1. Iberiar idazkeraren mugak eta gabeziak
Irulegi garaiko euskaldunek iberiar grafiaren gabeziaz eta mugaz kontzientzia hartu ote zuten? Baietz dirudi. Edonola ere, ez zuten bere hizkuntz beharretarako idazkera berria asmatu. Ezta iberiar grafia Euskerari behar hainbat egokitu ere. Hala ere, Irulegiko Eskuan, adituek esan digutenez, «t» eta «rr» hizki berriak azaltzen dira, beste iberiar idazkietan azaltzen ez direnak; ez dira, ordea, azaltzen gure hizkuntzako beste hainbat fonema ere. Esaterako, «x», -ts-», «-tx-» txistukariak. Ez «-tt-» palatal, ezta, gero ikusiko dugunez, «-h-» ere.
Erromatarrek gure hizkuntzako zenbait fonema espresatzeko arazoak izan zituzten. Ondorioz, gaur bertan ere, aipaturiko zenbait «txistukari» idazteko, bi hizkien beharra izaten dugu. Horrela, «otza», «otsoa», «etxea», «attona». Nere ustez, gure hizkuntz beharretarako, iberiar grafia mugatuegia izan zela iruditzen zait. Euskaldun zahar haiek, ez zuten, seguraski, aukera handirik izango idazkera berriak asmatzeko garaian. Atlantikoko eta Pirineoko bazter honetaraino heldu ote zitzaien Gerkerazko grafiaren notizia? Nere susmoa da errezenara jo zutela, eskura zuten idazkera hartu eta erabili: iberiar idazkera alegia.
Hemen, interpretazio lanerako, azken hiru esaldiak besterik ez ditut hartuko. Lehen esaldia, «otirrtan bezala publiko egin dena. Bigarrena, «ezeakarri» eta hirugarrena, gaur erraukon bezala plazaratu dutena.
2. Otirrtan: otzi irritan
Azkueren Hiztegiak dioenez, «otzi»-k «enterrar» esan nahi du; gaurko «ortzi» edo ehortzi-ren aldakaria litzateke. Mugica eta Retanaren hiztegiek Azkuerena errepikatzen dute. «t» hizkia, berriz, orain arte, Iberiar idazkeran azaldu ez den kontsonantea litzateke; gaur egun «tz» fonemaren baliokidea.
«rrtan» gelditzen zaigu. Orain arte «-r-» bakarra azaltzen zitzaigun; «R» leuna. Baten batek, ez zait gogoratzen zeinek, esan duenez, «rrtan» hori «irritan» bezela irakurri behar omen da. Posible da. Hala baldin bada, gaur egun, esaldi osoa zera litzateke: «ehortzi irritan». Gazteleratuta, «enterrar entre risas» esango genuke gaur. Antropologoek diotenez, zenbait kulturatan ehortzi lanak festa giroan egiten ziren eta esaldi hau kultura horren adierazlea izango litzateke.
3. Ezeakarri: hesi-a harri.
«H» asperenduna ez omen da azaltzen iberiar idazkietan, ez eta euskerazkoetan ere. Hemen mahairatzen dudan hipotesian, gaur adierazten dugun «hesi-a» ren ordez, Irulegiko eskuan «eze-a» azaltzen da. Honek esan nahi al du, hitz honetan bederen, gaur erabiltzen dugun «S» txistukariaren ordez, irulegitarrek «Z» txistukaria erabili zutela? Hori dirudi. Bi mila urteen zehar gertatu den eraldaketa, beraz, oso txikia litzateke.
Irulegin, ordea, badira ezusteko gehiago: «-a» atzizkiarena, adibidez. −a atzizkiaren eztabaida zaharra da. Oihenart ere, XVIIan., korapilatu zen eztabaida horretan. «-a» atzizkiari buruz izan den eztabaida gogorrena, ordea, Iruña-Veleiakoa izan da. Batzuen ustez, Euskarak −a atzizkia Erdi Aroan bereganatu zuen, artikulu gisan. Erdarazko «el, la, lo» adieraziko luke eta Latinetik letorke.
Duela dozenatxo bat urte, ordea, Veleian, arrasto arkeologikoen artean, «sua» hitza azaldu zen; baita lurra eta arraina ere. ←a atzizkia aitzaki hartu eta, zenbaiten aburuz, nahikoa izan zen Veleiako indusketak faltsuak zirela esateko eta «-a» atzizkiaren eztabaida zientifikoa epaiketara eramateko. Ondorioz, Iruña-Veleiako indusketak, orduarte Euskararen altxor arkeologiko handia zena, suntsitzen ari dira. Orain, berriz, «-a» atzizkia Irulegin azaldu da. Burdin Aroan idatzia, ordea, ez Erdi Aroan.
Irulegiko «karri» zaharra gaur «harri» bilakatu da. Ezeakarri-ren esanahia, erdaraz, muralla piedra bezala itzultzen dut. Kontuan hartu behar da, garai haietan, etxebizitzak hiriko hesiei itsatsita eraikitzen zituztela. Bestetik, hirietako hormak zuhaitz adarrez eta bustinaz egitetik, Burdin Aroan, harrizkoak egitera pasa ziren. Hortik esaera zaharra: «harresiak». Nere ustez, aldaketa historiko horren lekukoa da ezeakarri esaldia, «hesia harri» (harresia) esan nahi duena. «H»-rik ez baitzuten idazten, «H» ordez «K» idatzi zuten; ondorioz, karri. Mugicaren Hiztegiak erdarazko «muralla de piedra» «arresi» bezala euskaratzen du.
4. Erraukon: herri hau gon.
Iberiar alfabetoan «h»-rik ez zegoela esan dugu; ondorioz, irulegitarrek, gaurko «herri» ordez «erri» idazten zutela pentstzekoa da. Irulegin, gainera, badirudi hitzak laburtzen ikasiak zirela eta «erri»-ren ordez «er» idatzia azaltzen da. Gaur bertan ere, horixe egiten dugu. Laburketa horren lekuko azaltzen zaizkigu Er-nio, Her-nani, Er-goien, Her-gora, Er-gobia, er-beste, Herbehereak, ertzaina, etabar. Hara non, bada, Irulegin gaurko «herri»-ren ordez, «er» idatzi zuten.
Antzekoa esan beharko dugu Irulegiko «hau»-ri buruz. h kendu eta «au» gelditzen da eta «h» bietan kenduta, «herri hau» ordez, erau idatzi zutela uste dut. Azkenik, «err-au-kon»-i buruz beste zehaztasun bat. Oklusibak (b, d, g, p, t, k) nola ahoskatu? Ozen ala gor? Iberiar alfabetoan irakurketa biak dira onargarri; ingurumariak erabaki behar du, kasu bakoitzean, zer irakurketa den egokiena. Edozeinetara, gaurko gon eta kon esanahi bera dute: goi.
Irulegitarrek zer adierazi nahi izan zuten Herri Hau Gon (gora) oihukatuz? Beheko lurretan lekuratuta zegoen herri bera −ez kanpotik etorritako zeltiar batzuk− Burdin Aroan mendi gora igo zela bizitzera, harresi sendoagoak eginda?
Naiz