Historialari batzuen aburuz, Joana III.a Nafarroakoa erlijio erreformatura aldatu zen nagusiki bere anbizio dinastikoagatik. Hori da, esaterako, Lyman Roelkerrek bere Queen of Navarre: Jeanne d’Albret-en duen ikuspuntua. Nire ustez, zaila da frogatzea Joanak katolizismoari uko egin ziola bere semeak Frantziako tronuari buruz zituen aldarrikapenak sendotzeko. Roelkerren ustez, azken hau zen Joanaren asmorik handiena. Dena den, teoria honek alde batera uzten du bere semeak, Henrike III.ak, Frantziako tronua oinordetzan hartu zuela Joanak protestantismora bihurtzea ofizialki aldarrikatzea erabaki zuenetik ia hogei urtera. Litekeena zen Joanak pentsatzea Henrike Frantziako errege izango zela egunen batean. Alabaina, Henrike Nafarroakoa Frantziako Henrike IV.a bezala koroatu aurretik, Karlos IX.a lehenik eta Henrike III.a geroago eseri ziren Frantziako tronuan. Hori dela eta, Joana konbertitu zenean, bere semea Frantziako Odolaren Lehen Printzea eta, ondorioz, oinordekoa izan arren, Frantziako koroa heredatzeko aukera urrun bat besterik ez zen. Gainera, ikuspuntu horrek ahaztu egiten du, atal honetan frogatuko den bezala, Joana Nafarroakoa erlijio erreformatuak erakarrita sentitu zela nafar tronua lortu zuenetik behintzat.
Bestalde, Bryson-ek dio ideia ebanjelikoak bereganatzea erabaki zuenean haren sinesmen izpiritualak erreginak izan zitzakeen balizko arrazoi politikoak baino askoz ere garrantzitsuagoak izan zirela. Joanaren Mémoires-en arabera, Nafarroako erreginarengan fedeak eragin handia izan zuen ebanjelizatzearen aldeko apustua egin zuenean. Hala ere, ezin ditugu arrazoi politikoak erabat baztertu erlijioz aldatzea hartu zuen erabakia azaltzeko tenorean. Beraz, Joana Albretek bere erreginaldiaren hasieratik protestantismoa argi eta garbi besarkatu ez bazuen, antza, bere bi bizilagun boteretsuetako batek bere erreinua inbadituko ote zuen beldur zelako izan zen. Kuestio honi dagokionez, interesgarria da Jeanine Garrisonen ikuspuntua biarnoko protestantismoaren eta nazio ideiaren arteko harremanari buruz. Olaizolak ere ildo horretatik jarraitzen du, eta protestantismoak Nafarroa-Biarnoko kontzientzia nazionala indartu zuela nabarmendu zuen Frantziak eta Espainiak nafar erresuma beraien artean banatzeko asmoei kontra egiteko garaian.
Noiz eta zergatik pasa zen Joana III.a protestantismora? Data eta bere bihurtzearen arrazoiak nolabait lotuta al daude elkarren artean?
Gourdongo bizkondeari zuzendutako gutun batean, 1555eko abuztuaren 22an, Joanak kalbinista bihurtzeko izan zituen motiboak azaltzen ditu:
«Orain dela bi hilabete, nire aita erregea hil zenetik, Marck-eko batzarra hautsi zenean, Aragoiko errege Fernandok eta Karlos enperadoreak aitaren Erresumaren inbasio eta jabetze gaiztoaren arrazoirik eman gabe, Erromaren botere handiaren eta gutizia izugarriaren bitartez, eta nire lehengusina Ferrarako dukesaren ekintzen eta aginduen erabateko bultzadarekin, erreforma hain justua eta hain beharrezkoa dela iruditzen zait. Nik uste dut Jainkoarekiko, nire kontzientziarekiko eta nire herriarekiko koldarkeria desleialak izango liratekeela erabakirik hartu gabe eta nahasmenean geratzea, orain,
nire lehengusu ohoretsu Henrike erregearen eta Julius aita santuaren arteko eztabaidek eta sesioek duela hiru urte aipatu erreformaren tratamenduan hain zorrotza izan den ediktu bat agertu izana eragin zuten. Beraz, behar-beharrezkoa da ospe oneko jendeak isilpeko bilerak egin ditzan, bidean aurrera nola egin erabakitzeko orain edo etorkizunean».
Aipatzekoa da, gutuna Joanaren aita Henrike II.a erregea hil eta aste gutxira idatzi zela. Gutun horren arabera, Nafarroako erregina Erreformaren sinesmenaren jarraitzailea zen jada 1555ean, nahiz eta ez zen ausartu bere ideiak argi eta garbi adierazten garai hartan. Gutun honetatik ondorioztatzen denez, Joanak oraindik gogoan zuen Fernando II.ak Nafarroa Garaiaren konkista burutu zuela Eliza katolikoko buruaren laguntzarekin. Izan ere, Espainia eta Erroma boteretsuegiak ziren berarentzat, eta kontu handiz jokatu behar zuen bere erresuma txikiaren independentzia eta Nafarroako monarka eta Biarnoko subirano gisa zuen posizioa gorde nahi bazuen. Eta, tartean, bere lurretan protestanteak babestu ahal izan zituen bere posizioa arriskuan jarri gabe. Honek azalduko luke Gourdongo bizkondeari idatzitako gutunean adieraztea gizartearen goi-mailako pertsonek ezkutuko bilerak egitea beharrezkoa dela uste duela.
