Jexux Agirresarobe: «Garrantzitsua da ez ahaztea ikastola auzolanetik sortu zela»

jesux

“Usurbilgo ikastolaren sorrera” ikus-entzunezkoa egin dute Jexux Agirresarobek eta Aitziber Elortzak. Auzolana zer den ulertzeko dokumental oso argigarria da, bere garaian Luberri ikastola izan zena (hasierako ikastola horixe zen) martxan jartzeko prozesua kontatzen baitu. Garai hartan proiektuan buru-belarri aritu zirenak dira dokumentalaren protagonistak; auzolanaren eta indar kolektiboaren sekretuak lehen pertsonan eta hizkuntza oso garbian kontatzen dituzten guraso, irakasle eta ikasleak.

«Aitziberrek eta biok askotan aipatzen genuen gure artean jendeak ahaztu samar zeukala garai batean Usurbilen ikastola nola sortu zen. Eta iruditzen zaigu ez dela komeni hori ahaztea, oso garrantzitsua baita nondik gatozen jakitea», hasi da kontatzen Jexux Agirresarobe. Luberri ikastola herriko guraso kuadrilla batek jarri zuen martxan beren seme-alabek hezkuntza euskalduna eta bertakoa jaso zezaten. Apustu arriskutsua izan zen, dena kontra zutelako. Euskarazko irakaskuntza gauza berria zen, egiteko zegoena; traba ekonomikoak eta legearen aldekoak handiak ziren; ikastolek pedagogia erabat berritzailea zekarten, artean nolako emaitzak emango zituen ikusteko zegoena; ikuskatzaileak eta guardia zibilak edozein unetan agertzen ziren, eta isunak jartzen zituzten…

«Behar batek piztu zuen ikastolaren proiektua. Guraso haiek ikusten zuten zegoen eskola ez zela gure herriaren eskola, ez hizkuntzagatik ezta izaeragatik ere. Eta euskaldunok hain barruan daukagun auzolana jarri zuten martxan. Finean, auzolana beharrak asetzeko modu bat da. Guraso haiek behar larria sentitu zuten beren seme-alabak hezteko beraiek hezi ez zituzten moduan; euskaraz eta euskaldun bezala. Eta behar horri erantzuteko hasi ziren lanean».

Dokumentalak oso modu zuzenean jasotzen du auzolanaren esentzia. «Nik txikitan bizi izan dut hori guztia. Gu Landaberrin ibiliak gara –Luberriren ondorengo fasea– eta gogoratzen naiz nola joaten ginen asteburuetan gurasoekin ikastolara. Gurasoek lana egiten zuten, hau garbitu eta hura konpondu, eta gu jolasean ibiltzen ginen. Bagenekien gurasoek ahalegina egin zutela guk ikastola izan genezan, baina egia da testigantza hauek jaso ondoren askoz kontzienteago garela ahalegin horrekin».

Luberri ikastolaren proiektua dozenaren bat gurasok jarri zuten martxan. Garai hartan Usurbilen baziren eskola nazionala eta erlijiosoa eta herritar gehienek horietara bidaltzen zituzten seme-alabak. Ikastola gauza arraroa zen, berria, mesfidantza sortzen zuena, proiektu pedagogiko berritzailea zekarrena. Guraso haiek beren poltsikoetatik jarri zuten ikastolarako dirua eta, auzolanean, bakoitzak bere ahaleginetik, eraiki zuten orain hain indartsu dagoen proiektua. Gaur egun ikastola da Usurbilen kaskoan dagoen aukera bakarra. «Garrantzitsua da nabarmentzea ikastola diru pribatuarekin jarri zela martxan, baina herriarentzako. Hori baino gauza publikoagorik ez dago», jarraitu du Agirresarobek.

«Etxean bezala sentitzen ginen ikastolan»

Dokumentalak ederki jasotzen duenez, Luberri ikastola ez zen bakarrik euskarazko irakaskuntza eskaintzen zuen eskola, garai hartan indarrean zeuden pedagogia moduak hankaz gora jarri zituen proiektua ere bazen. «Ikastolako oroitzapen oso onak dauzkat nik. Nik gogoratzen dut eremu askea zela ikastola, etxean bezala sentitzen ginela. Lurrean esertzen ginen, marraztu egiten genuen, gure gauzak kontatzen genituen… etxean sumatzen nuen izaera eta ikastolan sumatzen nuena berdinak ziren, eroso ginen, gure eskola zela sentitzen genuen erabat. Egia da, gainera, gurasoak oso inplikatuta zeudela proiektuan, beti zebiltzala ikastolaren bueltan eta konplizitate giro handia zegoen».

Giro berezi hori arnasten da oraindik Luberri ikastolaren proiektua martxan jarri zutenen testigantzetan. Urteak joan dira, txikitasunean abiatu zuten proiektua asko indartu da, baina oraindik bizi-bizi dituzte garai haiek eta hunkitu egiten dira ordukoak gogoratzen dituztenean. «Oso hunkigarria izan da ikastolaren bultzatzaile izan zirenen testigantzak jasotzea. Egin zuten ahalegina oso bizirik daukate barruan, eta harro daude egin zutenaz. Dokumentala ikusi duen jende askok esan digu, era berean, hunkitu egin dela ikusterakoan».

Luberri ikastolaren berezitasun pedagogikoekin jarraituz, dokumentalak kontatzen du nola Zumetak Europatik ekarritako ideia berritzaile batzuen arabera antolatu zuten egurrezko jolastokia, «garai guztietako jolastoki kutunena», irakasleek esaten dutenez. «Nik gogoan daukat jolastoki hori; gogoratzen naiz hegazkin forma zeukan egur luze batean nola ibiltzen ginen jolasean. Baina, pentsa, guk ez genekien Zumetaren ideia izan zenik. Niretzat oso pozgarria izan da hori jakitea. Pentsa, Zumetak klaseak ematen zizkigun guri ikastolan! Zer-nolako luxua. Eta akordatzen naiz behin Xabier Lete etorri zela guri hitzaldi bat ematera. Ni txikia nintzen eta gizon bizardun hari begira-begira egon nintzen», gogoratu da Jexux.

Gaur egungo begiradatik ez da erraza irudikatzea garai hartan gurasoek zer-nolako ahalegina egin zuten. Argigarria da, esaterako, dokumentalean guraso batek nola kontatzen duen Guardia Zibilak 5.000 pezetako isuna jartzen ziela haurrak oinez ikastolara bakarrik zihoazela ikusten bazuten. Zain egoten omen ziren, nondik mina egingo.

Agirresarobek eta Elortzak egindako dokumentala eskuragarri dago Usurbilgo zenbait dendatan. «Herrian emanaldi bat egin genuen eta herritarrak oso hunkituta atera ziren bertatik. Eta denek nabarmendu zuten dokumentala zabaltzeko beharra. Auzolanaren eredu garbia da ikastolaren sorrerako hori, eta horregatik gustatuko litzaidake zabaltzea».

KMK 2015ekin piztu da auzolana Usurbilen, eta Agirresaroberen iritziz denon mesedetan litzateke behin jaia amaituta ere, auzolanaren arima bizirik mantentzen asmatzea. «Askotan esaten dugu euskara dela euskaldun egiten gaituena. Baina hori baino gehiago da. Euskaldunok beste kultura eta bizimodu desberdin bat izan dugu, Piriniotar Zuzenbidea esaten zaiona. Eta hori auzolanean eta kolektibitatean oinarrituta dago. Gu hortik gatoz eta ez genuke ahaztu behar»

GAUR8 NAIZ