta pozgarria da ikustea jendeak hizkuntza jolaserako erabiltzen duela.
Eta panorama horretan non kokatzen duzu zeure burua?
Nik, haurra nintzela, euskara galdu egin nuen, ze Durango erdalduna zen, frankista. Orain inor ez da akordatzen, baina kalean euskaraz egitea oso gaizki ikusia zegoen; ez zen egiten, eta bertako umeak konplexuarekin bizi ginen. Bada, nik 14 urterekin errekuperatu nuen euskara, gau eskoletara joaten. Eta literatura egiten hasi nintzen debekatuta zegoelako; ze 14 urterekin zer egingo duzu? Ba debekatzen dizutena, ez? Gainera, beti debekatu didate, ze 1980an euskaraz egitea permititu zutenerako, ni preso nengoen, eta ez Puerto de Santa Marian, ezta Herrera de la Manchan ere ezin zen euskaraz egin; gero, kanpoan izan naiz, eta hor ere ezin nuen inon hitz egin. Bueltatu naiz, eta ikusi dut euskara lagunduta dagoela, eskolan euskaraz egiten dutela, baina gazteak erdaraz egiten dutela… Ba, normala, ez? Ez dago debekatuta. Nik gizarte hau ez dut ondo ulertzen. Bakea dago, baina, aldi berean, arraroa da egoera.
Akaso hori da nobelaren helburua, ezta? Zalantzan jartzea egun normaltzat ematen diren zenbait kontu, bakea bera auzitan jartzea.
Bai, bai. Maila guztietako botere harremanak bizi ditugu, eta oligarkiaren —Zulueta eta haien— ondorengoak agintzen dute hemen. Nik gaur egungo gizartea ikusten dut oso arraroa. Asumituta daukagu biolentzia sinbolikoa: ondo portatu behar dugula eta onak izan behar dugula. Gizarte injustu bat dugu onartua, bai euskaldunek eta bai extremeñoek. Eta esklabotzaren inguruan badago nahasmen historiko bat: esklabotza ez zen opresio sistema torturatzaile bat, benefizentzia sozialaren egitura bat zen. Esklabotzaren teoria berehalako benefizentzia zen esklaboarentzat, heriotza kondenaren ordezkoa, mesede bat. «Ez zaitut garbitzen, eta uzten zaitut bizirik». Bizirik, lan egitearen truke. Onuragarria zen Afrikatik Ameriketara eramatea; alegia, leku barbaro batetik leku zibilizatu batera. Eta, gainera, barkuan eramaten zituzten, ez ziren pateran etortzen —hori orain okerragoa da—. Bermatuak zituzten janaria, etxea, eta abar. Hain zuzen ere, hori da gaia: onura horiek guztiak edukita ere, patologia psikiko bat garatzen zutela [drapetomania]. Zientziak arrazoia zuen: psikopatologia bat da, euskaldunok independentzia eskatzea bezala.
Eta esklabo jabeek ez zituzten zigortzen esklaboak: gaixoak zigortzen zituzten, alde egin nahi zutenak. Patologiak sendatzeko erremedio bat zen kastigua. Are gehiago, jabeari ez zitzaion komeni esklaboa zigortzea. Zuk hartzen duzu aitzur bat, eta aitzurrak zer edo zer egin duelako ostia bat emango diozu aitzurrari? Zure lan tresna apurtuko duzu?
Ez…
Orduan esklaboari zergatik egingo diozu kaltea? Ez zaizu interesatzen. Juan Goytisolok Coto vedado izeneko nobela bat du, eta hasieran kontatzen du bera Bartzelonan egonik okurritu zitzaiola behin bere aititaren artxibategira igotzea, etxeko ganbaran bertan baitzegoen aititaren negozioen artxibategia. Igotzen da, eta eskutitzak leitzen hasten da. Lau kopiatzen ditu, abolizioa gertatu zenekoak —Kuban, 1986an—. Esklaboak libre gelditu ziren, baina zer egiten duzu zuk libre 80 urterekin, ezin zarenean ibili eta ez duzunean ez etxerik, ezta lan egiteko aukerarik ere. Lau karta horiek dira libertatea ez emateko eskatzen duten esklaboenak. «Nola utziko nauzu libre?», esaten dio batek. Ze heriotza kondenak dira.
Baten batek esango du gaur egungo langileak ere eskerrak eman behar dizkiola lana ematen dion enpresariari.
Hori da. Eta egia da, baina egia guztiek gezurra dute barruan. Nik nobela bat egin dut momentu historiko jakin bati buruz; ezin naiz nire iritziak sartzen ibili. Orduan, jolas moduko bat egin dugu Aresek eta biok: irudien bidez eman diogu anakronismoa istorioari.
Berria