Urte batzuk beranduago, bere Memorietan Nafarroako erreginak jakinarazi zuen katolizismoari 1560an uko egin ziola:
«Erlijiotik hasita, esango dut, mila bostehun eta hirurogeigarren urtearen ondoren, ez dagoela ondo ez dakienik Jainkoari bere graziaz atsegin izan zitzaiola ni idolatriatik erretiratzea, non erabat murgilduta nengoen, eta bere Elizan hartu ninduela»
Gourdon gutunen benetakotasuna onartzen badugu, nola azal daiteke haren bihurtze datari buruzko itxurazko kontraesan hori? Zalantzarik gabe, Joana ideia erreformatuek erakarrita sentitu zen tronura igo zenetik behintzat. Gertaera hori 1557an bere lehengusu Louis Albretekoari, Lescarreko apezpikuari, bidali zion gutun batek berresten du, non apezpikuaren adostasuna eskatzen baitzuen, Pedro David eta Henry de Barran artzain protestanteek predikatzeko baimena izan zezaten:
«eta nire erabakia da lehen aipatutako Davidek goizean predikatuko duela parrokian eta Henry jaunak nire eta nire seme-alaben aurrean afaldu ondoren predikatuko duela. Eta, beraz, bidal iezaiozu lehen aipatutako Davidi zure onespena eta baimena, jakin dezaten eta uler dezaten hau zure agintearen bitartez egin dadin nahi dudala».
Esan bezala, Nafarroako erreginak motibo sendoak zituen katolizismoari uko ez egiteko eta garai hartan erlijio erreformatua argi eta garbi ez laguntzeko. Bitartean, elkarbizitzaren alde egiten zuen fedearekin lotutako gaietan. Hala ere, hainbat gertakari garrantzitsuk egoera aldatuko zuten 1550eko hamarkadaren amaieran. Enrike II.a Frantziako erregea, protestantismoaren aurkako errepresio politika hedatu zuena, 1559an hil zen Cateau-Cambresis itunaren sinadura ospatzeko egindako jaietan. Henrikeren seme Frantzisko II.a izan zen oinordetzan, urtebeteko epean hil zen haur errege ahula. 1560ko abenduaren hasieran bere anaia Karlos IX.a Frantziako tronura igo zen hamaika urterekin. Joana Albretek Frantziako monarkiaren egoera ezegonkorra aprobetxatu zezakeen erlijio erreformatura aldatzeko. Gainera, protestantismoa ez zegoen oraindik 1555ean Frantzian behar bezain zindo, baina azkar hedatu zen eliteen artean 1550eko hamarkadaren amaieran eta 1560ko hamarkadaren hasieran.
Ebanjelismorako joera lehendik bazetorkion ere, koroatu eta gutxira, Nafarroako erreginak tolerantzia erlijiosoaren aldeko politika egiten hasi zen. Hala ere, potentzia katoliko nagusiek gaitzetsi egin zuten nafar monarkaren heresiarekiko planteamendua. Ondorioz, Joanaren erregealdiaren hasieratik, Nafarroa-Biarnoko erreinua Frantzia, Espainia nahiz Erromaren inbasioaren mehatxatupean izan zen behin eta berriz.
Joana III.ak ofizialki kalbinismora bihurtu baino hilabete lehenago diplomazia erabili eta d’Armagnac kardinala teniente jeneral izendatu behar izan zuen, inbasioa saihesteko eta bere erreinuaren independentzia mantentzeko. Gainera, Pedro Albretekoa apezpikua Erromara bidaltzea, Aita Santuari leialtasuna erakusteko ez ezik, Espainiak inbaditutako Nafarroa berreskuratzeko bitartekari izan zedin eskatzeko ere, bere erreinuaren osotasuna mantentzeak Joana Albret-entzat zuen garrantzia izugarriaren erakusgarri da. Azkenik, kontuan hartu behar da Cateau-Cambresis-en Frantziako eta Espainiako erregeek bake itun bat sinatu zutela baina Nafarroako auzia beste behin alboratua izan zela Nafarroako monarkiaren aldeko modu mesedegarri batean konpondu gabe. Cateau-Cambresis ituna sinatu eta gutxira Nafarroako errege-erreginek Pedro Albretekoa Felipe II.aren gortera bidali zuten euren eskubideen alde egiteko azken saiakera batean.
Beraz, harreman argia egon liteke botere katolikoek 1558an bizikidetza erlijiosoari amaiera emateko eginiko mehatxuen artean, Cateau-Cambresis akordioaren ondoren Nafarroa Garaia berreskuratzeko itxaropenei emandako kolpea (1559) eta publikoki protestantismora bihurtu zen dataren artean (1560). Joanak nafar estatuaren subiranotasuna zaintzeko erlijio-bizikidetza politikaren alde egitea ez zela baliagarria konturatu orduko, katolizismoari uko egin eta gero politika erlijioso berri bati ekiteko erabaki zuen lehenik eta behin.
Albretarrentzat Nafarroa Garaia berreskuratzeari buruz, Joanak bere Memorietan haren damua adierazi zuen Antoine Borboikoak Guise familia katoliko porrokatuarekin negoziatzen hasi zelako eta Felipe II.aren Frantziako aliatuekiko mespretxua erakutsi zuen, senarra engainatu baitzuten, ordain gisa Sardinia uhartea aginduz, espainiarrek konkistaturiko nafar lurraldeari uko egitearen ordez.
Beraz, lehen Gourdon gutunetik eta bere Mémoires-etatik ondorioztatzen denez, Joana III.a Albret bera zen Espainiak inbaditutako Nafarroaren auzia, hau da, Albretarren Erresumaren independentzia eta batasuna, tronura igo bezain laster bere jarduera politikoaren erdigunean jartzen ari zena. Ez al zitekeen hau izan Joanak kalbinismora aldatzeko izan zuen arrazoi nagusienetako bat?